Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Euskararen txertaketa hirigintza tresnetan

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) bide egiten ari da. 2014ko “Lurraldea eta hizkuntza” lehendabiziko kongresuan (GFA, Kontseilua, UEMA, UEU) tresna horren beharra aldarrikatu ondoren, hirigintza proiektuen hizkuntza kalteak aldez aurretik aztertzeko, bi mugarri legal jazo dira jada: batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere proiektu eta planetan ELE aplikatzeko derrigortasuna arautu zuen 2014ko Euskara Planean, eta, bestetik, Udal Legeak EAEko hirigintza proiektu eta planen eragin linguistikoa ebaluatzeko derrigortasuna ere ezarri berri du.

ELEk hirigintza proiektuen eragin linguistikoak ahalik eta modu objektiboenean neurtzen ditu, gaika antolatutako (mugikortasuna, ekonomia, azpiegiturak, soziokultura eta demolinguistika) galdetegi zorrotz baten bidez. %50etik goragoko euskara indizearekin 3. eta 4. gune soziolinguistikoetan dauden udalerrien antolakuntza espazialerako ezinbesteko tresna prebentiboa da, hortaz. Udalerri euskaldunak bereziki hauskorrak direlako, azken 30 urteotako euskararen bilakaera negatiboak frogatu bezala: soilik EAEn hamazazpi arnasgunek 4. gune soziolinguistikoa utzi dute.

Euskal hiztunen kopuru osoaz gain, berebiziko garrantzia duelako euskaldunen dentsitateak, hots, hiztun kopuruak kilometro koadroko.

Ideia horretan oinarritzen da arnasgune geografikoen teoria. Begirada zertxobait altxatzean, gainera, berehala ikusten da arnasguneek multzoak ere osatzen dituztela haien artean, alegia, dentsitatearen kontzeptua ez dela soilik udalerri mailakoa; eskualde mailakoa ere badela. Eta, eskala horretan, dentsitatea bezain garrantzitsua da trinkotasuna, hots, arnasguneen jarraitutasuna, lurgune euskaldunen artean continuum bat osatzea.

Horregatik da hain funtsezkoa euskara lurralde antolakuntzako eta hirigintzako lege eta planetan ere txertatzea. Euskara espazialki ere babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko beharra dugulako, benetan suspertuko badugu. Beraz, euskara politiketan sakontzen jarraitzeaz gain, lurralde politiketan ere jardun beharko dugu. Horretarako, oraintxe bi aukera hobeezin dauzkagu EAEn, hilabeteotan bai 2006ko Lurzoruaren Legea bai 1997ko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak berritzen hasi baitira. Biek ala biek barne hartu beharko lukete ELEren beharra, tokiko komunitatearen garapen iraunkorra integralki (baita kulturalki ere) sustatuko badute.

Gidalerro berriek, halaber, arnasguneen berezitasunak ondo aztertu beharko lituzkete. 2016 honetan bertan onetsi den egoitza-kuantifikazioak udalerri txikietan bereziki etxe gehiago planifikatzea proposatzen baitu, arnasguneei kalte berezia eraginez, bertako merkatua «zurrunagoa» delakoan. Horregatik, berezitasun geografikoetan hobeto sakontzeko, Euskararen Lurralde Plan Sektorial bat ere garatu beharko litzateke berandu baino lehen, euskararen eta lurraldearen gaineko politikak erkidego osoaren eskalan egokiro pentsatzeko eta taxutzeko. Euskara babestea eta zabaltzea helburu. •