Maider Iantzi Goienetxe

Gazteen erdiak galdu ditugu

Bizkaian duela 30 urteko gazte kopuru erdia dagoela jakin dugu asteon. Hiru hamarkadotan 16 eta 29 urte bitarteko neska-mutilen %44 galdu ditugu. 200.000 gazte ere ez daude milioi bat biztanle baino gehiagoren artean. Horietatik %22,9, gainera, langabezian daude eta bizimodua ateratzera kanpora joatea aukera nagusietako bat da eurentzat. %56,3 gurasoekin bizi dira.

Araba eta Gipuzkoa barrenean hartzen baditugu, joera antzekoa dela ikusiko dugu: erdira jaitsi da EAEko gazte kopurua 2011 eta 2014 artean. 448.000 lagunetik 290.000ra, hain zuzen. Beldurgarria da langabezia tasa: %25,6koa. Gazte Kontseiluak, Gasteizko Legebiltzarrean politika eraginkorrak eskatzearekin batera, ohartarazi du langabezia tasa batez bestekoa baino hamar puntu handiagoa dela gazteen artean eta arrakala hori handituz doala urtez urte, behin-behineko kontratu kopurua bezala.

Cebek Bizkaiko patronalaren biltzarraren ekitaldian enpresak gazteei irekitzeko beharra aldarrikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Politikariak bat datoz datuak hagitz kezkagarriak direla erratean, belaunaldi berriak direlako etorkizuna. Baina, tamalez, bertze behin, hitz hutsetan gelditzen direla iruditzen zait. Gazteez solas egiten dute denbora osoan, baina gazteekin solas egin gabe. Zenbakiak ematen dira maiz hauen gibelean dauden bizitzez pentsatu gabe.

2025era begira jarrita, Euskal Herri osoko eskulanaren proiekzioa egin du Gaindegiak: urte horretara bitartean 215.100 langilek hartuko dute erretreta eta, behategiaren hipotesiaren arabera, 392.200 pertsona gehiago egonen dira lanerako. Beraz, 177.100 enplegu sortu beharko dira datorren hamarkadan. Hortik berrikuntzan eta ikerketan saiatzeko premia, lan eta bizi antolaketa aldatzeaz gain. Hemendik 30 urtera datuek gazterik ez dugula erran ez dezaten, okerrena dena, gu horretaz konturatu ere egin gabe. •