Iker Barandiaran

Hil aurretik, topa egin

Ez naiz ni heriotzaz trufa egitearen laguna, baina gogoan dut orain dela hamar urte sasoi berean hainbat lagun hil zitzaizkidala; eta, halako batean –gogoan dut une zehatza– bulegora lankide bat sartu eta “badakizue nor hil dan?” galdetu zuela airera. Segundo bateko estutasuna izan nuen, baina erantzuna entzuterakoan (“Leroy Johnson”), barne-barneko barre eztanda izan nuen. Izan ere, heriotza guztiek ez digute berdin eragiten, eta askorengatik ez digu gorputzak topa egiteko eskatzen. Princeren heriotzak, adibidez, ez dit ezertxo eragin, baina distantziatik zer pentsa eman didate Bowieren eta batez ere (Motörhead taldeko) Lemmy bidean gelditu izanak. Aldiz Stevie Wonder ez dakit bizi den ere, baina askori ez zaigu ahaztuko musikari itsuak alkohola eta gidatzea bereizteko egin zuen ahalegin publizitario hura: «Edanez gero, ez gidatu!».

Egun funtsezkoa edo erabat zentzuzkoa dirudien aholkua ez zen garai batean hainbeste betetzen. Onartu dezagun, oraindik ere alkoholak presentzia izugarria dauka gure gizartean eta zer esanik ez alderdi sozialari dagokionez. Duela gutxi entzun nion irratian euskal emakumezko aktore bati alkoholik edaten ez duela, eta behin baino gehiagotan jendea bere “ohitura” ezagututa harrituta gelditzen dela. Oraindik ere ez omen da ez edatea sozialki ohitura arrunta! Hara, aspalditik Euskal Herrian bizi den lagun atzerritar batek gurean hain sustraituta dauden sagardotegiak ezagutzen ez zituela ohartu nintzen orain gutxi. Kontua da lagun hau barazkijalea dela eta ez duela inoiz alkoholik edaten. Beraz...

Nik, ordea, alkoholdun edari gutxi ditut gustuko, baina nerabezarotik ez dut inoiz garai abstemiorik izan, nahiz eta autoa hartu behar izateagatik tamaina txikian edaten ohituta nagoen. Eta edan edaten badut ere, onartu beharra daukat gaur egun errazagoa dela alkohola ez edatea. Horretan zeresan handia dauka alkoholik gabeko garagardoa existitzeak. Bazen garai bat, askok bizi izan duguna, egunez zein gauez tabernetara irten eta luzaroan besterik edan nahi ez zutenentzat alternatibarik ez zegoena. Kas, kola edo mostoa edaten orduak egitea ez da plana!

Baina alkohola edan gabe egoteak testuinguru zehatzetan gauzen perspektiba desberdina ematen dizu eta batzuen ustez hori besteekiko atzean gelditzea bada ere, nik uste aurrean jarri eta guztiak begiratzeko bidea ematen dizula.

Adibide bat jarriko dut: ez dut inoiz ahaztuko orain dela hogei bat urte San Juan jai batzuetan Gaztetxeko tabernan lan egiteko txanda goizaldean hartu genuenekoa. Bezperan sukarra nuela-eta etxean gelditu nintzen eta iratzargailua fin-fin jarrita goizean goiz jaiki, gosaldu eta Gaztetxera jo nuen fresko-fresko. Begi horiekin ikusita hura zen fauna! Herriko eta kanpotik etorritako ehunka pertsona hil ala biziko egoeran, zein baino zein aztoratuago edo zimelduago. Eta ni barra atzealdetik haiei zerbitzatzen eta so. Ia eguerdira arte izan genuen taberna zabalik eta dozenaka pasarte gogoratzen ditut: diru gabe gelditu zirelako trukean urdaiazpiko hamarretako ederra eskaini ziguten bizkaitar xelebreak (gerora jakin genuen herriko harategi bateko erakusleihoa apurtuta lortu zutela urdaiazpikoa), beste batzuk lurrean ziplo gelditzen joan zirela... Brigada Criminal izena jarrita zuen txanda hartakoa kriminala izan zen alajaina, kar, kar... Are gehiago, askotan ez da erraza izaten halakoak bizi eta, gainera, detaile guztiekin kontatzeko moduan gogoratzea.

Alkoholak –beste elementu batzuek bezala– balio du desinhibitzen laguntzeko, barrenak askatzeko, baina hori gabe ere badago dibertitzerik, eta behar du egon. Horra hor, esaterako, inguruan ditudan lagun dezente aste barruan kontzertuetara joaterik nahi ez dutenak. Gutako askok bezala biharamunean lanera joan beharra dute, eta ezin dute kontzertu bat ikustea irudikatu alkohol ezer edo gutxi edanda. Beraientzat biak lotuta daude, eta bat egin ezean nahiago dute aukera hori erabat galtzea. Bada, bizitza egunez egun bizitzeagatik egin dezagun topa! •