Iratxe Urizar

Taupadaka

Ei Iratxe, begira zer ari garen pentsatzen antolatzea. Zer iruditzen, apuntatuko zara laguntzera?». Horrela izan nuen orain hilabete batzuk Mirentxin Gidarien ekimenaren berri. Aurrekontua? Zero. Ideia zoroa? Azken urteetan entzun dudan zoroenetarikoa. Kolokialki puntazo bat bezala ezagutzen dugun horietakoa. Eta, zalantzarik gabe, «bai, noski!» erantzun nuen.

Batzuetan gertatzen da zerbaitean buru-belarri sartzen garela inolako zalantzarik izan gabe, baina ez buruak horrela esaten duelako. Beste nonbaitetik dator grina eta zerbaiten parte izateko nahi geldiezina; tripetatik, bihotzetik hurbilago dagoena.

Eta proiektua abiatu eta forma hartzen hasi zen

Prozesu guztian zehar, Zea Mays taldeak Kukutzari eskainitako abestia buruan izan dut askotan; bilbotarra izanik bereziki, gu guztiontzako ereserki bihurtutako kanta eta letra. Zentzu logikotik harago proiektu batekiko atxikimendua ederki deskribatzen duelako. Logika guztien gainetik, oztopo guztien gainetik, proiektua osatzen duten bihotz taupadekin elikatzen dena. Mirentxin Gidariak proiektua bera ere horrela hasi zen. Pixkanaka. Behar bat ikusi eta pentsatu gabe soluziobide bat bilatu: dispertsioaren alde isilduena, senideek asteburuz asteburu gainditu beharreko lehenengo oztopoa: milaka kilometro egin behar ditut, nola egin, norekin lagunduta joan, dirua nola bildu, non atseden hartu… Horrela, modu praktikoan lagundu eta behintzat bidaiaren oztopo hori arintzeko asmoz pertsona batetik hasita boluntario sarea handitzen joan zen pixkanaka. Batzuk dispertsioaren kaltetu zuzenak (senideak edota aurretik preso egondakoak), beste asko arazoa hurbiletik bizi ez baina errealitate gordin horren aurrean zerbait egiteko prest eta modu anonimoan konpromisoa hartuta. Alokairuzko furgonetatik, furgona propioak izatera. Gidari sarea, mekaniko sarea, furgonetak txukun eta modu seguruan bidaiatzeko moduan zeudela ziurtatzen zutenen sarea. Kartzeletan zegoen behar handienaren diagnosia egin eta bidaiak antolatu.

Kanpoan ibilitakoei gertatu izan zaigu boluntario sare honen berri ematean ulertzea bera ere zaila egiten zitzaien lagun asko topatzea. Agian, buruarekin ulertu nahi zutelako, eta esan bezala, badaude gauza batzuk agian azalpen handirik gabe ulertzen direnak edo bestela guztiz ulergaitzak direnak. Beste nonbaitetik dator elkartasun guztiz eskuzabal hori norberaganatzeko gaitasuna.

Furgo Martxa iragartzen zuen prentsaurrekotik hasita (furgoneta bat aizkolari batek erditik moztuta, nola bestela? Hipsterrak batzuetan eta horrelakoak ere bagara beste batzuetan), non Arriaga antzoki paretik pasa ziren turistek ezin zuten begi bistan gertatzen ari zena sinetsi. Martxa Bilbo zeharkatzen (400 furgoneta, furgoneta bat preso bakoitzeko, kolektibo bat baina bakoitzaren tamaina, indibidualtasuna ederto marraztuz) eta Plaza biribilean istripu bat antzezten ari zirela (presoen senide eta lagunen etengabeko arriskua), begira zegoen neska gazte baten ezin ulertua; «no entiendo nada, hay un accidente y está todo el mundo aplaudiendo». Azalpena eman eta gero, bere harridura are handiagoa zen.

Argi dago horrelako ekimenekin ez dela dispertsioarekin bukatuko. Erabaki politikoa izanik, hortik dator baita berarekin bukatzeko bidea. Baina egindako iniziatibak salaketaz harago duen balio erantsia du. Elkarrekin, energia eta elkartasunez beteriko ekimen bateratua egin zen. Ospatu zen. Ilusionagarria, pozgarria eta esker onez betea, alde ezberdinetara zabaltzen zen esker ona: gidariei beraien laguntzagatik, senideei beraien duintasunagatik, antolatzen lagundu duten guztiei eguna posible egin zutelako, Larrabetzuko herriari euren etxea gogo onez uzteagatik. Giro ezin hobea, elkarrekin gauza handiak egiteko gai garela argi eta garbi erakutsiz. Zalantzarik gabe eta Aioraren hitzetan, txikitasunetik, handitasunera.

Entzun izan dut euskaldunok munduko zilborra garela uste dugula maiz. Argi dago ez garela munduko zilborra eta onartzen dut. Ados. Baina gurea bezalako herririk ez dago munduan. •