Prozesu politikoari dimentsioa emateko ordua
Ezker abertzalearen estrategia aldaketak egoera errotik aldatu zuela askotan entzun dugu urteotan, eta beste hainbestetan aldaketa hori une batetik aurrera geldialdian sartu dela, estatuek ezarritako oztopoen eta, aldi berean, estrategia berritu horri behar zuen garapena eman ez izanaren ondorioz. Gako bakarra ez baitzen ETAren borroka armatua amaitzea, egoera politiko berriak sortzeko ibilbide eraginkorra osatzea baizik. Borroka armatua albo batera uztea beharrezko baldintza zen, ezinbestekoa, baina ez nahikoa. Erabaki horrek, bere horretan, ez zuen apustu politikoa azken bururaino eramatea bermatzen, nahiz eta bistakoa zen aldaketa politikoak eta sozialak behar duen indar metaketa ez dela, fase historiko honetan, borroka armatuarekin bateragarria. Agertoki demokratikoa erdiesteko azkenengo etapak ezin direla tiroka egin ondorioztatu zen, Lizarra-Garaziko prozesuaz geroztik “KAS Alternatiba lortu arte –edo Alternatiba Demokratikoa, edo Anaitasuneko proposamena...– ez da borroka armatua amaituko” axioma auzitan jarri ostean.
Estatuak blokeoa ezarri zuen gatazkaren ondorioen konponbideak baldintza hobeagoak sortuko lituzkeelako ezkerreko independentismoarentzat. Hori ere maiz entzun dugu. Baina estatuek ez zutela batere lagunduko aurreikus zitekeen, egia bada ere PPren Gobernuaren jokabideak, halako gatazka bati behar bezalako amaiera emateko aukera baztertuz, harri eta zur utzi dituela hainbat nazioarteko eragile. Ezin da ahantzi Kolonbian ari diren bitartekariak Euskal Herrian aritu diren (ari diren) berberak direla.
Ez aurrera ez atzera geratu izanaren arrazoiak ezin dira estatuen jokabidera mugatu, blokeoari aurre egiteko ez baitira estrategiaren gako nagusiak –aldebakartasuna eta herri aktibazioa, besteak beste– behar beste astindu.
Azken hilabeteotan, aldiz, elementu berriak azaldu dira, akaso pultsu politikoa berrartzeko aukera eskaini dezaketenak. Pertsonalismoak alde batera utzita, Arnaldo Otegiri Katalunian egindako harrerak erakutsi du uste baino oinarri gehiago dagoela Euskal Herrian ere eztabaida eta ekinbide politikoa aberasteko, txikikeriak alde batera uztea lortzen bada. Merezi duenari garrantzia emanez. Harrigarria da zenbaitetan hemengo hedabideek non jartzen duten arreta.
Giro berri bat sor daiteke, baina aukera hori ez da kasualitatez etorri. Abian prozesuak, esaterako, ezker abertzalea birfundatzeko abiapuntua jarri du. Bazen garaia tradizio politiko horrek bere etorkizunari termino horietan begiratzeko. Arriskuak ere badaude, jakina, Abian prozesua ezerezean geratuko baita ondoren egin beharreko Sorturen Kongresuak benetako eraldaketa ekartzen ez badu, eta ezker abertzaleko gainerako eragileak ere fase politikoari behar bezala erantzuteko egokitzen ez badira. ETAk ezagutu berri den bere “Barne Komunikazio Orokorrean” dionez, ezker abertzalearen gaurkotze horrek bere erabakietan eragina izango du.
Ezker abertzaleaz harago, herri prozesuari itxura eman diezaioketen ariketak (herri kontsultak) hortxe ditugu. Beste eremu batzuetan ere aurrera begira jarri beharko lukete. Adibidez, sindikalgintzan nabaritu den nora ezak ezin du denbora luzez segi. Bizkar emanda aritzeak ekarri dituen egoera petralek zer pentsatu eman beharko liekete LAB eta ELA sindikatuei.
Gatazkaren ondorioen atalean ere elementu berriak azaldu dira, hala nola Auzitegi Nazionalean egondako azken irizpide aldaketak edota euskal preso politikoak etxeratzeko aldarria berpiztu izana, zenbaitetan premia larriz bada ere, Fresnesko egoerak gogorarazi digunez. Bakearen kontrako eragileek jakin badakite non estutu, zalantza eta frustrazio sentipena errotu dadin.
Euskal Herrian beste errealitate bat sortu nahi dutenek zenbait urtez pairatutako desorientazioa gainditzeko aukera dute, baina horretarako prozesu politikoari dimentsioa eman beharko diote. Edo bestela, kaskarkerian itota, hutsal bihurtu. •

