Sortzen elkarteak 25 urte bete ditu eta Hernaniko kaleetan ospatuko du bihar
Duela 25 urte sortu zen Sortzen Hernanin egindako bilera batean. Bihar Hernanira itzuliko dira urteurrena ospatzeko eta euskal eskola publiko berria aldarrikatzeko. Eskola euskalduna, autonomoa, kalitatezkoa eta doakoa. Halaber, Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propio bat defendatuko dute biharko festan.

Eskola euskalduna eta eleanitza. Autonomoa, pedagogian zein kudeaketan, langileen iraunkortasuna eta finkotasuna bermatzen dituena. Demokratikoa zinez, zeinean eskolako partaide guztiek –ikasleek, gurasoek eta langileek– aukera duten proiektuan eta kudeaketan eragiteko eta erabakiak hartzeko. Kalitatea ardatz duena, laikoa, hezkidetzan oinarritua, integratzailea; eta diskriminazio mota guztiak bazterturik, balioen hezkuntzan oinarritua. Doakoa benetan eta pedagogien berrikuntzan aitzindari. Hala da Sortzen elkarteak sortu nahi duen euskal eskola publiko berria, azken 25 urteetan defendatu eta aldarrikatu duen eskola, Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetako sare publikoko ikastolen eta ikastetxeen arteko elkarlana helburu duena.

Sortzenek mende laurdena bete du aurten hasierako erroak ahaztu gabe, eta lanean tinko jarraitzen du. Izan ere, Bego Bitorika elkarteko koordinatzaileak azaltzen duenez, Sortzen osatu zutenetik «gauza dezente egin ditugu». Euskaraz Mintza@ proiektua martxan jarri dute euskara ikas hizkuntza izateaz gain, bizi eta harreman hizkuntza izateko; eta Aixe taldea osatu dute begiraleen lan baldintzak eta formakuntza hobeto lantzeko. Eta Ikasle Euskaldun Eleaniztunak programa ere diseinatu dute euskara ikastetxeko eremutik harago zabaltzeko. Baina Sortzenen lana ez da bulegoetara, programak eta materialak osatzera, murriztu, askotan kalera atera baitira euskal eskola publikoa defendatzeko, D eredua Nafarroako udalerri guztietako eskoletan eskaini behar dela aldarrikatzeko, LOMCE legearen eta Lakuaren “Heziberri 2020” planaren aurka protesta egiteko eta elkartearen helburu nagusiak plazaratzeko. Eginbehar horien artean, egungo sakabanaketa administratiboak gainditu eta Euskal Herri osoan eragina izango duen elkartea bultzatzea dago, eta irakaskuntzako gainerako agenteekin batera Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propioa lortzea, «aurretik nahi dugun eredua guztion artean zehaztua».
Halaber, koordinazio eza eta helburu komunen sakabanaketa berezko ezaugarri dituen eskola publikoan, ikastetxeak biltzen dituen sektore guztien elkarlana ahalbidetzea, alegia, gurasoen, ikasleen, irakasleen eta gainontzeko langileen elkarlana sustatzea nahi du Sortzenek, «ikastetxeen autonomia ipar». Hori horrela, bultzatzen duten egitasmoa garatzeko beharrezko eskumenak lortzeko urratsak ematea defendatzen du Sortzenek.

Lau gune Hernanin barna
Helburuok defendatuko dituzte bihar ere, 25. urteurrena ospatzeko “EskolHarria, biharko herria” leloarekin antolatutako aldarri festan, Hernanin egingo dutena. Bertan jaio baitzen euskal eskola publikoren aldeko elkartea, egun Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 70 guraso elkarte eta eskola-kidek osatzen dutena.
Lau gune ezberdin egongo dira bihar Hernanin. EskolaHarria gunean tailer praktikoa antolatu dute; hala, Orioko curriculuma ezagutzeko aukera izango dute udaletxeko aretoan bildutakoek. Gudarien plazan orain arte egin diren curriculum proiektuen erakusketa ikusi ahalko dute herritarrek, sagardo dastatze eta pintxo ederrez lagunduta.
Bigarren gunea, Giltzarria izenekoa, Plaza Berrian kokatu dute. Bertan, hizkuntza proiektuen inguruko erakusteka bat egongo da ikusgai, eta tailer praktiko bat egingo dute Ikasle Euskaldun Eleaniztasunak proiektua ezagutarazteko. Antzerki ikuskizun bat ere eskainiko dute, eta, azkenik, Nafarroako zonalde «diskriminatuaren» gaineko informazioa banatuko dute.
Erkiaga pasealekuan jarriko dute Harrikoxkorrak izena duen gunea. Irrien Lagunen puzgarriak izango dira bertan, eta “Euskaren taupadak” ikuskizuna eskainiko dute. Ipuin kontaketa ere izango da Dobera euskara elkartearen eskutik, eta Harituz talderekin eskulanak egiteko aukera izango dute neska-mutilek. Gune horretan hezkidetza proiektuen gaineko erakusketa eta tonbola ere egongo dira.
Laugarren guneak Gazteharria izena du eta Hernani eta Astigarragako gazte asanbladek antolatu dute. Bertan ebaluazio sistemei buruz hitz egingo dute eta “Gazte txokoa” ere izango da. Halaber, gainontzeko guneetan bezala, azoka eta Sortzeneko Denda egongo dira nahi dutenek kamisetak edota “EskolHarria” diskoa erosteko. Horrez gain, Urumea bailarako gazteek proba ugari bilduko dituzten olinpiadak jokatuko dituzte.
Urte honen hasieran izandako prentsaurrekoan, Sortzeneko kideek biharko jaia elkartearen «erakustoki» izatea espero dutela nabarmendu zuten. «Bertaratutakoek aldarrikatzen dugun hezkuntza eraikitzeko bidean martxan diren hainbat proiektu eta esperientzia ezagutu eta partekatzeko unea izango dute», adierazi zuten. Horrez gain, Sortzen frantses eta espainiar estatuek inposatutako neurrien aurka gogor aritu dela gogoratu zuten: «Lege eta dekretuekin gure herriko berezko izaera suntsitu eta homogeneizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin izan dutenean, Euskal Herriak tresnak eraiki eta gure berezko hizkuntza, kultura eta ohiturak bizirauteko alternatibak sortzen jakin izan du, eta Sortzen beti hor izan da».
Eta etorkizunean ere tinko jarraituko du, Madrilgo Gobernuak inposatutako neurriei eta azterketei aurre egiten, eta euskararen sustapena bultzatzen. Lanean jarraituko du euskal eskola publiko berri bat sortzeko.

