Garazi Goia

«Zu ez zara beste ama guztiak bezalakoa»

Lehenengo aldiz zerbait ikustean sortzen dizun zirrara hori dela gehien balio duena esaten da askotan. Azalean dagoen argazkia edo diseinuaren erakargarritasuna, edo zenbat orrialde dituen dira agidanez jendeak liburu bat erosterakoan erabiltzen dituen irizpideak. Lagun batekin gai horretaz hitz egiten aritu eta egun gutxira gauza bera gertatu zitzaidan niri Katakrak liburu-dendatik jaso nuen promozio mezu batean. “Tú no eres como otras madres” zen liburuaren izenburua, eta segituan egin nuen klik esaldiak piztu zidan kuriositateak bultzatuta.

Inkonformismoa. Independentzia gogoa. Ezberdina izateko grina. Ohiz kanpoko bizitza bat. Horiek ziren Angelika Schrobsdorffen amaren ezaugarrietako batzuk. XX. mendeko 20ko hamarkadako Berlinen kokatzen da liburuko kontaketa. Askatasuna eta gizarteko arauak aldatzeko ametsa eta gogo bizia aldarrikatzen zituzten hainbat artistaren testuinguruan hain zuzen ere. Angelika Schrobsdorff idazle alemaniarra da autorea eta bere ama protagonista. Alabaren begietatik egindako iraganeko oroitzapenei buruzko kontaketa erreala eta zirraraz betea eskaintzen digu liburuak.

Berlineko burgesia zirkuluan, judu familia batean jaio zen Else Schrobsdorf, eta gaztetatik hiri hartako mugimendu bohemio eta aldarrikatzaileek erakarri zuten. Oso gaztea zela, promesa bat egin zuen: bizitzan ahalik eta gauza gehien egingo zituela eta maite zuen gizon bakoitzarekin haur bat edukiko zuela. Eta, egindako promesari leialtasunez, hiru seme-alaba izan zituen, bere bizitzan zehar maite izan zituen hiru gizonekin.

Liburuko pasarte batean protagonistak berak kontatzen digun bezala, «nire belaunaldiko emakumeen artean susmagarria nintzen, zerbait berria erakusten nion jendeari. Eta, aldi berean, norbait arraroa nintzen. Zalantzarik egin gabe gehiengoak jarraitzen zituen parametro haiek hautsi behar izan nituen, nolabait esatearren. Kemena eta indarra behar izan nituen, nik neuk definitutako arau berri haien pean bizitzeko. Inork ez ninduen lagundu: nire jarrerak onartzen zituztenek, pertsona bitxi bat nintzela uste zuten; eta beste guztiek zoro bat bezala ikusten ninduten.

Benetako bizipen bat kontatzeaz gain, garai jakin hartako testuinguru liluragarri eta asaldatutako hartara eramaten du idazleak irakurlea.

Kontatutako bizitzaren eta benetakoaren arteko aldea

Alaba baten begietatik kontatutako amaren bizitzaren eta benetakoaren artean zein desberdintasun ote dauden pentsatzen aritu naiz. Elsek berak idatzitako bere autobiografia batetik zenbat aldentzen ote den liburu hau.

Historian zehar aztarna utzi duten emakume askoren lanak irakurri ditut. Eta, emakumearen rola birsortzeko saiakera egin zuten hamaika emakume miresten ditut. Bizitzan beste oreka bat lortzeko borroka egin zuten haiek. Zoriontasun eza desafiatu zutenak. Atzera begiratzen haien bizitzako lorpenez harro zeuden emakumeak. Else Schrobsdorff horietako bat da.

Idazlea Alemaniako literaturan aski ezaguna izan arren, berak idatzitako hamar nobela eta bi ipuin bilduma ezezagunak zitzaizkidan. “Tú no eres como otras madres”, Errata Naturae argitaletxearen eskutik dator gaztelerara egindako itzulpen hau. Irène Némirovskren “Suite Frantsesa” lanarekin alderatzen zuten. Milioi bat ale baino gehiago saldu dira Alemanian eta beste hainbat hizkuntzatara itzulia izan da. •