Iraia Oiarzabal Mujika
Entrevista
Juan Jose Ibarretxe eta Javier Sotil

«Agenda globalean sartzeko bide bakarra dago: erantzun lokala ematea»

Parte hartzea, berdintasuna, identitatea... giza garapen iraunkorra definitzerakoan balia daitezkeen kontzeptuak dira. Ez dira berriak; bai, ordea, imajinario kolektiboan berritu beharrekoak.

Modan dagoen hitza da “garapena”, azkenengo urteetan han eta hemen erabiltzen dena. Krisiaren eraginez agian, ekonomiari lotu izan zaio bereziki. “Garapena-hazkundea” binomioa osatuz, berrikuntza eta etekina handitzea izan da indarrean den sistema ekonomikoaren oinarria, eta enpresa eta erakunde asko ere premisa horretan bueltaka dabiltza, atzeralditik irten nahian.

Baina bada garapenaz beste zentzu batean hitz egiten duenik, esanahia zabalduz eta arlo ekonomikoan duen garrantziaz harago, bizitzako arlo guztietara eraman beharra nabarmenduz. Hau da, nola garatu gure gizartea modu iraunkor batean?

Galdera horri erantzuten saiatu ziren joan den astean Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia eta Javier Sotil Mondragon Korporazioko presidentea, Agirre Lehendakari Centerrek Bergaran antolatutako hitzaldi batean. Erronka ez zen makala eta solasalditik erantzun batzuk eta galdera asko atera ziren. Baita ondorio argi bat ere: orain arte bultzatu den garapen ereduak jasangarritik oso gutxi duela. Ideia hori garatzeko Dalai Lamaren aipu ezagun bat baliatu zuen Ibarretxek, Mendebaldeko gizartearen aseezintasunari eta kontraesanei erreferentzia egiten diena. Hark dioenez, Mendebaldeko gizon eta emakumeek dirua irabazteko osasuna galtzen dute lehenengo; eta ondoren dirua galtzen dute osasuna berreskuratzeko. Testuinguru horretan, askonahiak jota eta etorkizunaz arduratuegi oraina pasatzen uzten dutela ere ohartarazten du lider tibetarrak. Gaur egungo gizartearen argazki nahiko egokia, lehendakari ohiaren aburuz.

Hausnarketa hori eginda, ideietatik praktikara pasatzeko kontuan hartu beharreko gutxiengoak marraztu zituen. Giza garapen iraunkorraren egikaritze prozesu horretan herria eta identitatea nahitaezko osagaitzat jotzen ditu Ibarretxek. Historikoki, Euskal Herrian pisu handia izan duten kontzeptuak dira hauek baina mundu globalizatuan sartzeko saiakeran, zenbaitetan lausotuta geratu direla sumatzen du. Bidea justu kontrakoa izan beharko litzatekeela uste du, ordea. «Orain arte zer ikasi dugu? Gizarte globalean bide bakarra dago agenda globalean sartzeko eta hori erantzun lokala ematea da. Euskal Herria gaur-gaurkoz ez dago agenda globalean», adierazi zuen. Argitu zuenez, horrek ez du esan nahi dena oker egin denik, bide orriari identitatearen ikuspegia falta izan zaiola baizik.

Eremu ekonomikotik berrikuntzaren beharra gailendu da eta horri beste kontzeptu bat gehituko lioke Ibarretxek, kulturarena, alegia. «Beharrezkoa da berrikuntza, ikerketa eta garapena bultzatzea, baina horri kultura gehituz. Progresismo antzua da euskal kultura baztertu eta unibertsalaren alde egitea. Guk gure kulturatik egin dezakegu ekarpena», azpimarratu zuen gibelean munduko mapa erraldoia zuela, puntu gorri txiki batez Euskal Herria nabarmenduz.

Datuak ere eman zituen eta horietatik ondorioztatu Ameriketako Estatu Batuetako eta Txinako kasuak salbu, herrialde berritzaileenak eta lehiakorrenak txikiak direla. Suitza, Finlandia eta Suedia jarri zituen adibide moduan, mugaren bat egotekotan, tamaina ez dela irudikatzeko. Baina puntu honetan bada kontuan hartu beharreko zerbait: burujabetzarena, alegia. Azken urteotan Ibarretxeren ibilbideari jarraipena eginda, agerikoa da erabakitzeko eskubidearen inguruan lanean dabilela, besteak beste, Gure Esku Dagoren hainbat ekimenetan parte hartu du. «Pertsonek eta herriek eskubidea daukate zer diren eta nora joan nahi duten erabakitzeko», azpimarratu zuen, munduan toki propioa egiteko ekinbide horretan Euskal Herriak bere bidea marraztu behar duela aldarrikatuz.

Pertsonekin, ez pertsonen gainetik

Puntu honetara iritsita, beste faktore erabakigarri bat aipatu zen solasaldian. Pertsonak dira arestian aipatutako guztiaren egile izan behar dutenak. Hots, komunitate bat osatzen duten pertsonen parte hartzerik gabe, elite baten agindupean gauzatzen den garapena hankamotz geldituko da lehendakari ohiaren ustez. Horren adibide argia dugu egun munduan sortutako ezberdintasun maila, diskurtsiboki lehenengo eta “hirugarren munduen” banaketarekin irudikatu dena. Pobretutako herrialdeek egoera lazgarrienak jasaten dituztela agerikoa den moduan, egia da ere herrialde garatuetan izugarri hazten ari dela sektore aberatsenen eta pobreenen arteko aldea. 2015eko datuei erreparatuta, munduan 62 pertsonak 3.600 milioi biztanlek daukaten aberastasun berdina zeukaten beren esku. Estatu espainolean, urte berean, biztanleen %1ek aberastasunaren %80 zuten.

Zentzu horretan, globalizazioak orain arte bultzatutako ereduak eta praktikak okerrak iruditzen zaizkio Ibarretxeri, arrazoi batengatik: ez ditu pertsonak errespetatzen. Hala egin beharko lukeen arren, argi ikusten du beste lehentasun batzuk mugitzen dutela, merkatuaren logikari estuki lotutakoak. «Gizartean dauden ezberdintasunak giza urraketa handia dira, neoliberalismoaren arazo handiena bihurtu dira», salatu zuen. Horregatik, gobernuek euren jarduna ulertzeko moduan trantsizio bat egin behar dutela deritzo. «Jendea gobernatzetik jendearekin gobernatzera pasatu behar da».

Eredu kooperatibistak arlo horretan duen esperientzia mahai gainean jartzera behartu zuen hitzartzearen atal honek. Kooperatibismoaren oinarrietako bi parte hartzea eta berdintasuna izaki, demokrazia parte hartzaile hori eremu guztietara eraman beharra defendatu zuen Ibarretxek. Azken urteotan, ordea, eztabaida handiak izan dira kooperatibismoaren funtsak, zehazkiago Mondragon Korporazioaren baitan, bere horretan jarraitzen duten ala ez argitu nahian. Ikuspuntu ezberdinak daude eta Euskal Herrian kooperatibismoaren pisu nagusia daraman Mondragon taldearen baitan izandako krisiak eragin zuzena izan du eztabaida horretan. Izan ere, Fagor Etxetresnak kooperatibaren erorketak galdera asko jarri zituen mahai gainean. Ereduak bizi izan zuen eraldaketaz, hazkundeaz, parte hartzeaz… Bistan da zauriak ez direla oraindik guztiz itxi, nahiz eta krisiari irtenbidea ematen asmatu duen taldeak, behinik behin lanpostua galdu zuten langile gehienentzako irtenbide bat bilatuz. Bada oraindik zer argitua, ordea, entzuleen artean zeuden erretiratutako langileek bere garaian enpresan jarritako diruaren inguruan galdetu zutenean ikusi zen moduan.

Gauzak horrela, laster presidente kargua utziko duen Sotili egokitu zitzaion kooperatibismoaz hausnartzea. Azkenaldian maiz agertu da publikoki gai horretaz hitz egiten eta hainbat ideia plazaratzeko helburua sumatzen zaio bere hitzaldietan. Ez du ukatzen gaizki hartutako erabakiak edo oker kudeatutako egoerak egon direla azken urteetan Mondragon taldeko kooperatiben baitan. Horrek ez dio balioa kentzen ereduari, bere ustez, eta akatsetatik ikasteko beharra aldarrikatzen du. Ibarretxek jorratutako ildo beretik, balioen garrantziaz aritu zen hasieratik. Hain zuzen, kooperatibismoan oinarrizkoa den kontzeptu hori azkenaldian higatuta ikusi ahal izan da. Esaterako, urteetan zehar kooperatibek bizitako zabalkundea kudeatzeko moduan galderak sortu dira eta proiektuaren jatorrizko zentzua galbidean jarri dela kritikatu izan zaio taldeari. Hau da, hasierako puntura itzuliz, proiektuaren garapena “giza” eta “iraunkor” kontzeptuak kontuan edukita egin ote den.

Gizartea aberastu

Aurrera begira, balioak sortu eta hauek banatu beharraz aritu zen Sotil. Aberastasuna sortu, baina ez soilik ekonomikoki, baita ezagutzan eta ideietan ere. Balio horien banaketa, berdintasunean oinarritzea da bigarren premisa. Hau da, gizarte aberatsa hobestea pertsona aberatsen gainetik. Eta planteamendu hori plazaratzean atzera begira jarri zen berriro, balioekin arazo orokor bat egon dela aitortuz. Erosotasunean erortzea, hurkoa begiratzeari uztea norberaren ongizatea bakarrik bilatzeko… Finean, sorreran ezinbesteko kareore izan zuen inplikazioa bidean nolabait galdu egin dela.

Gero eta gizarte indibidualistago batean bizi garela ohartarazi zuen Sotilek, eta horregatik parte hartzean eta berdintasunean oinarritutako banaketa defendatzen dituen proiektu batek zenbait printzipio berreskuratu edo, beharbada, indartu behar dituela uste du. Irakaspena, ordea, gizarteko eremu guztietara heda daiteke. Giza garapen iraunkor bat bilatu nahi baldin bada, bederen.

«Herri bezala, ezinbestekoa dugu garapen sustraituaren ideia ondo kokatzea»

«Zergatik planteatzen da giza garapen iraunkorraren kontzeptua bera?». Galdera horrekin abiatzen du bere azalpena Igor Ortega Lanki Mondragon Unibertsitateko ikertegiko kideak gaiaz solas egiten hasten garenean. Ibarretxe eta Sotilen hitzaldia igarota, gaian sakontzeko asmoz jarri da GAUR8 berekin harremanetan, eta, aditua ez dela ohartarazi digun arren, gako interesgarriak ematen ditu.

Arestian botatako galderari erantzunez, giza garapen iraunkorra azken hamarkadetan nagusi izan den garapen eredu «oso ekonomizista horretan» sumatutako hainbat gabeziaren ondorio dela aipatzen du Ortegak. «Bistakoa da garapen ekonomikoak berak ez duela bermatzen gizartearen ongizate orokorraren baldintza. Ikus daiteke, adibidez, barne produktu gordinaren adierazlearekin. Hainbat herrialdetan izan dezakezu barne produktu gordin altu bat, baina, era berean, gerta daiteke giza garapenaren ikuspegitik begiratuta egoera oso eskasak ematea bertan», azaldu du.

Hala, adierazle zabalagoak beharko liratekeela planteatzen du, helburua gizartearen ongizatean jartzen baldin bada behintzat. Hau da, garapen ekonomikoari dagokion garrantzia emanez, berau orekatzea da gakoa. «Giza garapen iraunkorraren kontzeptua, beste asko bezala, oso polisemikoa da. Interpretazio ezberdinak egin daitezke; batzuek erabiltzen dute egungo garapen ereduak beharrezko lukeen oreka dimentsioa indartzeko, baina zalantzan jarri gabe kapitalismoaren oinarria bera. Beste batzuek, aldiz, garapen eredua bere baitan eta osoki birpentsatu beharko litzatekeela defendatuko dute», dio, jarraian bere ikuspuntua azaleratzeko. «Nik uste dut egungo garapen ereduak agorpen zantzu handiak eman dituela. Inoiz baino gaitasun handiagoa daukagu gizarte bezala, baliabide produktibo aldetik, garapen teknologikoaren ikuspegitik, eta abar, baina egia da hori ez datorrela bat garapen sozialaren kontzeptuarekin», aipatu du.

Adibide moduan, egungo belaunaldi gazteek bizi duten egoera aipatu du. «Lehenago bazegoen etengabeko hazkunde sozialaren hipotesia eta gaur egun garapen teknologikoa bat dator inkluso erregresio sozialaren kontzeptuarekin. Prekarietatea, ezegonkortasuna.... Horrekin batera, ikusten ari gara garapen eredua bera arrisku globalen eragile handia dela: aldaketa klimatikoa, desafio ekologiko orokorra... Ezberdintasun sozial ikaragarrien eragile da». Hargatik ondorioztatzen du helburu gisa herrien, komunitateen eta pertsonen ongizatea jartzekotan kapitalismoaren logikan ematen ari den garapen eredua errotik birpentsatu beharra dagoela.

Horren aurrean galdera berriak sortzen dira: nola egiten dugu herri honen baliabideak gizartearen zerbitzura jartzeko? Erantzuna berak ematen du: pertsonak erdigunean jarriz. «Gaur egun kapitala bere kasa dabil eta pertsonak eta natur baliabideak instrumentalizatu egiten dira kapital metaketa lortzeko», salatu du. Era berean, dimentsio humanoarekin segituz, harreman sozialen nolakotasunari erreparatu dio, hauek norbanakoa hazteko balio behar dutela azpimarratzeko. Horretarako oinarri subjektiboak ere landu behar direla deritzo: autoestimua, autonomia, iniziatiba... Guztia herri ikuspegi batetik landuta. Izan ere, Ortegaren ustez, «ezinbestekoa dugu garapen sustraituaren ideia ondo kokatzea. Globalizazioaren garai honetan ikusten ari gara herri bezala ditugun baliabide produktiboak deslokalizatzen ari direla. Ekonomia errotu baten ideia behar da».

Praktikan, ordea, inertziak arazo bihurtu dira. «Baliabide produktiboak demokratizatzeko gizarte zibil oso indartsu baten ekimena behar da. Hori guztia estatuen ahalmenak mugatzen dituen globalizazio eredu batean», hausnartu du. Horrek bi logika indartzea dakar. Bere ustez, globalizazioarekin herri identitate edo komunitate logika hori lausotzen ari dela esan daiteke, indibidualizaziorako joera nabarmenarekin. Era berean horrek beste fenomeno bat eragiten du: komunitateak bere buruaren kontzientzia handiagoa hartzen ari dira. «Belaunaldi berrietan balio berriak ematen ari direla esango nuke: autoerrealizazioa, norberaren garapena, lana eta bizitzari bestelako zentzu sakonago bat ematea...».

Kooperatibismoaz galdetuta, Euskal Herriko ereduaz hausnarketa orokor bat egiten du, kasuan kasuko arazoak eta arrakastak egon direla kontuan izanda. «Kooperatibismoak XX. mendeko gatazka historikoari, lana eta kapitalaren artekoari, modu ezin hobean erantzun dio. Aberastasuna sortu, sustraitu eta bidezko modu batean banatzeko helburu horretan asmatu egin du. Kontua da, zein puntutaraino kooperatibismoari ere desafioen mapa berritu zaion. Planteatu beharko du bere baliabideak nola erabiliko dituen erronka berriei erantzuteko, jakinik eragiteko ahalmena mugatua dela, ezingo dutela nahi duten guztia egin», ondorioztatu du.

Dena dela, ikusmira zabalago batetik, kooperatibismotik eta ekonomia sozialetik abiatuta eta gizartearen inplikazioarekin edozein esparru eredu horren arabera antola daitekeela frogatu dela uste du. Hala, argi dauka giza garapen iraunkorra lortzeko, egiteko modu horiek beste eremu batzuetara zabaltzea lagungarria izan daitekeela. «Sentsazioa daukat Euskal Herria Europa mailako laborategia izan daitekeela, horretarako oinarri oso potenteak ditugu. Nahiko egitura produktibo kokatua daukagu, industria aurreratuan ari gara eta ekonomia sustraituago baten mentalitatea daukagu. Horrekin batera, iruditzen zait Euskal Herrian ere badirela gizarte zibil indartsu bat artikulatzeko eragile oso potenteak. Herrigintzaren logikatik mugitzen den esparru bat. Falta dena da hori guztia artikulatzea eta ikusgarriago egitea».