Beste tonu bat dabil, txispa eta fundamentu berri bat
Azken aspaldian, minkideekin hitz egiteko aukera dudan bakoitzean, ezker abertzalearen egoeraz galdetzen didatenean, itxaropentsu naizela aipatzen diet. Beste tonu bat sumatzen dudala, txispa emozional berria, fundamentu gehiago. Hasieran harridura aurpegiak sumatzen nituen, non ikusten ditudan hori baieztatzeko zantzuak galdetzen zidaten, erreala ez zen desira bat adierazten ari nintzela eta halakoak entzuten nituen. Badaramazkit aste batzuk, baina, «igual bai, «ba agian egia da», «ondo pentsatuta badaude datuak» eta antzerakoak jasotzen. Bai, ezkerreko herri abertzalean gogo-aldartea aldatzen ari da, kutsakor zabaltzen, indarrak sendotzen, bai. Ez garela gure ardura politiko eta historikotik aldendu, denbora bat hartu dugula guretzat, parentesi bat zabaldu eta itxi dugula gure krisi eta demontreek hala behartuta, eta hemen gaudela bueltan, arritmiko eta erritmiko, taup-taup bihotzak taupadatsu, beste pultsu batekin, bai.
Oso ederra da Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritan “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?” galderaren bueltan antolatu den behetik gorako dinamika herritarra. Ederra oso, isil-isil eta fin egindako lan mardularen emaitza, aurreikuspen guztiak gaindituz, Donostiako Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lotu zituen giza kate masiboa. Presoen gaia lantzerakoan beste fundamentu bat sumatzen da, protagonista berriak bide berri bat urratzeko ate joka ditugu eta bai, espektatibak handitu eta esperantza indartzeko motiboak badaude, bai. Liluratzen nau “Hobetzeko entzuten” EH Bilduren dinamikaren bueltan, milaka herritar, jatorri eta tradizio ezberdinetakoak askotan, Arnaldo Otegirekin batera artikulatzen ari diren elkarrizketa sozialak. Ideia indartsu, txupinazo intelektual osasungarri eta zapore herritar oso atsegina uzten ari dira. Ipar Euskal Herriko anai-arrebek elkargo bakarraren inguruan taxutu duten ildoak ikaragarrizko balioa du, sekulakoa, gure mapa eta izatea indartuko dituen mugarria delako. Nafarroan ere, nahi baino astiroago baina etsaiek nahiko luketena baino azkarrago ari da aldaketa sustraitzen. Oro har, etorkizun berri bat eraikitzen hasiak gara, bai.
Egia da, oraindik ere, marmarrak, bataila guztiez azken bataila egiteko joera etxekalte horrek, txikikeriak lehen planoko kontraesan egiteko tentazioak edota txiki-munduen parrokianismo eta lobby funtzionamenduak eragina badutela. Gero eta txikiagoa, halere, formetan erradikaltasun asko baina muinean indarra eskas, ez direlako, ez, betiko garai onenak beraientzat ere.
Izan ere, nork bere muga mental eta politikoak urratu eta jendea hartzaile eta berme bakar hartuta, lana biderkatzeko garaia dugu honakoa. Errealitatearen printzipioa onartuz, urruti-urruti amets egitekoa, ez lau eslogan hartu eta hitz potolo batzuk gogor-gogor eginda, gustatuko litzaigukeen errealitatea irudikatu eta bertan gozo egotekoa. (Bide)lagun berriak egiteko ordua da, boto berriak biltzekoa, “konektin pipol” printzipioa lehenestekoa, oinarri herritar bat duen independentismoa indartzekoa. Eta hori, jaso dugun herentziatik abiatuta egin behar da, amortizatzen ez utziz, hura errentabilizatuz. Kontraesan printzipal eta sekundarioen inguruko eskola zaharreko irakaspenak zainduz, sektorialak diren kontu orotatik printzipioak egiteke. Umiltasunez, talentuarekin, lana, lana eta lana, forma hartzen ari diren aukera berrien potentzialtasun osoak aprobetxatzeko.
Hartara, ezker abertzalearen birsortzea bultzatu egin behar da, sakon eta serio. Eta hori lortzeko, oso inportantea izango da jakitea gure izatean, gure DNA politikoan, azken hamarkadotako genealogia politikoan eskuragarri ditugula erantzun asko eta asko. Cromlechera bildu beharko dugu hortaz, izan garenaz eta izan nahi dugunaz natural mintzatu, eta, erabakitzen denari, beti leial. Berreraiki behar diren egiturak berreraikiz, indar erlazio berriak behartuz, maniobrarako espazioak sortuz, zentzuz jokatuz. Anbizioz eta konbentzimendu osoz. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
