Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
Kazetaria eta ikertzailea

#EmakundeNoNosCunde

Twitterren (@albistetan) #EmakundeNoNosCunde traola abiatu dut, lagun batek asmatu duen leloarekin, Emakunderi idazteaz nekatu naizelako, inoiz erantzun ez didalako. Emakunde 1981ean sortu zen Emakumearen Euskal Institutua da. Azkenengo lau urteotan hamabost bider idatzi diot (@emakundEJGV):

• Espainiako Gobernuak Paul Abasolo Amantegi erasotzaile sexualari indultua ematean, “Deia”-k «Paul Abasolo vuelve a sonreír» azaldu eta albistea webgunetik ezabatu zuenean (2012/01/22).

• “El Correo”-k bortxaketaren apologia egin zuenean: «‘Yo decía no, no, no... y pedía ayuda’: El acusado y la joven, ambos de Barakaldo, habían coincidido de fiesta en Noja, donde mantuvieron una relación que él dice que fue consentida y la chica lo niega» (2013/02/19).

• “El Correo”-k sexu erasoak jaietako ekitaldiekin parekatu zituenean: «Topless en San Fermín: La actitud deshinibida de varias chicas sin camiseta durante el inicio de fiestas de San Fermín ha enfurecido y complacido a partes iguales» (2013/07/16).

• “El Correo”-k erasoaren biktimaren helbidea argitaratu zuenean: «El estremecedor suceso se produjo en el domicilio de la víctima, ubicado en el barrio [nik ezabatuta] del barrio getxotarra de Algorta» (2014/04/24).

• Sarean eta mezu pribatuetan mehatxuak jaso ditudanean, emakumeen aurkako erasoak salatzeagatik (2016/03/10).

Emakundek, baina, ez dit behin ere erantzun. Are okerrago, ez du inoiz aipatutako eskubide urraketetan eskurik hartu. Aldi berean, Emakundek hedabideen jarduerari erreparatzen dioten auto-albisteak ematen jarraitzen du: «Medio centenar de medios de comunicación y agencias de publicidad de Euskadi se comprometen con un código deontológico de comunicación y publicidad no sexista» (Emakunde, 2016/02/29).

Albiste hori Martxoaren 8aren inguruan argitaratu zen, hedabideen jarduera sexista zuritzeko. Martxotik hona hedabide horiek albistegintza matxistari ekin diote, Emakundek jarduera hori gaitzetsi barik eta ezelango zigorrik ipini gabe:

• Hedabideek sexu erasoak zalantzan ipini dituzte eta emakumeok salatzen ditugun erasoak gezurrezkoak izan daitezkeela aditzera eman dute: «Dos detenidos en San Juan acusados de una presunta agresión sexual» (“Diario de Noticias”, 2016/05/15).

• Euskal Telebistako aurkezleak zutik lan egitera behartu dituzte, pantailara buelta eman dezaten, ikusleek ipurdia ikusteko. Gizonezkoek jesarrita ematen dituzte albisteak.

Emakundek behin bakarrik erreakzionatu du, gaztelera hutsez, eta EAEtik kanpoko hedabide baten albisteari lotura eginez: «Ningún medio acude a la rueda de prensa del Athletic femenino, líder de la Liga» (Lainformacion.com, 2016/05/27). Martxoaren 8an kode deontologikoa sinatu zuten hedabideetako bat ere ez zen bertaratu, baina sinatutakoak ez zien zigorrik ekarri.

Gainera, San Mames Berria zelaiko pantailan burdelen («bortxalekuak», «violaderos») publizitatea egin du Athleticek, Ertzaintzaren Sipe sindikatuaren “Ertzaingoak” aldizkarian gertatu gisa: «Cinco prostíbulos vascos se anuncian en la revista interna del sindicato de la Ertzaintza Sipe» (“El Mundo”, 2015/11/16).

Emakunderen kode deontologiko hori sinatu duten hiru hedabidek (“El Correo”, “Deia” eta “El Diario Vasco”) emakumeen prostituziotik dirua jasotzen jarraitzen dute. Sinatutakoak ez du hori zigortu, ezta gaitzetsi ere. “El Diario Vasco”-k egunero ateratzen dituen 70 iragarkiek emakumeen aurkako indarkeria agertzen badute ere:

• «Orientales: Nueva apertura, 3 preciosas mujeres, masaje oriental, todos los servicios, francés natural, ven a visitarnos, renovación constante de mujeres. 24 horas».

• «Económico: Madurita. Masaje relajante. Anal. Algo más. 30 euros».

Emakumeon osasuna arriskuan ere ipintzen dute: «Sesentona: Rubia. 130 pecho. Francés tragado. Griego. Beso negro». (“El Diario Vasco”, 2016/05/31).

Eusko Jaurlaritzak diru publikoarekin indarkeria hori babesten du, hedabide horietan publizitate ofiziala ipiniz. Gainera, diru publikoarekin ordaintzen duen Emakunde erakundeak hedabideon jarduera sexista zuritzen du. Gure diru publikoarekin Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek gure aurkako indarkeria finantzatzen dute. •