Ezberdintasunen kudeaketa
Uztailean hauteskunde garrantzitsuak ospatuko dira Uruguain, Frente Amplio ezkerreko mugimendu politikoaren barne hauteskundeak. Uruguaiko fronte zabalak bere lehendakaria eta departamentuetako lehendakariak aukeratuko ditu uztailaren 24an, besteak beste. Eta hauteskunde prozesu horren detaile batzuk azaldu nahi nituzke, frontearen izaeraren ezaugarri interesgarri batzuk azpimarratzeari begira. Lau hautagai aurkeztu dira Frente Amplioko lehendakari izatera eta horietako bakoitza alderdi politiko ezberdin batetik dator, frontearen baitan elkar bizi eta lan egiten duten alderdiak guztiak ere. Urteetan Frente Amplioko kide izateak ez ditu alderdi ezberdinon agenda eta helburu politikoak bateratu, norberak bere izaera, egitura, kide, diskurtso, taktika eta estrategia propioak mantentzen ditu garatzen dituen kanpo zein barne politiketan. Horrek frontea ahuldu beharrean indartu egiten du.
Frontea akordio programatikoen arabera osatzen doa bere lan ildoa, berau osatzen duten alderdiak eta militanteak doaz ildo hori zehazten; prozesu iraunkorra da. Kontuan izan behar da Frente Amplio alderdien koalizioa eta mugimendu politikoa dela aldi berean. Dozenaka alderdik eta milaka militantek osatzen dute, eta hori guztia behar bezala eta modu ordenatuan aurrera eramateko barne araudi argia dauka fronteak. Baina barne araudien gainetik alderdien, kolektibo ezberdinen borondatea azpimarratuko nuke, hori baita frontea baturik mantentzen duen arrazoi nagusia. Ezkerrak historikoki zatiketarako duen joeraren gainetik, Uruguaiko adibideak erakusten digu ezberdinen arteko batuketa posible dela, eta batuketa horrek onurak ekartzen dizkiola norberari (alderdiei) zein kolektiboari (fronteari), eta bereziki herriari (Uruguairi).
Frontearen akordioetatik kanpo geratzen den esparru zabalaren kudeaketari jarri nahi diot garrantzia gaurko artikuluan. Ezberdintasunaren garrantzia. Frontearen bertute nagusiak azpimarratzen ditugun gehienetan akordio programatiko adostu hori aipatzen dugu, eta egia da, kristorena da horrenbeste alderdi diferente ados jartzea, elkarrekin horrenbeste urtez lan egitea, are gehiago gobernuan hirugarren aldiz jarraian egotea lortu dutenean. Ez ditut antzeko kasu asko ezagutzen. Baina ibilbide komun horren garapenerako oso garrantzitsua izan da eta da alderdi bakoitzaren ildo propioaren garapena. Hori da, nire ustez, Frente Amplio ezkerreko mugimenduaren beste bertute handi bat, frontea osatzen duten alderdiek ildo propioa garatzen jarraitzen dutela, frontearen ildotik ezberdina eta gainontzeko alderdietatik oso ezberdina. Horrek barne lehiaketa etengabea bultzatzen du, eta tentsio ugari piztu ere bai; frontearen barnean konfrontazioa etengabea da, baina ez dut oraindik dualtasun horren kontra dagoen militanterik ezagutu. Sektore ezberdinen barne kohesioa errazten du, eta frontearen aldeko babes herritarra zabaldu eta areagotu. Zergatik? Frontearen alde bozkatzen edo militatzen duzunean bi ikuspegi ezberdinetatik egiten duzulako. Zure alderdiaren, mugimendu politikoaren ikuspegiak eta helburuak indartu eta defendatzeko batetik, eta, bestetik, frontearen beraren ikuspegi eta helburu diferente horiek indartu eta defendatzeko.
Alderdi Komunistako militante bat bere alderdiaren unibertsotik iristen da frontera, baina bide horretan komunista izaten jarraitzen du. Fronteak daukan bertutea da komunista horri komunista izaten jarraitzen uzten diola, fronteko kide den aldi berean. Eta berdin-berdin gertatzen da fronteko kristau-demokratekin, sozialdemokratekin edo gainontzekoekin. Homogenizazioak ez du ezer onik ekartzen, eta hori da nire ustez Uruguaiko Frente Amplio eredugarriaren ibilbidea azaldu eta ulertzeko klabe nagusietako bat. •



