joseangel.oria@gaur8.info
FRANTSES ESTATUA

Plazetan zein agintarien jauregietan «ez gara gehiago isilduko» diote emakumeek

Emakumezkoa izanez gero, agintearen jauregietako korridoreak kale ilunak bezain arriskutsuak direla jakinarazi digute agintari izatera iritsitako zenbait emakumek. Arazoak ez du zerikusirik joera politikoarekin, azken asteotan agerian geratu denez kolore guztietakoak baitira, aukera izanez gero, emakumeak iraintzen ibiltzen direnak.

Benetako demokraziaren aldeko mugimenduaren loraldia martxoaren bukaeran hasi zen frantses Estatuko hainbat plazatan, eta azkenean agintearen jauregietara ere ailegatu dela pentsa daiteke, ministro kargura iritsitako hamazazpi emakumek frantses politikarien aldetik jasandako jazarpen sexuala salatu baitute: urte askotako isiltasuna eta etsipena alde batera utzi eta jasan behar izan duten egoera salatzera ausartu dira, agian plazetan ikusten zutena ikusi ondoren.

Nuit Debout izeneko mugimendua martxoaren 31n abiatu zen, Hollanderen Gobernuaren lan erreformaren kontrako manifestazio baten ondoren parte hartzaileak Errepublikaren Plazan bildu zirenean. Eta gizarteko gainerako lekuetan gertatzen den moduan, bertan esku hartzen ari diren emakume batzuek Feminismoen Batzordea osatzea erabaki zuten, gizonak nagusi diren esparruan bestela bigarren mailako herritar moduan geratzeko arriskua ikusten zutelako. Orain bost urte Madrilen sortu zen 15M (maiatzaren 15a) mugimenduak zabaldutako bidetik ari dira aurrera egiten frantses Estatuko makina bat plazatan elkartutako herritarrak ere. Espainolek bezala, oso haserre egoteko arrazoi ugari dituzte frantsesek ere.

Lucia Muñozek Nuit Debout mugimenduan esku hartzen ari diren emakume batzuen hausnarketak jaso ditu Pikaramagazine.com webgunean argitara emandako testu baikor batean. «Plazako giro erreibindikatzaileak eragin du emakumeek bat egin dezaten, bost puntu garrantzitsu defenditzeko. Lehen helburua da hitz eta jarduera sexistak saihestea», esplikatu du egileak.

Mathylde izeneko emakumeak Feminismoen Batzordean esku hartzen du. Honela jaso ditu bere hitzak Muñozek: «Batzarraren momentu batzuetan neska asko irainduta sentitzen gara, bigarren planoan baikaude. Aurrena beraiek dira, gizonak, eta gero gure gaiak. Feminismoa garrantzitsua da gizartea hezteko, azkenean genero berdintasuna lortu ahal izateko. Hori da feminista izatea». Batzordeak egin dituen kalkuluen arabera, batzarretan esku hartzen dutenen %70etik gora gizonak dira.

Errepublikaren Plazan elkartutako feministek behar-beharrezkotzat jo dute gizonik gabeko batzarrak egitea, emakume guztiek askatasun osoz hitz egiteko aukera izan dezaten. Hori bai, bilera mistoak ere antolatzen dituzte. Eta hitz edo jarduera sexistaren bat ikusiz gero, bi eskuak jasotzen dituzte bagina ordezkatuz, plazan daudenak kontura daitezen salatzeko moduko zerbait gertatu dela.

Erreforma eta emakumea

Jakina, lan erreforma ere aztertu dute. Garbi daukate erreforma horrek desberdintasunak areagotzea besterik ez duela eragingo, eta emakume asko etxean geratzera beharko dituela.

Agintarien artean bizi diren emakumeen egoera hobea dela pentsa daiteke, baina Denis Baupin diputatu ekologistak Frantziako Nazio Biltzarreko presidente kargua utzi behar izan duenetik, jauregietan ere emakumea bigarren mailako herritartzat hartzen duten gizonezko asko daudela konturatu gara. Bortxaketa ahaleginak, indarkeria matxista, jazarpen sexuala eta bazterketa lan munduan. Hauteskundeetan aukeratu dituzten emakumeek ere eraso horiek egunero jasaten dituztela jakin dugu, eta orain arte isiltasuna nagusitu izan dela beti. Baina beldurra barrikadaren beste aldera pasatzen hasia dela diote feministek, eta horri esker ministro kargura ailegatutako hamazazpi emakumek –joera politiko ezberdinetakoak– erabaki dute ez direla gehiago isilduko. Elen Debost Manseko Udaleko alkateordea da horietako bat. Sarean esplikatu du Baupinek alderdian duen posizioari esker kalte handia egiteko gaitasuna duela. Debosti orain ia bost urte deitu zion ustezko ekologistak, alderdi barruko bozketa batean babesa emateko eskatzeko. Horrela egin zuen emakumeak, hortik aurrera SMS bidezko jazarpen sexualaren biktima izango zela imajinatu ere egin gabe. Ez zuen orduan ezer salatu. Baina aurtengo martxoaren 11n barruak erabat mugituko zizkion irudia ikusi zuen alkateordeak: Baupin bera eta beste zazpi diputatu, gizonak guztiak, ezpainak margotuta ageri ziren, emakumeen eskubideekin bat egiteko: «Gizon horien artean Denis Baupin ikusi nuenean, botaka egin nuen». Ez da harritzekoa: bera sufriarazten zuen gizona, kanpaina ofizial batean eredu bihurtuta.

Roselyne Bachelot eskuineko zenbait gobernutako ministro izan zen Chiracen garaian. Argitaratu berri den elkarrizketa batean argi esan du: «sexismoa da alderdi politikoek gehien partekatzen duten gauza».

Isiltasunaren legea

Aurore Berge Les Republicains eskuineko alderdiko diputatuak sare sozial batean esplikatu du zergatik azkenean erabaki duen jasan behar izan duen jazarpena salatzea: «Diputatu batek esan du ni ikustean tentetu egiten zaiola. Lizuna da, baldarra eta zakarra. Patetikoa. Nire aita izateko moduko adina dauka-eta! Hori gertatzen zaizunean ez dakizu zer egin. Masailekoa eman, agian? Jende guztia zuri begira jarriko litzateke. Barre egin, bestela? Argi dago ez nagoela politikarako egina».

Sarean argitaratu diren analisi batzuen arabera, gizonezko agintari askoren jarrera hori inpunitatearen ondorio da. Eta inpunitateak, zigorgabetasunak, bazter guztietan hedatu den isiltasunaren legearekin du zerikusia. Denis Baupinen kasuan oso garbi ikusi da hori, Decryptnewsonline.com blogean esplikatu dutenez.

Emmanuelle Cosse egungo Etxebizitza ministroa da Baupinen emaztea. Bera zen Europe Ecologie-Les Verts alderdiko burua, senarra beste alderdikideak iraintzen ari zen garaian. Alderdiko kontseilu federal batean Baupinen gaia aipatu zutenean, Cosse igo zen tribunara kontu horri buruzko eztabaidari amaiera emateko exijitzeko: «Eztabaida horrekin jarraitzea debekatu dut. Gai hau beste leku batean eta beste baldintza batzuetan konponduko dugu».