Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Postal itxi, txiki, txoko honetan gure lekuaren bila

Eta iritsi da ekaina, bere eguzkitako krema usainekin, bere galtza laburrekin, bere sandaliekin; eta ekainarekin batera iritsiko da uda eta postal batek irentsiko gaitu, honek esate baterako, tolesturarik gabeko, ahotsik gabeko postal honek; Victoria Eugenia eta Maria Kristina eta Kursaala atzean eta farolen argia ilunabarretan eta Urumea eta Kantauri elkar janez, elkar laztanduz, eta kaioak kantari, autobus gorri estali gabeak eta mapa artean galdutako begiak eta wonderful eta jolie eta maravilloso eta gauza bera esaten duten izenondo gehiago ertzik gabeko postal honetan; eta saiatuko zara zure burua kokatzen, antzerki honetan zure papera zein ote den asmatzen, eta arrotz sentituko duzu zure burua, lekuz kanpo egunero ibiltzen zaren kaleetan barrena, eta zalantzan jarriko dituzu “zure” eta “herri” hitzak, eta zure buruari galdetuko diozu eta urteko gainerako egunetan ere benetakoa ote zaren, benetan zauden errotua edo antzerkia urteko gainerako egunak diren, eta zure burua ikusiko duzu lagunartean edo oholtzan edo bertso-eskolan kantuan, eta «no os entiendo pero me gusta lo que cantáis» hori; zenbatek esan dizuten zabaldu egin beharko zenukeela, beti hain txiki, hain txoko, hain ito den mundu horretatik zabaldu, hizkuntza zahar horretatik atera; iritsi egin behar duzula, ahaztuta, agian, ez dela hizkuntza iristen ez dena, zu baizik; ez dela hizkuntza mugatuta dagoena, zu baizik; eta esateko gogoa etortzen zaizu ez duzula euskaraz kantatzen, euskaratik kantatzen duzula; hizkuntzatik abiatzen zarela, hitzek atzean daramaten karga horretatik, hitz bakoitzak ezkutatzen dituen usain, sentsazio eta kolore horietatik eta zu zarela esan nahi duzuna esatera iristen ez zarena, batzuetan zuk nahi duzuna diotela hitzek eta, besteetan, zu zarela hitzek nahi dutena esaten duzuna baina postalek ez dute ahotsik, ez dute ertzik eta ez dute zalantzarik egiten; pintxoaren aldamenean jarriko zaituzte, txapela eta abarkekin ahal bada, eta aizkora batekin enbor baten gainean bada hobe; argazki bat zara ekainekoak ez diren egunetan ere, tokiko topiko, eta topiko ez zarenean ez zara existituko zure hizkuntzan ari ez direnentzat; ez diozu inori trabarik egingo; polita da hitz egiten ari zaren hizkuntza hori baina gauza garrantzitsuak ez dira hizkuntza horretan esaten, nola bada?, itxia da, txikia da, txokoa da, zaharra da, ideologizatua dago, batzuena da, hiztegia falta zaio, indarrik ez du; nahiz eta hizkuntza bat ezin den itxia izan, ezin den txikia izan, ezin den ideologizatuta egon, ezin den inorena izan, ezin zaion hiztegirik falta eta ezin den zaharra izan, erabiltzen dudan aldiro berritzen dudalako, sortzen dudalako; baina postalari horrek ez dio axola, postalak geldirik egoteko dira, galderarik ez egiteko; paisaiaren hizkuntzaz ari dira baina ez hizkuntzaren paisaiaz, eta ederra dago itsasoa, ederra dago Urumea ertza haize fin honekin, eta batzuetan etsi egin beharko zenukeela ere pentsatu izan duzu, ibaira jauzi egin eta korronteari jarraitu, baina ze hizkuntzatan ari da hizkuntzarik ez duen hori?; mundu bitxia da postalaren marko estuen arteko hau; irekitasuna hizkuntza bakarra ezagutzea da hemen, euskaraz dakienak gutxienez bi hizkuntza dakizkien arren itxia da, txokokeriatan dabil; eta hemen ari gara, hizkuntza batean esandakoa etengabe bestera itzuliz, hain kosmopolita, hain zabala omen den argazki honetan tolesduraren bat sortze aldera, Zurriola aldera begiratu eta haize aldaketen mende bageunde bezala, orain iparra orain hegoa, orain euskara orain gaztelera, hizkuntza batetik bestera aldatzea neguko botetatik sandalietara pasatzea balitz bezala, gure galtzerdi zulatuak ezin disimulatuta, bere buruaz lotsatzen den postal itxi, txiki, txoko honetan gure lekua aurkitu nahian. •