Proiektua, justizia, kemena
Zerbait subjektiboa baldin bada, ilusioa da. Baldintza objektibo txarrenean ilusioa senti daiteke. Gehiago esan daiteke. Abiapuntu kaskarretik abiatzen direnak ilusionatuago egoten dira irabazle ateratzen direnak baino, gehiago dutelako irabazteko. Daukazunari eusteak nekez sortuko du ilusioa. Ilusionaturik dago hobetzeko aukera ikusten duena.
Ilusioak, subjektiboa bada, zerikusi gutxi du logikarekin eta arrazoiketarekin. Ilusioa duzu proiektuan konfiantza duzulako (ez fedea), eta konfiantza duzu badakizulako zure esku dagoen guztia egingo duzula aurrera atera dadin, proiektua justua delako. Horiek dira, beraz, jendea ilusionatzeko gakoak: proiektua, justizia eta kemena, edozein ordenatan esanda.
Horrexegatik harritu nau Iker Casanovaren artikuluak, EH Bilduren militanteak adoretu nahian, logikan eta arrazoiketan oinarritu duelako bere argumentazioa, ilusioaren bidetik jo beharrean. Artikuluaren titulutik hasita (“Listas, discurso, actitud”) atzematen da estrategia elektoralistaren tonua.
Uste dut hauteskundeak irabazteko “estrategia” onena dela hauteskundeak “irabaztea” ez izatea helburua. Helburua proiektua bera da, proiektua gauzatu ahal izatea. Hautesleek ikusi behar dute zertarako lagatzen dizuten botoa, egoteko ala egiteko.
Hauteskunde-logika betean sartuko ginateke pentsatuko bagenu boto-emaileak bereganatzeko formula direla zerrendak eta diskurtsoak. Jendeari azaldu behar zaio zer egin nahi duzun, zertarako zoazen zoazenera, zer egitera. “Nork” esan duen eta “nola” dioen bezain garrantzitsua da jakitea “zer” eta “zertarako”.
Hori hartu dut faltan. Proiektua.
Soberan ikusten dut esatea diskurtsoa erratu zela abenduan (garrantzia kendu zitzaiolako Espainiako Gobernua eratzeari) eta oraingoan aitortzea garrantzia emango zaiola (diskurtsoan bakarrik ala sinetsita?). Lekuz kanpo dago hautagaia justifikatzeko torpedoa botatzea zure ideario politikoaren flotazio-marrari, kolokan jartzen baita euskarak garrantzia duela beti eta leku oro, eta emakumeen parte hartzea kualitatiboa dela, ez sinbolikoa.
Ez da sinesgarria “diskurtsoan” aldarrikatzea Euskal Errepublika euskalduna, feminista eta sozialista, eta segun noiz eta nola komeni den, gutxiestea errepublika horren bidean ematen diren pausu apalak.
Ez dut eztabaidatzen hautagaien profila (errespetu handia diet norbanako guztiei), baizik eta profila hautatzeko erabili diren irizpideak. Ez da izen kontua, koherentzia politikoa baizik.
Soberan dago esatea hautagaia ez dela Sortukoa eta aukeraketak “sinesgarritasuna” ematen diola EH Bilduri. Baieztapen horrek ez luke zentzurik koalizioa aske balego lau alderdiko logikatik, eta fronte zabala deiturikoa egiatan indarrean balego.
Ez du bururik ez hankarik esateak ekaineko hauteskundeak direla udazkeneko hauteskundeen lehenengo buelta. Sinesten baldin bada euskal agenda lehenetsi behar dela, ezin dira parekatu Estatuko hauteskundeak –arrotza zaigun parlamentua hautatzekoak– eta Euskal Herriko bi zatiko hauteskundeak, xedea delako Estatuarekin amarrak mozten hastea, hain zuzen. Hauteskunde batzuk eta besteak ez dira kategoria bereko lehenengo eta bigarren buelta. Besteak beste, zati horietariko batean ez dagoelako bigarren bueltarik.
Kritika hauek guztiak ez dira artikuluaren egilearentzat. Gustura irakurtzen ditut bere artikuluak. Arduratzen nau jarrera horrek bideratzeak koalizioaren jokabide politikoa hurrengo hilabeteetan. Koalizioa axola zaidalako egiten dut kritika. Min emango ez balit, ez nuke ezer esango.
Proiektua, konfiantza eta kemena, eta lehendakarigaiak nonbait esan duenez, betiere errespetuz jokatuta, apal, umil eta atsegin. Nik gehituko nuke enpatiaz, alai eta paziente. Hori guztia ez baita kortesia-arau hutsa. Jokaera, aktibo politikoa ere baita. •



