Andoni Egia

«Tourist Go Home, Refugees Welcome»

Donostia betidanik izan da hiri turistikoa, iruditegi kolektiboaren eraikuntzan hain garrantzitsua izan den elementua. Hor dauzkagu Maria Cristina erregina eta belle époque donostiarra. Egun baina, mundu sistemaren zentroan kokatzen diren hiriek, mundu mailako egitura produktiboan balio gehien duten prozesu produktiboak bereganatzeko lehia bizia dute, eta lehian irabazteko, nazioarteko kapital, merkantzia eta turista fluxuak erakarri behar dituzte. Periferiara balio gutxiko prozesu produktiboak deslokalizatu eta lehengaiak ebasten ditugun bitartean, askotan gerraren bidez, askotan errefuxiatuak eraginez.

Horrela, zentroko hiriok produkzioaren espazio izatetik –fabrikak zeuden leku– espazio produktiboak izatera pasa dira –hiria bera da ekoizten dena–, hiria bera baita faktore produktibo nagusienetakoa. Hau baina, ez da modu natural batean eman, elementu intaginbleak harrapatu, kodifikatu, eta termino merkantiletan deskodifikatu ahal izateko, dispositibo fisiko eta narratibo zehatz batzuk behar dira: Tabakalera, Monpaseko Hotela, Zinemaldia, Jazzaldia, DSS2016...

Donostiako eredu turistikoak oinarrian saltzen duena hiru gauza dira: hiria eta bere paisaia, kultura eta gastronomia. Hiru elementu hauek Donostiako biztanleok gure eguneroko bizitza arruntean sortzen ditugun esternalitateak dira, hau da, elkar bizitza ematen den espazioa: hiria; elkar bizitzeko modua: kultura; eta kultura eta ingurunearen batura: gastronomia. Industria turistikoa, beraz, komunean sortzen dugun hori turistei saltzeko produktuetan eraldatzean oinarritzen da, industria siderurgikoa, minerala, burdina erabilgarri bihurtzean oinarritzen den bezala.

Gauzak horrela, izugarri harritzen nau turismoaren inguruan diskurtso kritikoak eraikitzeko daukagun ezintasunak. Diskurtso neoliberalenetan enpresa askatasuna defenditzeko erabiltzen den diskurtsoa, propio egin eta artikuluaren izenburua zeraman pankarta bezalakoak kritikatzen ditugu, publikoki, lotsarik gabe, eta erreplikak jasotzeko beldur gutxirekin. •