Barietate zaharren gaurkotasun ankerra

Hamar mila urtetik gorako nekazaritza-historia duen garitik hasi eta Aretxabaletako tomate morera bitarte, tokiko barietateak ehunka nekazari belaunaldik egindako lan saiatuaren emaitza dira. Gurasoetatik seme-alabetara, nekazariak mendez mende haziak tokiko baldintzetara moldatuz joan dira, lur mota ezberdinetara, klimara edota tokiko biztanleriaren gustuetara egokituz.
Nekazaritza industrialak eta honek ekarritako hazi hibridoek, baina, transmisio-katea eten zuten. Oso homogeneoak, oso emankorrak, eta pestizida zein plagizidetan oso dependenteak izan ohi diren hibridoen zabalkundeak, bide batez, milaka barietate zaharren desagerpena ekarri zuen. Aldi berean, baserritarren autonomia ere nabarmenki kaltetua izan da: hazi moderno hauek ezin daitezke gorde, urte batetik bestera ez dituztelako ezaugarriak mantentzen, eta patenteekin lotuak daudelako.
Ezin ahaztu genezake, haatik, barietate zaharrik gabe ez litzatekeela hibridorik existituko. Horiek horrela, haziak guztion ondarea direla sinetsita, eta barietate zaharrak mantentzea gizateria osoaren auzia dela aintzat hartuta, ekimen ezberdinak garatu dira. Euskal Herrian, esaterako, Euskal Herriko Hazien Sarea daukagu, gure baserritarrek garatu eta gordetako barietateak berreskuratu, biderkatu eta interesatuen artean banatzeaz arduratzen dena, era ez komertzial batean. Beste maila batean leudeke Kataluniako Les Refardes-Gaiadea ekimenaren tankerako esperientziak. Elkarte horrek 11 urte daramatza tokiko barietateen haziak berreskuratzen, era ekologikoan ekoizten eta merkaturatzen. Bàges eskualdeko Mura udalerrian kokatua, hiru langile eta ehunka laguntzaile dauzka.
Proba ugari hazi-gordailuko barietateekin
Elkartearen hazi-gordailuan 500 tokiko barietate inguru gordeak dauzkate. Hazi horiek gutxika lortuz joan dira, norbanakoek egindako donazioen bitartez zein elkarteak urtero egiten dituen prospekzio etnobotanikoen ondorioz. Esterrek, langileetako batek, katalogoan ortuarien 160 barietate inguru dauzkatela argitzen du. Dioenez, barietate guztiek dute interesa, balio handiko ondare genetikoa diren heinean. «Baina guztiek ez dituzte betetzen baratzezain profesional batek beharko lituzkeen baldintzak. Ekoizpen-gaitasuna baloratu aldera, lehenik eta behin entsegu agronomiko bat egiten dugu izurri eta gaixotasunen aurrean duten jokaera eta baldintza klimatiko ezberdinetara egokitzeko duten gaitasuna aztertzeko. Sukaldaritzako ezaugarriak jakiteko dastatzeak ere egiten ditugu, baita uzta ondorengo portaera aztertu ere. Proba hauek guztiak egin ondoren, barietate interesgarrienak biderkatzen ditugu, merkaturatzeko», agertu du.
Nekazaritza ekoizpenak azken urteetan bizi izan duen estandarizazioa dela eta, hazien ekoizpena eta merkaturatzea oso legedia zorrotzekin lotuta dago. Horren adibide da baserritarren artean betidanik egin izan diren funtsezko jarduera batzuk, hazien trukaketa esaterako, debekatuta daudela. Hazi bat merkaturatu ahal izateko, hazia erregistratuta egotea ezinbesteko baldintza da. Horrek, ekoizpen txikientzat kostu ekonomiko onartezinak suposatzeaz gain, zalantzak sortzen ditu etikaren ikuspuntutik. Azken finean, nork du baserritar belaunaldi askok garatu duten barietate bat erregistratzeko eskubidea?
Les Refardesetik argitzen dutenez, beraiek lantzen dituzten barietate gehien-gehienak ez daude erregistratuta, «alegaltasunean mugitzen gara, alegia. Hazi Ekoizleen Erregistroan eta Kataluniako Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluan inskribatuta egon bagaude. Barietateen ezaugarri-fitxak betetzerakoan aintzat hartzen ditugu barietate bat erregistratzeko kontuan izaten diren ezaugarriak. Baliteke etorkizunean lan hori egiten bukatzea, baina zalantzak dauzkagu. Hain zuzen ere, hori da agerian jarri nahi duguna: barietate zaharrek jasaten duten bidegabekeria. Erregistratuta ez egoteagatik, barietate komertzialei eskatzen zaizkien ezaugarriak ez betetzeagatik, ezin daitezkeela merkaturatu. Tokiko barietateak ez dira homogeneoak (hori da barietate bat erregistratzeko baldintza oinarrizko bat), baina, hain zuzen ere, horixe da barietate zaharren altxor nagusia: baldintza ezberdinetara egokitzeko duten gaitasuna».
www.lesrefardes.com
www.haziesarea.org

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
