«Herrialde bakoitzeko politika publikoetan eragiten ari gara. Hau ez da geldituko»
«Komunikatuz eraldatu» Mugarik Gaberen kanpainaren barrenean bisitatu gaituzte hiru komunikatzaileek. Alderdi aunitzetan Euskal Herritik hurbil sentitzen dira.

Mariano Estrada Mexikokoa da, Chiapaskoa, zehazki Palenquekoa eta, zehatzago, San Manuel komunitatekoa eta Tzeltal herrikoa. Bertako komunikatzailea da orain dela 25 urte baino gehiagotik. Ikus-entzunezko produkzioan lan egiten duen kolektibo bateko kide da. «Ahalegina egin genuen idatziz komunikatzeko, irratiz ere bai, baina komunitateetan ez dagoenez irakurtzeko eta irratia aditzeko kulturarik, ikus-entzunezkoen aldeko hautua egin genuen. Erakargarriena eta barneratzeko errazena da».
Ekoizpenok paper garrantzitsua betetzen dute zatitutako komunitateetan. «Arrazoi ideologiko, erlijioso edo politikoengatik barne gatazka ugari sortzen da, zenbaitetan sarraskiak ere bai. Eta Estatu mexikarrak komunitatea oraindik gehiago puskatzeko aprobetxatzen du».
Ikus-entzunezkoek komunitatearen barrenean leku neutro bat bilatzeko eta bertan bat egiteko balio dute. Kirol kantxetan elkartzen dira arratsaldeetan eta, emanaldiekin batera, eztabaidak sortzen dira.
Kontinente osoko bozgorailua
Nazioarteari dagokionez, Estrada CLACPI herri indigenen zine eta komunikazioaren latinoamerikar koordinakundeko koordinatzailea da. Kontinente osora iristen da. Harago ere bai: Euskal Herrian Mugarik Gabeko kideak dituzte, eta Katalunian Alternativakoak. Gero eta lagun gehiago ari dira batzen.
Bashe Nuhem komunikazio elkarte komunitario indigenaren koordinazio orokorraz arduratzen da. Argentinaren iparraldean, Chacon, dago elkartea. 15 urte dira Nuhem bertan lanean hasi zenetik. Antolakundeak 20 urte beteko ditu irratian eta ikus-entzunezkoetan. «Gure komunikazioa gure lurraldetik, Qom herritik, eraikitzen goazen kideak gara». 300.000 hektarea baino gehiago hartzen ditu herriak. Bertan zenbait irrati komunitariok emititzen dute, 2009an onartu zen komunikabideen lege berriaren babesean.
«Lege horrek Estatua derrigortzen zuen indigenen komunikazio proiektuak finantzatzera... Lehenaldian hitz egiten dut, legeari betoa jarri diolako gaur egungo Gobernuak».
Batik bat irratitik eraiki izan dute komunikazioa, baina 2008tik aitzinera ikus-entzunezkoen boterea deskubritu zuten. «Elkartea osatzen duten batzuk komunikatzaile ikasiak dira, baina gehienak hezitzaileak gara. Gure irratiak izateko beharra sortu zen hedabide gehienek ez zituztelako gai indigenak erakusten, eta gai hauek ukitzen zirenean beti desitxuratzen zelako informazioa. Hala jaio ziren hedabide propioak, hitz egin nahi dutenei ahotsa emateko. Elkarteak beste probintzia batzuetako komunikazio prozesuak ere lagundu ditu, formazioa emanez. Duela hiru urte lehen telebista kate indigena jarri zen martxan Patagonian».

«Gu gabe ez dago matxinadarik»
Nuhemek dioenez, emakume gehienei kosta egiten zaie komunikazio espazioetan egotea; halere, nabarmendu nahi du badirela emakumeak komunikazio propioa eraikitzeko agertokiotan. «Sarri arazoak ditugu etxean, eta komunitateen borrokez ikertzean hiru aldiz arrisku handiagoa izaten dugu. Batzuek mehatxuak jaso dituzte, besteak hil egin dituzte».
Erantsi duenez, enpresa multinazionalek etengabe jazartzen dituzte indigenak. «Borrokan ari gara gure lurraldetik baztertzen gaituzten enpresa horien kontra. Komunikazioak rol garrantzitsua jokatzen du hor, egoera hauek ikusgarri egiteko, baita komunitateen lorpenak ere».
Chacok irrati pila instalatzea lortu du. Proiektu bat dute ekainean telebista kate indigena baten proba pilotua egiteko.
«CLACPI koordinakundeak egin duen lanak Hego Amerikan formazioaren ardura hartzera deitu gaitu, nazioartean, beste kolektiboekin elkarlanean sareak josten segitzeko. Emakumeei emandako formazioa azpimarratu nahi dugu, ahalduntzetik. Dualtasuna bilatzen da, eta dualtasunaz hitz egiten da. Goazen bada praktikan jartzera».
«Errealistak izan behar dugu eta gauzak diren bezala esan: komunitateen barruan matxismoa dago. Nire herriaren kasuan, oso errotuta dago, orduan, asko kostatzen zaigu esatea: hau adierazi nahi dugu, hau proposatu, nire iritzia hau da... Asanbladetan ikusi dut gizonek irri egiten digutela. Eskua altxatu eta ‘a, bueno, zer esan behar dute emakumeek’ komentatzen dute. ‘Zuek zuen gaiak eztabaidatu behar dituzue’. Buruzagiok, dualtasunaz eta berdintasunaz mintzatzen bazarete, eskubideez, has gaitezen etxetik praktikatzen. Garrantzitsua da emakumeek parte hartzea, batez ere elkarrekin bidea eginez. Hala errazagoa izango da komunikazioa eta gure borroka prozesua eraikitzea. Gu gabe ez dago matxinadarik» [Azken esaldia bi aldiz erran du, argi uzteko].
Ari dira emakumeak animatzen, eta badira elkartean karguren bat dutenak. Nuhemen kasuan, koordinatzaile orokorra izatera iristea ez zen erraza izan. «Bazterketa hirukoitza sufritzen dugu karguetara ailegatzeko».

Desorekari erantzun
Ivan Sanjinesek kontatu du Bolivian ere 25 urte daramatzatela lanean. 1989an sortu zen Cefrec zine formazio eta errealizazio zentroa. Sanjines bera da zuzendaria, baita fundatzailea ere. «Komunikazioa desoreka handiko espazioa zen eta horri erantzuteko jaio zen zentroa. Baztertutako sektoreek, hau da, gehiengoak, ez zuen parte hartzen. Ikuspegi oso komertziala, indibidualista eta kontsumista zuen. Gizarte kapitalistak ordezkatzen duen guztitik oso hurbil zegoen».
«1996tik antolakunde indigenen ekimenez lanari ekin genion. Bost konfederazio dira Bolivian. Estrategia bat lantzen hasi ginen, elkarrizketarako-eta inongo komunikaziorik ez zuten herriek elkar ezagutzeko. Nortasuna indartzeko ere bai, kultura eta hizkuntza propioa baieztatuz, baita antolaketa moduak eta kosmobisioak, alderdi filosofiko propioa ere».
Mugarik Gaberekin ere eskuz esku lanean hasi ziren. Aliantza politikoa garrantzitsua izan da, herri askok konpartitzen duten borroka delako.

Iruditeria propioa erakutsi
Komunikazioak boliviar indigenen prozesu politikoari lagundu dio. «Inposatu nahi diguten iruditeriaren aurrean gurea azaltzen ez badugu, Hollywoodeko zinean ikusten duguna izaten bukatuko dugu. Arimaren deskolonizazioa izan daiteke zailena. Diskurtso bat egin dezakegu kalean, baina horrek ez du esan nahi benetan aldatu garenik. Esan nahi du prozesu batean gaudela eta kontzientzia hartu behar dugula aldatzeko. Egiatan aldatzeko epe luzeko lana behar da, barrutik kanpora», ohartarazi du Sanjinesek.
Horretan ahalegindu dira filmen bidez. Jendeak ukatutako bere historiaz pentsatzen du, ukatutako bere hizkuntza indartzeaz, gogoetarako bere barne mekanismoez, elkarrizketaz eta parte hartzeaz, proposatzeaz. «Pelikula komunitateekin konpartitzen da, eta ulertzen ez zaituen eta zure hizkuntza marmarra dela uste duen beste jendarte horrekin hitz egiteko ere balio du».
«Bada jende asko informatuta ez dagoena, ezjakintasun kontua ere bada, aurreiritzietan, hezkuntzan, erlijioan eta errealitatea modu bakar batera ikusarazten duen sistema zapaltzaile batean oinarritua. Lanari ekin eta hori aldatzen hasten zara, ikusten beste gauza batzuk egin daitezkeela eta posible dela jendarte hobe bati ekarpena egitea, kultura guztien erabateko parte hartzearekin». Hala iritsi zen nazio anitzeko Estatua, 2006an.
Komunikatzaileen artean emakume ugari parte hartzen ari direla azpimarratu du boliviarrak ere. Telebista nazionalean saioak egiten ari dira 2001etik. «Lehen denak ziren izarrak, reality-ak, missak eta esamesak, baina orain herritar indigenak agertzen dira solasean, ez makillajearekin, azken modarekin, komunitatean diren bezala agertuz baizik. Aldaketa politiko handia izan da hori. Bertan egote soila gertakari inportantea izan da».
La Pazeko zinemetan istorio ezezaguneko pelikulak estreinatzea ere interesgarria izan da. «Nondik atera da hau?», komentatu izan du jendeak. CLACPIrekin duten aliantza garrantzitsua da. Herriek elkar babesten dute indartsuagoak izateko. «Energiak elkartzen ditu CLACPIk, eta posible egiten du amets kolektibo bat izatea, haren bila joatea eta horretan aurreratzea».
Bolivia mailan, lantalde indigena bat ari da programak egiten, Sucren. Eztabaidak egiten dituzte zer den nazio anitzeko Estatua, zer autonomia, zer ekonomia komunitarioa, estatu berriaren garapen instituzionala nola egin... «Benetan aldatzeko, bestela aurrekoaren antz handiegia hartzen baitu. Joera hori du eta hori da borroka. Bertan komunikazio indigena oso presente egon da, jende asko formatuz, orain diputatu eta senatariak direnak».
Baina oraindik bidea luzea da. «Oraindik Bolivian emakumea gizonaren jabetza da. Hori aldatzeko legeak, arauak, tailerrak, gauza asko egin ditzakezu, baina feminizidioa dago. Eta komunikazioa aliatu garrantzitsua da hori aldatzeko».
Azaroan, gailurra
Azaroan komunikazio indigenaren kontinente mailako gailurra izanen da. Hiru urtetik behin egiten da eta aurtengoa Bolivian izanen da. «Transnazionalekin lotutako botere handiei nola aurre egin eztabaidatuko dugu, mundua jada ez baitute gobernuek maneiatzen, enpresa transnazionalek baizik».
Agertu dutenez, orokorrean, amerikar kontinentean, egoera ez da ona hedabide indigenentzat. Ez dute sustapen politikarik, ezta arautegi egokirik ere. Argentina izan da salbuespena, nahiz eta orain Mauricio Macri presidentea aurreratu dena bukatu nahian ari den. «Baina herriak ez dio utziko».
Bolivian bertze momentu bat bizi dute. «Marko politikoan, 2006tik aurrera, beste Bolivia bat da. Presentzia indigena aitortzen da, orain arte alderdi askotan mehatxatua egon dena. Oraindik arazo ugari dago, prozesua konplexua eta luzea da, baina ezin da aurrekoarekin konparatu. Komunikazioan, orain dela 20 urte ez zen hedabide indigenarik; orain bai, eta telebista nazionala eraikitzen gabiltza. Komunikazioaren nazio anitzeko agentzia sortu da, lehendabiziko informazio agentzia propioa. Lehen telebista komunitarioa sortu da. Lehen programa indigena emititu da Boliviar Estatuko telebistan».
Bada telekomunikazio lege bat zehazten duena frekuentziaren %17 herri indigenentzat dela. Beste %17 komunitarioei ematen zaie. Guztira %34ra iristen dira. Jatorrizko herrien ehun irrati baino gehiago daude.

Jendeak zer kontsumitzen du?
Kontsumoa aztertzean, jendartea «oso kolonizatua» dagoela hartu behar da kontuan komunikatzaileon iritziz. «Mezu eta hedabide mota bat kontsumitzera jarria dago, zine mota bat ere bai. Euskal Herrian ere gertatzen da. Zergatik dute AEBek zine pantailen erabilera handiena munduan? Hasieratik ulertu zuten zinearen paper ideologiko-politikoa. Menderatzeko tresna bat da, telebista bezala».
Ivan Sajinesek dio «botere ekonomikoa» beraiek dutela, baina egoera hobea dela orain. «Hedabide indigenek badute kontsumoa, batez ere nekazaritza nagusi den inguruetan. Irrati komunitarioak asko entzuten dira. Alternatiba handirik ere ez dago beti bazterrean utziak izan diren sektoreetan. Badira irrati indigenak hiri inportanteetan alternatiba bakarrak direnak. Santa Cruzen emakumeen irratia dago. Hiri zabala da, hazten ari dena, oligarkikoa, alienatua, baina populazio garrantzitsu batek irrati hau aditzen du».
Argentinan, hagitz antolatuta daude, «indartsu eta borrokarako prest, lortutakoa ez galtzeko», Bashe Nuhemen hitzetan. Chacon hamar irrati komunitario berri daude 2009ko legearen barrenean instalatuak. Nazio mailan, 27 irrati komunitario indigena daude. «Batzuek esaten zuten ea zertarako nahi genuen indigenok irrati bat, inork ez bagintuen adituko. Guretzat komunikazioa tresna inportantea da borroka prozesurako. Guretzat ez da enpresa bat, komunitateen armetako bat baizik. Lehen ez zen gai indigenaz hitz egiten, eta egiten zenean arazo indigenaz mintzatzen zen. Eta alderantziz da: arazoa ekarri egin ziguten. Komunitateak komunikazioaren rol garrantzitsuaz jabetu dira. Jende askorengana iristen da».
Chacon, lurralde indigenetan aunitz aditzen dira irrati propioak. Gehien-gehienak bertako hizkuntzan dira, publizitatetik hasita, dena ama hizkuntzan egiten da. Orain dela hamar urtetik zine jaialdiak ere antolatzen dituzte. Zine-eztabaida egiten dute.
Leku batzuetan, hedabideak klandestinoak dira. Itxi egiten dituzte eta ekipo osoa eraman. Estradak dio instalazioak muntatzen eta desmuntatzen ibili behar dutela etengabe. Irrati ugari daude suntsituak, erreak, “ilegalki” emititzeagatik. Bestetan, Argentinan adibidez, legalak dira, baina mehatxupean daude. Bolivian legalak dira eta, gainera, publizitaterako sarbidea dute bizirauteko.
Gozatu... eta irabazi
«Nola egin bateragarri zinea eta herri indigenak?», galdetu izan diete. «Zuek ur edangarria behar duzue, bideak... Guk esaten dugu komunikazioa ere behar dugula. Orain emanaldiez, nazioarteko jaialdiez, foroez, topaketez, gailurrez... hitz egiten da. Komunikazio indigenaren fruituak dira. Kontinenteko hirugarren gailurra egingo dugu eta hori egonkortasunaren isla da. Hau ez da geldituko. Herrialde bakoitzeko politika publikoetan eragiten ari gara», aldarrikatu du Sanjinesek.
«Kontinenteko edo nazioarteko telebista indigenaz ere mintzatzen da orain», erantsi du Mariano Estradak. «Duela 20 urte pentsaezina zen lortu duguna, orduan zergatik ez ametsak egiten eta betetzen jarraitu aliantzen bidez. Ez dugu hedabide handiek duten dirurik, baina kolektibitatea, energia, amets konpartituak eta beharrei erantzuteko gogoa ditugu. Ez da irabazten... baina gozatu egiten da!» [azken esaldi honekin irriz lehertu dira hirurak]. «Irabazi ere egiten da, irabazten goaz», zuzendu diote kideek.

