Juantxo EGAÑA

Argazkia, historia kontatzeko tresna

Argazkigintzak garai bakoitzeko tasunei erantzuten die eta bere sorreratik oso tresna garrantzitsua izan da historia kontatzeko orduan. Goiko argazkiari buruzko informaziorik apenas dagoen, Errepublika garaikoa dela eta Gipuzkoan egina dela besterik ez. Zein urtetakoa den ere ez dakigu zehatz. Emakume langileak direla esan daiteke, akaso sindikalistak, fabrika batean edo landa eremuan lan egiten zutenak. Era batera edo bestera, emakume zanpatuak segur aski. Akaso irudian agertzen diren emakumeek lehenengoz botoa eman ahal izan zuten 1933ko azaroaren 5ean, Euskal Estatutuaren inguruko erreferendumean. Eta, akaso, argazki horren ondorioz errepresalia larriak sufritu zituzten 1936ko altxamendu faxistaren ondoren. Argazkia Ricardo Martin argazkilari dokumentalista donostiarrak egina da, gerra aurreko Gipuzkoako bizitzaren zertzelada ederrak argazkitan jaso zituena.