Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ASPALDITIK GAUDE ETA URRUTIRA IRITSI BEHAR

Juanan Ruiz / Argazki Press
Juanan Ruiz / Argazki Press

Baserritarrak badu beti lana, nahi adina, sekula deskantsurik ez hartzeko adina. Baina badira egun seinalatuak, lana biharko uzten diren egunak. Goizean goiz abiatu eta erromeria egunera. Argazkikoak, Urkiolako San Antonioren babesera. Baserritar bakoitzak ditu bere egun kutunak. Egun eder bat pasa, urteroko ohitura berritu, kontu batzuk egin eta buelta, baserrira.

Berdin da erromeria batean edo bestean, berdin egoera batean edo bestean, baserritarrak arnasten dituen jakinduria eta patxada, baserriaren antzera, galzorian daudela iruditzen zait. Lana ikaragarri eduki arren eta irabaziak beti justuak, ez da estresatzen. Lurraren gainean eta lurrarekin lan egiten duenez, badaki zer den itxarotea, badaki zer den espero zenuena ez jasotzea, eta ez jasota ere, lanean segitu beharra. Egunaren amaieran etxeko atarian eseri eta begiak han urrutian iltzatuta egoten da pixka batean, aspalditik gaudela eta urrutira iritsi behar dugula sinistuta, patxada elegantez.