Bizirik nahi gara
Irainak, oztopoak, ikusezintasuna, isiltasunak, erasoak, heriotzak. Badauzkagu atzoko egunak memorian (Occhi di Farfalla taldearen abesti zatiaren moldaketa).
Heteropatriarkatuaren atzaparretatik ihesi kokatzen garen gorputzok jo puntuan egon gara eta gaude izan lesbiana, trans, gay... Baina, igandean, LGTB kolektiboko kideak batzen ziren Orlandoko (Florida, AEB) Pulse lokalean 50 lagun hil eta 53 lagun zauritu izanak, este lodi, mehe zein sabela kolpatu dizkit, beste askori moduan. Tristura, beldurra eta amorrua sentitu ditut nire buru-gorputzean.
“Homofobia” hitza agintari, sare sozialetako albiste eta komunikabide askoren testuetan irakurri ahal izan dut, beste hainbatetan ez bezala. Eta atentzio deitu dit, gay izendapenaren erabilera soilak. Baina soropilak (bollerak) ere bazeuden, bageunden.
Eta albisteen irakurketan jarraituz, irakurri dut ere: Mexikon Veracruzen maiatzean izandako beste eraso baten ondorioz, giroko taberna batean zazpi hildako eta hamabi zauritu izan zirela, horiek, aldiz, ez dute nazioarteko oihartzunik izan. Sexu identitatearen aldagaiaz gain, nazio, etnia, edota klase sozialak zapalkuntzen elkarreraginean baldintzatzen digun adierazle.
Eta erasotzaileak? Orlandokoak, jatorri afganiarra zuela letra larriz azpimarratu dute komunikabide hegemonikoek, noski, berriro ere “erasotzailea kanpokoa” den tesia zabalduz. “-fobiak” sustraietan errotuak dituen jendartean bizi gara, non gerra letra larriz idazten ez den eta, meteoritoen gisa, aldizkako gerra-uneak bizi direla ematen duen. Bizitza bera desbalorizatua dago osoki, eta gorrotoz betetako bizitzak garatzen doaz.
Mendebaldean “otso bakartiaren” izendapenez lausotu nahi dituzte, gaizkiaren erantzule bakartzat Estatu Islamikoa seinalatuz eta islamofobia indartuz. Baina, zalantzarik ez da enpatia eza, aniztasunaren aurkako jarrerak eta erresistentziak nagusitzen doazela, sexu aniztasunaren eta feminismoaren aldeko borrokan pausuak ematen goazen heinean.
Baina bizirik nahi garelako, 1968. urtean Stonewallen izan ginen moduan aurtengo ekainaren 28an ez ezik, egunerokoan ere izango gara eta jarraituko dugu borrokan. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
