«By Grand Central...»
Beste liburu bat erostera joan eta New Yorkeko Grand Central geltokiko irudiak erakarrita topatu nuen lehengo aldiz Elizabeth Smart idazle kanadarraren “By Grand Central Station I Sat Down and Wept” nobela aurreko asteko larunbatean. Asteburuan bertan irakurri nituen prosa poetiko elokuente eta iradokitzailez idatzitako ehun orrialdeak. Erabat harrapatuta, istorioaren sakontasunarekin txundituta; eta, neurri batean, liburuari eta idazleari buruz aurretik ezer ez nekiela ohartzean, ignorantzia horrek sortzen zidan lotsarekin.
Liburu-denda batean maitemindu zen Elizabeth Smart, Geoge Baker –T.S Elioten protégé-a izan zena– idazle ingelesarekin. Hain zuzen, “Daedalus” izenburuko poema irakurri zuenean. Une horretan hasi zen Smartentzat Baker ezagutzeko abentura irrazionala, egun batean harekin ezkontzea lortzea helburutzat zuela. Lehenengo enkontrua Kaliforniako Monterey hirian jazo zen. Geltokian zain zegoen Smart, maite zuen hura azkenean ezagutzeak sortzen zion urduritasunarekin. Zain. Poema hura irakurri zuenetik urteak pasatuak ziren. Autobusa iritsi zen eta Smart bere ametsa betetzen hasteko benetan artega zegoen. Autobus hartatik jaitsi zen lehenengoa bere emaztea izan zen ordea. George Bakerren emaztea, alegia. Japoniatik zetozen, han bizi ziren biak, Baker hango unibertsitate batean irakasle lanetan zebilen-eta. Smartek berak ordaindu zien Japoniatik Kaliforniara arte bidaia. Hura zen, finean, obsesio hura muturreraino eramateko aukera bakarretako bat. Emaztea han egotea ez zitzaion axola, bere helburua lortzera zihoan.
Smart eta Bakerren arteko afera elkar ezagutu eta segidan hasi zen. Eta hemezortzi urte iraun zituen. Lau seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Smartek ez zuen Bakerrekin ezkontzerik lortu, ordea: Bakerrek lau bikote eta beste hamar seme-alaba izan zituen.
Liburuaren lehenengo edizioan bi mila kopia argitaratu zituzten, 1945. urtean. Gehienak Smarten amak erosi eta erre egin zituen. Kanadan argitalpena debekatzea ere lortu zuen. Alabak gizon ezkondu batekin izandako harreman hura laidogarria iruditzen zitzaion.
1960. urtera arte apenas jaso zuen liburuak aintzatespenik. Hirurogeigarren hamarkadan prosa poetikoak berreskuratu zuen azken urteetan abandonatuta eduki zuen atentzioa. “By Grand Central Station I Sat Down and Wept” liburuaz «Madame Bovary tximista batek leherrarazi zuela» esan zuten kritikariek eta izugarrizko oihartzuna izan zuen hainbat herrialdetan. Iaz, lehenengo argitalpena egin zenetik 70. urteurrenean, oraindik ere liburuari buruz idazten jarraitu zuten literatura aldizkarietan. Eta, hainbat lekutan zioten bezala, «hirurogeita hamar urteren ostean, mundua berriro ere prest dago lan hau irakurtzeko». Interesgarria, baita ere, Karl Ove Knausgard eta beste batzuek haien bizitzei buruz kontatzeko liburu asko behar izan dituztela. Smartek ehun orrialde soiletan sortzen duen indarra eta kontaketa gardena aski eredugarriak dira.
Smart hil zenean, Bakerrekin izan zuen erlazioari buruzko hainbat idatzi eta memoria aurkitu zituzten bere seme-alabek ohearen azpian. Bere semeetako bat hainbat lan argitaratzera iritsi zen eta bere lan askotan presente egon zen bere gurasoen harreman hondagarri hura.
Maitasunaren kontzeptu poetikoak kutsatu zuen idazle baten lan miresgarria daukazue aurrean. Maitasun-harreman debekatu bati buruzko narrazio sinplea bada ere, sentimenduak liburuan kontatzen diren bezala adierazteko gaitasuna azpimarragarria iruditzen zait. Eta, udako oporrak gerturatzen ari diren honetan, liburu berezi baten bila dabilenarentzat hemen dago gomendioa. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
