Xabier Izaga Gonzalez
HILEN ETA BIZIEN HARRIAK

Mahasti arteko hilerria, sinbologia erlijiosorik onartzen ez duena

«Gure artean izan direnak gogoratzeko lekua», sinbologia erlijiosorik gabea, ingurumenarekiko harmonian eta memoria historikoa ere aldarrikatzen duena. Ibaola Harriak, monumentu megalitikoak, erlijiorik ez dutenentzako testuinguru aproposa, inguru zoragarrian.

Toloño mendilerroa zeharkatu eta berehala, Bastida ageri da. Mahastiak nonahi. Paisaian, berdea nagusi, lur gorritik sortutako mahatsondo mardulen hostoena. Zenbait minuturen buruan, Samaniego. Hantxe agertu da Joseba Ibañez, urtez urte, harriz harri, helmuga dugun hilerri ateoa sortu duen villabuenarra.

Samaniegotik Villabuena aldera abiatu gara, baina ez errepidetik, lursailen arteko lurrezko bide batetik baizik. Muino batean gora jo eta mahasti baten ondoan geratu gara. Bertan, harri handi bat, zutik, lauburu bat zizelkatuta duena. Josebak berak egina, goraxeago ikusgai dagoenaren iragarpen txiki bat baino ez.

Josebak gogoko du estetika megalitikoa, eta gogoko, antzinako arbasoek egiten zuten moduan, «gure artean izan direnak» gogoratzeko leku bat izatea. Villabuena ondoko muinoan topatu zuen leku hori eta hektarea bateko lursail bat erosi zuen. Garai batean mahasti bat zegoen, baina lurrak ez du sakonera nahikorik; gainera, urteen joanean urrituz joan da, haizearen ufaden ondorioz. Inguru aproposa iruditu zitzaion, beraz, beretzat, gehienez ere bere hurkoentzat, hilarria jartzeko. Hala egin zuen, baina ez zuen utzi aspaldi luzetik izan duen afizioa, harria lantzea, eta monumentu megalitikoak birsortzeko aspaldiko ideia gauzatzeari ekin zion. Herriko eta kanpoko jende askok galdetu zion proiektuaz, baita batzuek ea beren errautsetarako tokirik izango zuen ere. 2012an lursail hura hilerri bihurtu zen. Hilerri berezia.

Sinbologia erlijiosorik gabe

Bi harritzarrek seinalatzen dute sarrera. Ezkerrekoan zizelkatuta, “Egunekoak” hitza, eta bestean, “Gauekoak”, biziaren eta heriotzaren sinbolo. Izan ere, hara igo dena ez dago hilentzat bakarrik atondutako esparru batean itxita. «Bertan bizia eta heriotza elkartzen dira, biak ere gauza beraren parte baitira. Eta Ibaola Harriek bizia eta heriotza sinbolizatzen dute». Hilerria ez dago hesituta, eta nahi duenak nahi duenean egin dezake bisita.

Hilerri horretan ez dago gorpua ehorzterik, metro batetik bira bitarteko hilarrien oinarrietan errautsak zabaltzeko eremua da. Halaber, bertan norberak nahi duen hileta, ekitaldi edo omenaldi mota egin daiteke. Hilarriak zizelkatu edo marrazki batekin markatu daitezke, hildakoaren izaera identifikatzen duen sinbologiarekin. Aldiz, ezin da sinbolo erlijiosorik erabili. Kristaurik edo beste erlijio bateko lagunik onartzen duen galdetuta, baietz dio, hori ez dela arazoa, baina inolako sinbolo erlijiosorik agertu gabe, «horrelako sinbologia jartzeko leku gehiegi daude munduan».

Gaur egun hilerri gehienak udalen ardurapekoak dira, eta hileta zibilak ugaritu egin dira. Horretarako aukera ematen dute gero eta udal gehiagok, gune publikoen erabilera arautuz. Eibarren, esaterako, tradizio luzea dute horrelako hiletek, eta, are, frankismoan ere egiten zituzten, gauez. Hala ere, ez da ohikoa hilerri laikoak topatzea. Arrigorriagakoa izan da horretan aitzindari. Edonola ere, guztietan estetika erlijiosoa da nagusi eta Josebak ateoentzako testuinguru egoki baten falta sumatzen zuen. Ibaola Harriak guneak, hortaz, estetika erlijiosoa baztertzen du. «Ni ardo ona edateko ez nintzateke taberna heavy batera joango, upategi edo taberna lasai batera baizik, esate baterako Mikel Laboaren musika lagun». Eta hamaiketakoarekin ardo zurrutada goxo bat edateko ere leku aproposa izan litekeen gunean erlijiorik onartzen ez dutenentzako testuingurua sortu zuen.

Ingurumenarekiko harmonia

Sinesmen kontuetatik harago, Josebak ingurua aldatu beharra sumatzen du, etekin ekonomikoa lortzeko helburuak desitxuratutako ingurua, inguru monotonoa. Makina erraldoiek mahasti errentagarriagoak egiteko eraldatu egin baitute ingurua, hartarako enbarazu egiten duen guztia, direla zuhaitzak, direla antzinako bizimoduaren arrastoak paretik kenduz. Helburu bakarra lur sail produktiboagoak lortzea omen da, identitate propioaren eta berezko paisaiaren ezaugarrien kaltetan. «Hainbeste mahasti egoteak pobretutako ingurunea biziberritu nahi izan dut neurri batean». Interesgarria izango omen litzateke, esate baterako, antzinako txabola txikiak berreraikitzea. Gaur egun ez dira erabiltzen, jakina, baina «gure iraganaren, gure arbasoen lanaren lekuko dira». Hain zuzen ere, hilerriaren ertz batean, hilarri sail baten ondoan, harrian egindako dolare bat dago, duela mende asko erabiltzen zituztenen erreplika, Josebak egina. Alde batean mahatsa zapaltzeko ontzi zabala du eta bestean zulotxo batetik igarota muztioa biltzen zen andeltxoa, harkaitzean hondeatuta.

Bestetik, hilerria errautsak «modu ordenatuan» gordetzeko aukera eskaintzen du. «Jende askok mendian sakabanatzen ditu, baina, sarri, ez du leku zehatz bat, erreferentzia bat gogoratzeko». Batzuek, gero eta gehiagok, oroitarriak jartzen dituzte, baina leku publikoak izanda, «ingurumena nahastu egiten da». Josebaren hilerrian errautsak lurperatu egiten dira eta harriak gogoratuko du joan dena. Esan bezala, Ibaola Harriak gunea zabalik dago beti, errautsak bertan utzi dituztenen senide edo lagunentzat zein edonorentzat. Eta Josebaren proposamena ez da erraz baztertzeko modukoa. Bisitan joaten denak, hildakoa omendu eta naturaz, inguru paregabeaz gozatzeaz gain, Villabuena eta inguruetako ardoak eta janariak dasta ditzake. 

Hilerri ateoa ez da errenta

Hilerria ikusita, nabarmena da lan handia, itzela, dagoela bertan egina. Errautsak bertan bota nahi dituenari kobratzen dionarekin ez du kitatzen Josebak, ezta hurrik eman ere, hilerrian eta bertako mantentze-lanetan sartutako dirua. Eta diru asko inbertitu du. Errautsak hilarri ondoan botatzeagatik zenbat kobratzen duen esango duen galdetuta, ez da uzkur ageri. Betiko oroigarria dela kontuan izanda, ez da asko, bezeroak nahi duen sinbolo edo marrazkiaz apaindutako hilarriaren truke ordaintzen dena gutxi gorabehera «bi lore-korok balio dutenaren parekoa da, eta loreak bi astean lehortuko dira». Edonola ere, sekula ez omen zaio burutik pasatu ere egin hilerria negozioa izan zitekeenik. Dirutxo hori gehienez ere gastuak arintzeko laguntzatxo bat izan litekeela dio. Harritzar asko lau kilometroko distantziatik garraiatu behar izan ditu; trikuharriak egiteko, esate baterako, garabia erabili behar izan du. Belarra moztu ere egin beharra dago, eta, ureztatu, gutxienez urtean lau aldiz, eta hartarako 10.000tik gora litro ur igo behar ditu bakoitzean.

Historiaurreko trikuharria

Ibañezek trikuharri bat nahi zuen eta eraiki egin zuen hilerriaren erdian, ikusgarri, gunearen erreferentzia gisa. Eta trikuharriarekin batera beste zenbait monumentu megalitiko eraikitzen hasi zen, hala nola menhirrak eta harrespilak. Baina ez zuen erreplika zehatzik egiteko asmorik, horregatik landu zituen harritzar horietako asko, zizelkatuz edo haietan hutsak sortuz. Alegia, estetika megalitikoaren testuinguruan bere sormen lana egin zuen.

Hilerriaren ondoan, gorago, mahasti txiki bat dago, eta muinoaren gailurrean olibondo batzuk. Han pentsatu zuen Josebak aspaldi bere trikuharria eraikitzea eta, zer diren gauzak, duela hiru urte hantxe topatu zuen haren anaiak historiaurreko trikuharri bat, harri pila baten azpian, mende askoan Josebaren errautsen zain egon izan balitz bezala. Azkenaldion, Villabuenako Udala txukuntze lanetan hasi da monumentu megalitiko hori berreskuratzeko.

Gain hori behatoki ederra da. Behean, Villabuena; iparraldera begira, Toloño mendilerroa, sendo, bikain; hegoalderantz, egun argietan, Burgosko Demanda mendilerroa ere ikusten omen da. Udalak ibilbide bat prestatu du Villabuenatik abiatuta, antzinako trikuharriaren paretik eta Ibaola Harrietatik igaro eta herrira itzultzen dena. Josebak dioenez, eskuarki herrira joaten den jendeak upategi batera sartu eta ingurua ezagutu gabe alde egiten du. Ibilbide horrek, besteak beste, upategiez gain herria eta inguruak ezagutzeko aukera ematen du.

36ko gerrako biktimak

Gune megalitiko horretatik irten baino lehen, bi metroko hilarri baten aurrean pausatu da Joseba. Plaka txiki batean emakume baten izen-deiturak idatzita daude: Micaela Saenz de la Camara, eta, azpian, oroimenaren aldarri bat. Josebaren amona zen Micaela, frankismoaren biktima. Aitonak ihesari eman behar izan zion, eta haren bila joan zirenean, emaztea eraman eta kartzelatu egin zuten. Bederatzi hilabete eman zituen espetxean, eta «oso ahulduta» atera zen. Zenbait hilabeteren buruan hil egin zen. Batzuek uste dute Araban, batez ere hegoaldean, ez zela gerran eta frankismoan errepresiorik izan, horregatik uste du Josebak ezinbestekoa dela egia jakitea eta biktimak oroitzea. Eltziegon hiruzpalau lagun fusilatu zituzten. Bastida ondoan ere badago hobi komun bat, ustez bertan dauden gorpuak lurpetik ateratzeko zain...

Ibaola Harriak, erlijiorik gabe eta naturarekin bat eginda, antzinako eta atzoko arbasoak gogoratu eta omentzeko gunea.

JOSEBA IBAÑEZ

Olalla

Josebak, 55 urteko villabuenarrak, bere bi deituren sintesia du Ibaola: Ibañez Olalla. Zenbait mahasti ditu eta horietatik bizi da. Horiek ditu, beraz, lan eta zeregin nagusia. Garai batean ardogilea izan zen, herriko upategi bateko bazkide. Herriko zinegotzi ere izan zen. Udaleko etapa bukatu zuen, baina, bere konpromiso politikoa, ez .

Duela urte asko hasi zen harriak lantzen. «Ez naiz oso trebea», dio, apal; hala ere, bistan da ez dela kaskarra ere. Eta ez du sen artistikorik falta. Izan ere, etxeko sarreran duen edergarria berak egina da. Berehala antzematen da txistulari bat dela, eraikuntzan kofratzeko erabiltzen diren altzairuzko barrak moldatuta egindakoa.

Eguzki-ortu bat egin nahi izan zuen, eta proiektua hasi ere egin zuen. Baina Iberdrolak, «eskaria dela-eta», ekoitzitako energiaren erdia baino ez ziola erosiko esan zion eta bertan behera utzi zuen asmoa. Azkenean, «argien negoziotik itzalen negoziora» egin zuela dio, barrez. Eta bere gustuko zereginari ekin zion, hilerriko harriak lantzeari. «Honek entretenitu egiten nau. Beste batzuek beste olgeta mota batzuetan xahutzen dute dirua; nik, honetan».

Hilerri ateoa zabaldu zuenean, publizitate eslogan bat asmatu zuen: “No eches tu último polvo en cualquier sitio”, hau da, “Ez ezazu zure azken hautsa edonon bota”. Hori bai, kontuan izan behar da “hautsa bota” horrek gaztelaniaz bigarren adiera bat duela, “larrua jo” edo “txortan egin”, hain zuzen.