Oriol ANDRES GALLART
PKK, KURDUEN HEGO ETA IPAR

Ocalanen alderdiak gero eta oihartzun zabalagoa du Irakeko gazte kurduengan

PKK alderdiak Iraken kokatutako lurralde kurduan eragin eskasa zuen duela gutxira arte, baina bere oihartzuna zabaltzen ari da ISISen aurkako borrokagatik eta krisian den eredu ekonomikoaren alternatiba irudikatzen duelako. Batez ere gazteen artean du eragina, bi alderdi nagusien klientelismoaz eta ustelkeriez etsita dauden gazteengan.

Abdullah Öcalanen argazkia oso bistan da jangelan, herriko beste hainbat PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideren irudien artean. Bonbilla ziztrin batek ematen duen argi eskasak nahiko lan badu gela handiko altzairuak bistaratzeko: telebista bat, hiru sofa eta kafe kikara hutsak dituen mahai txiki bat. Inguruan daude eserita sei gazte eta uniforme berdedun gizon bat. Kalarren gaude, Irak barneko Kurdistanen den 60.000 biztanleko hirian. Guztiek –berdez jantzitakoak salbu– 30 urte baino gutxiago dituzte eta PKK-ren gazte erakundeko kideak dira.

Abdullah Öcalanek sortutako alderdia ondo finkatuta dago Turkiaren menpeko Kurdistanen, Ipar Kurdistanen, baina, aldiz, Hego Kurdistanen oso eragin urria izan du orain artean. 1991ko gerraz geroztik bi familia eta alderdik banatu izan dute Irak barneko Kurdistan Eskualde Autonomoaren kontrola. Horrela, bada, ustelkeria eta klientelismoa nonahi zabaldu dira, petrolioaren etekinen eskutik.

Hala ere, azken urteotan egoera aldatzen hasi da, hegoaldeko kurduen artean ere gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari baita PKK, batez ere ISISen aurkako borrokan izaten ari den arrakastari eta aldarrikatzen duen eredu sozial eraldatzaileari esker –zuzenagoa eta demokratikoagoa–, noiz eta eskualdeak krisi politiko eta ekonomiko larria bizi duen honetan.

Mutiko aurpegia ezkutatu nahi du antza bibote irten berriarekin Alind 19 urteko gazteak –izengoitia erabiliko dut, berak hala eskatuta–. Informatika ikasten ari da PKKren gazte erakundean lanean diharduen bitartean. «Jendeak betiko alderdi kurduen alternatiba bezala ikusten du PKK», esan du. «Alderdi zaharrekin sistema aldatu daitekeen itxaropena aspaldi galdu dute herritarrek. Gure jarduera batez ere politikoa da. Gure borroka kapitalismoaren kontrakoa eta gizateriaren aldekoa da». Berarentzat lehentasuna ez bada ere, edozein unean gerrillan sartzeko prest dago Alind, «horrela erabakitzen bada». PKK eta Turkiako Gobernuaren arteko su-etenaren hausturak ez du bere jarrera inolaz ere kikildu. Izan ere, Gobernua hiri eta herri kurduak setiatzen eta erasotzen eta Kandileko mendietan babestutako gerrillaren baseak airetik bonbardatzen ari da.

Bi alderdi nagusik kontrolpean izan dute orain arte iran barneko Kurdistan Eskualde Autonomoko agertoki politikoa: gaur egun herrialdeko presidentea den Massud Barzanik zuzendutako Kurdistango Alderdi Demokratikoa (KAD) eta 2005etik 2014ra Irakeko presidente izan zen Jalal Talabaniren Kurdistango Batasun Patriotikoa (KBP). «Barzanik zein Talabanik ez dute ideologiarik, sistema feudal bat sortu duten jauntxoak baino ez dira», dio Abdul Azizek, berdez jantzitako helduak, gazteen heziketan laguntzen duenak. 90eko hamarkadan bi alderdiak elkarren kontra borrokan aritu ziren anaien arteko gerra odoltsuan. Gerra alderdi bakoitzaren kontrolpeko bi gune sortuta amaitu zen. Ondoren, 2003an, AEBek Irak inbaditzean, gobernu bateratua osatu zuten berriz ere kurduek, baina etengabeko liskarrek tentsio politiko eta sozial ugari sortu dituzte.

Ameskeria ekonomikoa

2003an, Kurdistan Eskualde Autonomoak boom ekonomiko itzela bizi izan zuen, lurraldeak dituen gas eta petrolio erreserbetan oinarrituta. Gainera, ia hamar urtez, atzerritik dirutza handia iritsi zen, alde batetik kanpoko enpresentzako oso onuragarria zen inbertsioak erakartzeko lege bati esker, eta, bestetik, eskualdeak eskaintzen zuen segurtasunari esker, inguru oso gatazkatsu baten erdian.

Baina 2014an burbuila ahutzen hasi zen. Hasteko, Bagdadeko Gobernuak aurrekontuetako diru publikoa moztu zion Kurdistani, petrolioaren inguruko ika-miken ondorioz. Petrolioaren prezioaren jaitsierak ere eragina izan zuen. Eta, azkenik, Estatu Islamikoaren mehatxua azaldu zen: Arbil hiriburutik 30 kilometro eskasera heldu ziren jihadistak. Atzerriko inbertsioek eta turismoak behera egin zuten bat-batean, Abdul Salam Medeni aditu kurduak gogora ekarri duenez. Bere iritziz, «horrek guztiak eragin handia izan du gazteengan, batez ere lan aukerak murriztu direlako. Gobernuak ez du jende asko kontratatzerik eta sektore pribatuan ere ez dago irtenbiderik. Etsipena eta egonezina hedatu dira gazteen artean. Migrazio tasak ikusi besterik ez dago».

Dozenaka milaka kurduk Europako bidea hartu zuten iaz. Eta Soran Omar Kurdistan Eskualde Autonomoko Parlamentuko Giza Eskubideen batzordeko arduradunak ohartarazten duenez, exodoak ez du eteteko itxurarik. «Barzanik ondo daki iraultza pobreek egiten dutela, horregatik uzten die alde egiten», dio udaltzaina den Amezek –izen faltsua berea ere, hitz egiten duten guztiena bezala– .

Atzerrira joatea buruan izan duenetako bat da Karzan. Kalar bertako gazteak emigratzea erabaki zuen iaz, nagusi den klientelismoarekin nazkatuta: «Alderdi baten partaide ez bazara, pertsona askea bazara, ez duzu inoiz lanik aurkituko. Halaber, jende askok Gobernutik soldata jasotzen du lan egin gabe; hori bai, bizirauteko bakarrik balio dio». Karzanek atzerriko eraikuntzako enpresa baten egiten zuen lana galdu zuen duela bi urte eta ez du besterik aurkitu. Alde egiteko poltsa prest zuen, baina, azken unean, familia arazoak tarteko, atzera egin zuen. PKK-ko gazteak begiko ditu baina ez du beraiekin bat egiteko asmorik.

ISISen aurkako tinkotasuna

PKKren ospeak –Turkiaren, Europako Batasunaren eta AEBen erakunde terroristen zerrendetan egonagatik– izugarri egin du gora 2014ko abuztutik, batez ere Siriako Kurdistango gerrilla anaikideekin batera –YPG/YPJ– Sinjarko mendietan harrapatuta eta ISISek inguratuta geratu ziren milaka yezidiei bizitza salbatu zienetik. Barzaniren KADeko pexmergek, Sinjar babesteko ardura zutenek, ihes egin zuten jihadisten erasoaldiaren aurrean, zibilak babesgabe utziz. Alarmak piztu zirenean beranduegi zen: jihadistek milaka yezidi hil zituzten, beste milaka emakume eta haur esklabo gisa hartu zituzten eta dozenaka milaka lagunek Sinjarko mendietara jo zuten. PKK eta YPG/YPJ gerrillen ausardiak apurtu zuen setioa. Siriarantz segurtasun bidea ireki eta ihes egin eta Irakera itzultzeko aukera eman zieten mendietan ziren yezidiei.

«Lehentasuna ISIS suntsitzea da», aldarrikatu du Alindek. Bitartean, Amezek gaineratu du udaltzain lana «edozein unetan» uzteko prest dela jihadisten aurkako borrokarekin bat egiteko. «Iraultzarekin», dio.

Viyan Azadi Arbilgoa eta Komalen Ciwan PKKko gazte erakundeko kidea da. Gehiengoak egungo sistemari etorkizunik ez diola ikusten ziur da, baina «jarrera demokratikoa ez duen Gobernuak isilarazi eta migraziora bultzatzen ditu herritarrak». Bere iritziz, «Kurdistango beste lurraldeetan PKK-k arrakasta handia izan zuen; alde irakiarrean, berriz, izaera iraultzailea suntsituta geratu zen, ordurako mugimendu iraultzaile nazionalista bat zegoelako, zaharrena».

Hala ere, laster garaipena iritsiko delakoan dago: «Gaur egun gobernuaren kontrako protesta ugari daude. Kanpotik presioa dago egoerak eztanda egin ez dezan, baina bi urte barru gertatuko da. Eztanda hori benetako iraultza bihurtu behar dugu». Horregatik itzuli zen duela urte eta erdi Arbilera, Kandileko mendietan bost urtez gerrillari izan ondoren.

Mendiak hirira ekartzea

Kalkulatzen denez, iaz mila gazte kurdu irakiar inguruk egin zuten bat PKKrekin mendira jotzeko. Kazetari honek ezin izan du datua egiaztatu, baina beste iturriek ematen dituzten zenbakiekin bat dator.

Abdul Salam Medenik ez du uste aparteko gertaera baten aurrean gaudenik eta lurraldean PKKrekin bat egin dutenek gora egiteak ez duela gobernua kezkatzen uste du. Aitzitik, gerrillak Sinjarren jarraitzea bada kezka iturri agintarientzat, KADek beretzat duen inguru batean eragina gal dezakeelako. Barzaniren Gobernua, Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin harreman ona izanik, yezidiak presionatzen ari da PKK-ren aurka agertzeko. Bere talde parlamentarioko bozeramaile bat PKK okupazio indarra dela esatera ere iritsi da. Kontuak kontu, ez dirudi momentuz PKK-ren indarrak mehatxu direnik gero eta arazo gehiago dituen Gobernu batentzat. Baina Viyan bezalako gazteek, «Irakeko Kurdistango demokratizazioa eskualdearentzat zein Ekialde Hurbil osoarentzat ona» litzatekeela uste dutenek, garbi dute: «Gaur bertan joango nintzateke berriro mendietara, han askatasun hitzak zentzu osoa baitu niretzat. Baina mendiak hirira ekartzeko jaitsi nintzen Arbilera».