Venezuela ala Zaldibia, Saint-Denis ala Ajaccio
Bigarren aldiz sei hilabete eskaseko epean, halako nahi eta ezin batek asaldaturik bizitzen ari gara espainiar hauteskunde kanpaina GARA egunkarian. Euskal Herria aintzat hartzen duen edonorentzat guztiz arrotzak dira gai nagusi gehienak, bai eta horiei ekiteko erak ere. Ageriko adibide bat emateagatik, Venezuelako egoerari eskaintzen zaizkion arreta maila eta ikuspuntua bera (espainiar “probintziarena” alegia) ulertezinak egiten zaizkigu, eta, aldiz, nabarmena da Ebrotik behera eta Ebrotik gora ere zein gutxi hitz egin den Goierrin, Debagoienean, Azpeitian eta Ispasterren egindako galdeketez (Arenys de Munt Kataluniako herrian bere garaian egindakoaz baino dezente gutxiago)...
Marko espainiarraren nagusitasunak adierazpide ugari ditu. Eztabaida gaietan ikusten da, baina, pertsonei erreparatuta, askoz gehiago: ez da izango Euskal Herrian asteleheneko debatean parte hartu zuten lau politiko espainiarrak ezagutzen ez dituen herritarrik, baina, kontrako norabidean, oso-oso gutxi izango dira bere herrialdeko lau indar nagusien Kongresurako zerrendaburuak asmatzeko gai, nahiz eta hilaren 26ko botopaperetan agertuko diren izen-abizenak eurenak izan.
Ekidinezinak diruditen gai eta pertsonen ezagutzarekin batera hirugarren osagai bat ere badu kolonizazio moderno honek: kolonizatuak hartzen duen posizioa. Esaterako, 2011ko azaroko Estatuko hauteskunde kanpainan eta legealdi horren hastapenean euskal markoak bazuen indarra espainiarraren aurrean: Aieteko Konferentzia eta ETAren erabakia fresko-fresko zeuden, gerora gainera Kataluniako eta Eskoziako burujabetza prozesuek pisu handia hartu zuten, EAJk 2016rako estatus berria agindu zuen... Aurkariz inguraturik, Iniestak berak ere sinatuko lukeen jokaldia asmatu zuen Madrilek autogobernuaren aurkako ofentsiba abiatuz (Iruñeko eta Gasteizko legeen kontrako helegiteak ikur nagusi), jakina baita defentsarik eraginkorrena eraso on bat izan ohi dela. Eta Iñigo Urkulluk kosk egin zion amuari, baita gustura irentsi ere, irabaz litekeenaren aurrean galtzeko zegoena nabarmentzen hasi baitzen. Estatus berrirako konpromisoa beste behin ere tiraderan sartu eta iraganeko bide antzuen ikur diren PSOErekiko akordioen karpeta atera zuen bertatik. Gauzak horrela, marko espainiarra ontzat jotzeko aliantza taktiko modukoa sortu da, berez hain ezberdinak diren EAJren eta Ahal Duguren artean. Azken horri, noski, bereziki interesatzen zaio fokua Madrilgo Puerta del Sol ezagunean jartzea, zero kilometroa, abiapuntua eta amaiera, bertan du-eta. EAJk, bere aldetik, jakin badaki joko zelai horretan aritzeak ez dizkiola berebiziko hauteskunde emaitzak ekarriko, baina baita horrek kalte handirik ere ez diola eragingo: berdinketarekin irabazten dutela aspaldi dute barneratuta Sabin Etxean, partida guztiak 0-0 bukatzea lidergoari eusteko aski dute eta.
Futbolaz ari garelarik, Eurokopa jokoan da asteotan, horixe bera ere dudarik gabe espainiar markoaren zutabe nagusietako bat. Euskal agenda indartsu zen 2011ko talaia hartatik, bazen –2016an agian ez baina 2020an bai– euskal selekzioa lehian izango zela iragartzen zuenik –aldagai objektiboei begiraturik, izaeraz, tamainaz eta mailaz ez baikara Gales, Islandia edota Albania baino gutxiago–. Ez da gertatu. Askori etsipengarria ere egiten zaio duela lau-sei-zortzi urtetik hona espainiar selekzioa nola joan den hemen tokia egiten eta lehen ikusezinak ziren elastiko gorri-horiak nola hasi diren gure kaleetan ikusten. Eta talka armatu lazgarriaren bukaeraren ondoriotzat ere hartuko du agian. Baina nahiko normaltzat hartu behar da gertatutakoa. Arazoa beste bat da: aukera berriak eskura zituen euskal selekzioak ofizialtasunaren bidean aurrerapausorik ez du egin, eta gaur ez du Parisko Saint-Denis estadioan jokatzerik izango (are gehiago, nahiko lagunarteko tristea jokatu berri du Ajaccion). Eta zerikusirik ba al du horrek hauteskunde kanpainarekin? Bai, badu, ondorio berera iristeko balio baitu: euskal markorik ez bada, prozesurik ez bada, espainiar markoa jaun eta jabe da eta izango da. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
