Belarrak
Udako lehen egun beroarekin batera egiten ditugu etxean belarrak. Arratsaldea arrastaloa eta sardea eskutan hartuta pasa dugu biok. Zeri buruz idatzi ez nekiela esan diot eta azkar bota dit erantzuna irribarrez: «Niri buruz!». Gai asko nituen buruan. Guztiek batera alde egin dute eta belar pizarrak bildu ahala berari buruz idatziko ditudanak ere biltzen hasi naiz.
Jaio nintzenean, denek oso neska polita nintzela esaten zuten; aitaren berdin-berdina. Berak azkar atera zuen ondorioa: alaba polita bada, aita ere bai. 30 urte beranduago bere antza dudala esaten diotenean, pasadizo bera kontatzen du eta seguru nago orduan bezalaxe egiten duela irribarre.
Umore fin-fineko gizona da gure aita. Tabernan lan egiten zuenean «baserriko txipiroiak» eskaintzen zituen eta bezeroen barre algara lortzen zuen. Kotxe berriak eramaten dituzten kamioiak ikusita zergatik galdetzen genion umetan eta «ordainsaria ez ordaintzeko» esaten zigun. Iaz, bera min hartuta zegoelako, nik ekin behar izan nion ardi jezteari lehen aldiz nire bizitzan. Berak instrukzioak ematen zizkidan, barre egiten zuen, hala moduz moldatzen bainintzen eta «eskerrak ez duzun ardi esnetik bizimodua atera behar» esaten zidan irribarrez. Agian horregatik gustatzen zaizkit hainbeste txisteak, hitz jokoak eta umorea.
Lehen aldiz zinera amarekin nobiotan hasi zenean joan eta lo hartu zuen. Sarrera alferrik ordaindu zuela-eta ez zen gehiago itzuli “Loreak” estreinatu zuten arte. Ume txiki bat bezala joan zen zinera, ilusioz beterik. Sekuentzia bateko protagonista izan zen eta bera bezain harro ibili ginen etxekoak, pantaila handian azaltzen zela jakinda.
Belarretan pasako dugu astea eta urteroko erritualak egingo ditugu: pizarrak bildu, traktorearen atzetik ibili eta azala erre. Erdi brometan esan dit berari buruz idazteko eta behingoagatik broma serio hartu diot. Belarrak ontzeko eguraldi ona eta beroa behar dira. Niretzat eguzkiaren alde onena itzala izan arren, belarrak egitearen alderik onenetako bat aitarekin denbora pasatzea eta bere lanetik ikastea izaten da. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
