Juantxo EGAÑA

Bilboko portuko emakume zamaketariak

XIX. mendearen amaieran, Bilboko portuan, emakumeek egiten zituzten zamaketa lanak, batez ere ikatza deskargatzeko lanak. Laneguna oso gogorra izaten zen: askotan hamabi ordura ere iristen zen. Eta horri etxean egiten zuten lana batu behar. Hori guztia gutxi ez, eta gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen zieten. Emakumeok sufritzen zituzten lan baldintza kaskarren berri eman zuen garaiko zenbait komunikabidek, “El Liberal” egunkariak kasu. Eta langileek ere protesta egin zuten egoera salatzeko. 1903. urtean Portuko Langileen Elkartea sortu zuten. Egile ezezaguneko argazkian ikatzaren deskarga jasotzen da. Argazkia Keystone etxeak zabaldu zuen, AEBetako Pennsylvania estatuan sortua eta irudi estereoskopikoetan espezializatua.