Isidro Esnaola

Onura publikoa lehenesteko adorea

Urte politikoaren amaiera bete-betea dator. Orain dela urtebete Greziaren eta Europar Batasunaren arteko krisiaren une gorena bizi zen. Aurten, berriz, Brexit erreferenduma eta Estatu espainoleko hauteskundeen errepikapena utzi dituzte ekain bukaerarako. Horrela jarraituz gero, gai potoloak uda hasierarako uztea ohitura bihurtuko da azkenerako. Beharbada despiste kolektibo baten bila ariko dira, urtearen sasoi honetan jendeak beste gauza batzuk baititu buruan...

Gure masa gizartean indibidualismoa goraipatzen den arren, jardueretan jendea oso taldekoia da. Hautematen ditugun egoerei erantzun berdintsuak ematen dizkiegu. Hortaz, adibidez, aldaketaren aurrean beldurra sorrarazten maisu bihurtu dira batzuk. Brexit erreferendumaren kasuan mota guztietako gaitzak agindu dituzte: hondamendi ekonomikoa, bakardade politikoa, terrorismoa, eta abar. Estatu espainoleko hauteskundeetan ere, zenbait alderdiren mezu nagusia beldurrari lotuta joan da.

Natura taldekoi hori ez dago jarduera politikoarekin lotuta soilik. Esparru ekonomikoan ere antzematen da. Diru eta baliabide kontuetan jarduera orokorrak zalantzan jarri gabe, hausnarketa minimorik gabe, korronteak egiten duena jarraitzea ohikoa da. Joera hori, batez ere, esparru publikoan da arriskutsua, guztion aberastasuna eta ongizatea kolokan jartzen direlako. Sektore publikoan aritzeak guztion ondasunera sarbidea ematen du eta guztiona den horren gaineko kontrola nola gauzatzen den klabe izaten da. Gardentasuna eta kontrol demokratikoa eta ondasun horiek norberaren probetxura erabiltzeko tentaldia alderantziz proportzionalak dira. Horren ondorio da jendartea gero eta demokratikoagoa izan, orduan eta ustelkeria kasu gutxiago ematen direla.

Ondasun publikotik probetxu pribatua ateratzea nagusiki bi modutan ematen da. Gizartea edo egiturak nahiko egonkorrak direnean, aldaketa gutxi ematen direnean, egitura burokratikoetan esate baterako, erabilpen horrek mesede kate baten forma hartzen du. Bakoitzak betetzen duen tokia beste batzuei mesedeak egiteko erabiltzen du. Orain mesedeak jasotzen dituzten horiek, hori bai, etorkizunean faboreok bueltatzeko eskatuko dute. Horrela ehun oso konplexuak saretzen dira, non denak beste guztien zordun diren, eta, momentua iritsita, zorra bueltatzeko eskatuko duten.

Egiturek egonkortasun gutxi duten kasuetan, take the money and run esapidea jarraituz, mesede horiek diru bihurtzen dira. Etorkizuna aldakorra da eta batek daki mesedea bueltatzeko aukera izango duen zordunak. Likidezia lehenesten da. Egoera egonkorretan sortzen den itzal sare hori ustelkeria bilakatzen da aldaketa nagusitzean. Aurreko eredua egitura burokratikoan ematen bada, ustelkeria egitura politikoetan hedatzen da gehiago. Administrazioan lortutako karguak nahiko egonkorrak badira ere, kargu politikoak askoz sarriago aldatzen dira.

Harrigarria da jendeak nola onartzen dituen joera nagusiak horiek, duda ere egin gabe. Egitura horietara iristen diren kide berriek funtzionamendua berehala ulertzen dute eta joko horretan integratzen joaten dira. Nonbait oso barneratuta dago norberak ezer baino lehen bere onura bilatu behar duela. Ideia horrek balioren bat izan badezake ere esparru pribatuan, esparru publikoan ez du inolako lekurik. Izan ere, sektore publikoan kontraesankorrak dira norberaren onura eta ongizate orokorra: zuzendaritza postuetara pertsona egokiena iristen ez bada, horren ondorio kaltegarriak gizarte osoak jasango ditu etorkizunean, baita pertsona hori postu horretarako gomendatu duenak ere. Administrazio publikoaren kontura norberaren poltsikoa betetzen bada, altxor publikoaren kontura izango da eta horrek nahi eta nahi ez sektore publikoak eskain ditzakeen zerbitzuak kaltetuko ditu epe luzean. Oso adibide argia eskaini zigun mediku batek asteleheneko egunkarian (http://goo.gl/h4k0sk). Horrelako giroan onura publikoa lehenesten duten lagunek meritu izugarria dute. •