Zertan datza eskolan arrakasta izatea?


San Joan suak amatatzen ari dira bazterretan. Ikasle andana ikusi dut San Joan bezperan sutara hurbildu, eta sutsuki eskolako koaderno eta apunteak sutara botatzen… Deigarria da azken urteetan indarra hartzen ari den ohitura hori. Interesgarria litzateke ikuspegi antropologikotik gertaera aztertzea. Gure zaharrek su purifikatzailean espiritu eta bizipen txarrak erretzen zituzten antzera, ikasleek ikasturteko edozein aztarna ezabatu nahiko balute bezala: sutara bota, erre eta ahaztu.
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ikasleek amaitu dituzte ikasturte honetako egitekoak. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleei, berriz, egun batzuk besterik ez zaizkie geratzen. Amaierak, beste zenbait gauzen artean, ikasturtearen ebaluazioa dakar. Hezitzaileok, era batera edo bestera, kalifikatuta edo txosten bidez, neska-mutilei egin dizkiegun azterketen eta begiraden bidez ikasturtea arrakastaz gainditu duten ala ez eman dugu irizpena.
Zer ote da, baina, eskolan arrakasta izatea? Gehiegitxotan arrakasta hori eskolako notekin lotuta dator; nota onak dituztenak lortu dutela arrakasta, alegia. Zenbateraino ote da, ordea, gure kezka arrakasta hori maila akademikoan edo maila pertsonalean erdietsi den aztertzea, edota kontuan izatea!
Ezagutu ditugu eskola nota bikainak lortu dituzten neska-mutilak, eskolaren ikuspegitik apartak direnak. Arazoak eta zailtasunak, ordea, beren buru edo sentimenduak eta beldurrak kudeatzeko orduan agertu dira. Eta ez dira kasu isolatuak, zoritxarrez. Beraz, arrakasta akademikoa eta pertsonala ez datoz bat, nahitaez.
Zenbatetan hartzen ote dugu kontuan hezitzaileok azterketan erantzun edo esan duenetik haratago neska-mutil horri gertatu zaiona, edo bere inguruan gertatu dena. Zenbatetan baloratu ote dugu bizitzako egoera arruntak eta ez hain arruntak maneiatzeko erakutsi duen gaitasuna?
Bestalde, eskoletan garaiotan egiten diren ebaluazioak hezitzaileok dugun boterearen erakustaldia dira oraindik ere hein handian. Kasurik gehienetan, ikasleak jarraitzen du izaten ebaluatu bakarra. Ebaluatzeke geratzen dira, edo gutxi ebaluatzen ditugu irakaste prozesuak, bitartekoak, erabilitako metodologiak, eskainitako materialak, aukerak... eta azkenik, zergatik ez esan, hezitzaileon jarduna bera ere.
Aspaldi da ebaluazioa irakaste-ikaste prozesua hobetzeko eta doitzeko tresna izatetik, tresna hezitzaile izatetik, helburu izatera pasa zela. Eta helburu bilakatu zenean ikasleek eskolak ipinitako langak gainditzen dituzten bai ala ez neurtzera soilik mugatzen hasi zen.
Itxaropenez entzuten dira hainbat ahots ebaluazioa hezitzailea izateaz gain demokratikoa ere izan behar dela diotenak: hezitzaileak ikaslea ebaluatzeaz gain, ikasleak bere burua, ikasleak beren artean eta hezitzaileek metodologiak, prozesuak eta beren jardunak ere ebaluatu behar dituztela dioten ahotsak. Ebaluazioaren demokratizazio horrek, neurri batean, hezitzaileak duen boterea eta ebaluazioa den botere tresna elkarbanatzea eskatuko luke, eta hori, momentuz, ortzemugan urrun samar ikusten da.
Lehengo batean ama bat kexu zen dena ebaluatzeko dagoen sukarraz: eskolaz kanpokoa, jangela, eta abar. Egin behar horretan, azpimarra jarri dugu, gainera, zer hobetu behar duen edo non ez den iritsi guk ipini dugun gutxienera.
Ama horri begira gogora etorri zitzaidan munduan barrena aulki gurpildunean dabilen lagunak esandakoa. Bere aulkitik, oinen gainean ustez pauso egokiagoz gabiltzanok mundua antolatzeko moduari begiratzeko era berezia du. Zenbaitetan mundua denontzat izan dadin egiten duen lanaren gainean hitz egin didanean bezala, egun hartan ere aho zabalik utzi ninduen «neska-mutilak zoriontsuak diren ala ez ebaluatu beharko zenukete» esan zidanean.
Izan ere, eskolan arrakasta lortu duten ikasleak ez ote dira, gehienetan, eskolara hobekien egokitu diren ikasleak, sistemak eskatutakoa erantzuten asmatu dutenak, alajaina? •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
