Agroekologia gizarteratzen eremu akademikotik

Mapan proiektuak kokatzen hasita, azken hamar urteotan Euskal Herrian agroekologiaren baitan sortu den proiektu kopurua, bere txikitasunean, adierazgarria dela esan daiteke. Horrek badu bere arrazoia: ekonomia sozial eta eraldatzailearen testuinguruan indar handia daukate nekazaritza, ingurumenaren zaintza, elikadura osasuntsua, tokiko garapena eta gizarte-harremanak lotzen dituzten proiektuek. Azken finean, ekimen erabat zentzudunak dira, beraien erpin guztietan muinez eta logikaz beteak daudenak.
Nekazaritza-ekoizpena aldatzen ari da eta egungo testuinguruan ezinbestekoa da jendarte osoak ulertzea lehen sektorea estrategikoa dela. Erabat desprestigiatuta dago, baina gizarte osoak barneratu behar du nekazaritza aukera erreala bilakatu behar dugula gurean ere. Ekoizpen ereduaren auzian (oraindik) sartu gabe, kontuan izan beharko genuke euskaldunok jaten dugunaren %90 baino gehiago Euskal Herritik kanpo ekoitzitakoa dela. Hori horrela, guztiz nabarmena da elikadura burujabetza ez dela nekazarien auzia bakarrik, gizarte osoarena baizik. Lanketa horretan, agroekologiak eskaintzeko asko dauka.
Alderdi sozialak eta ekonomikoak
Agroekologia, nolabait esateko, ekoizpen eredu ekologikoa eta elikagaien ekoizpenarekin lotzen diren alderdi sozialak eta ekonomikoak batzen dituen paradigma da. Alegia, tokian tokiko ekoizpen eta kontsumo-ereduan eragiten duen planteamendu batez ari gara: naturaren mugak onartuz, naturarekin batera (eta ez bere aurka, orokortua dagoen nekazaritzak egiten duen eran) janaria ekoiztea du helburu, elikagai eta ingurumen osasuntsuak lortu aldera.
Horrezaz gain, eta maila berean, landa-eremuaren garapen ereduan, genero berdintasunean eta, finean, gizarte harremanetan ere jartzen du arreta agroekologiak. Ekoizpen ereduari bezainbesteko garrantzia ematen die nekazarien lan baldintzei, herritar guztiek lokalki ekoiztutako elikagai osasuntsuak lortzeko aukera izateari zein guztien arteko harremanei.
Agroekologiak eskaintzen duen ikuspegiaren hausnarketa gero eta zabalduagoa dago eremu desberdinetan. Izan ere, agroekologiaren izaera holistikoak bere dimentsio teknikotik (ekoizpen-mailatik) harago dimentsio sozioekonomikoa eta politikoa ere jasotzen ditu, eta horrek egiten du arlo ezberdinetan jarduten diren pertsona eta kolektiboen intereseko gai izatea. Azkenaldian alderdi horiek guztiak ahoz aho dabiltza, agroekologiak elikadura burujabetzaren aldarriari bidea eman diezaiokeelako.
Akrologiaren inguruko hausnarketa gero eta zabalduago horretan, Udako Euskal Unibertsitateak berak ere ekin dio azken urteetan agroekologiaren lanketari, ikastaro ezberdinak eta graduondokoak antolatuz. Aurten ere, saio pare bat programatu dituzte. Horietako bat, “Agroekologia: trantsiziorako gure bideak lantzen”, datorren uztailaren 14an egingo da, Eibarko Markeskoa jauregian. Hain zuzen ere, hastapenean aipatutako alderdi sozioekonomikoan murgiltzea du xede ikastaroak, modu parte hartzailean dimentsio horren helburuak eta irizpideak zehaztuz. Hau da, agroekologiak gizartearekin eta ekonomiarekin duen harremana landuko da.
Oñatiko Ortuzabala proiektuari bisita
Aldi berean, proiektu agroekologikoak martxan jartzean, dimentsio sozioekonomikoa garatzeko egon daitezkeen zailtasunak eta aukerak aztertu nahi dira (nola bermatzen dira genero ikuspegia, lan baldintza duinak, proiektuaren iraunkortasuna eta bideragarritasun ekonomikoa…?), horiei irtenbide kolektiboak topatu aldera. Horretarako, dagoeneko Euskal Herrian abian dauden hainbat adibide landuko dira, berauen dimentsio sozioekonomikoa gaur egungo errealitatea zein gaur egungo zailtasunak eta aukerak nola jorratu kontuan izanik aztertuz.
Goizean zehar ikasgelako saio parte hartzaileak egin eta gero, ikastaroa Oñatiko Ortuzabala proiektuari egindako bisitarekin borobilduko da arratsaldean. Nekazaritza ekologikoaren baitan lau emakumek garatutako ekoizpen-proiektu horrek bi urte beteko ditu laster. Agroekologiaren dinamika eta ekimen ezberdinetan buru-belarri murgilduta dago Ortuzabala, eta gutxika aurrerantz doa. Hori bai, emakume baserritar hauek azalduko duten bezala, zailtasunak ere badauzka.
Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroaren antolaketaz arduratzen ari diren Mirene Begiristain Ekonomia doktoreak eta Marijo Imaz Agronomia doktoreak azpimarratzen dutenez, helburua da jendeak buruan dauzkan sinesmenak kuestionatzea. Proiektu agroekologikoetan parte hartzen ari den edonorentzat interesgarria izango da, “gako” ezberdinak landuko baitira, baina baita agroekologiara aurrenekoz hurbiltzen denarentzat ere, kontzeptualizazio lan batekin hasiko baita ikastaroa, gero sakontzen joateko. Izena emateko epea zabalik dago oraindik.



