Idiosinkrasia Espainian
Aldez aurretik bagenekien ekainaren 26ko hauteskundeak ez zirela euskal nazioarentzat joko-zelai erosoa, ekipo lokalak etxean ari zirelako euskal taldeentzat arrotza den liga batean. Eta, hala ere, partida jokatu behar zen, oraingoz. Liga propioa sortu arteraino.
Aste osoan zehar denetariko azterketak, iruzkinak, kalkuluak eta kabalak ikusi ondoren, oraindik ez dut inon irakurri azalpen argirik ulertzeko nire aburuz ulertezina den misterioa: nola den posible krisia pairatu duten langile xumeek botoa ematea krisian murgilarazi dituzten agintari berberei. Nola ulertzen da Mariano Rajoy izatea boto gehien eskuratu duen politikaria, behin eta berriz, eta sistematikoki, bera izan bada barometro guztietan nota baxuena atera duen buruzagi politikoa? Nola ulertzen da ustelkeria izatea espainiarren arduretariko bat eta alderdi ustelenari konfiatzea gobernua?
Kategoria politikotik harantzago doan fenomenoa da. Azalpenak freudianoa behar du izan: espainiarrek munduaren ikuspegi fatidikoa dute, eta plazera ematen die galtzailearen estetikak, herritar sardiniarrei gertatzen zaien antzera: beti daude prest beren teilatura harriak botatzeko eta beren burua gutxiesteko.
Hizkuntzak zantzuak ematen dizkigu hiztunen izaera ulertzeko, herri baten idiosinkrasia bere hizkuntzak jasotzen du eta. Herriaren kosmogonia, herri jakintza, umorea, malizia eta sarkasmoa fosilizatuta geratzen dira atsotitzetan eta esaera zaharretan.
“Por la paz un avemaria” esaten dute nahiago dutenean apur bat fastidiatzea istilua saihesteko. Une batean norberarentzat kaltegarri suerta badaiteke ere, onuragarria da denontzat eta, zeharka, norberarentzat ere bai, epe luzera.
“Más vale lo malo conocido que lo bueno por conocer” esaldiaz agerian jartzen dute ezezagunak sorrarazten dien izuak, izuak gehiago harrapatzen baititu ilusioak ekar diezaiekeen onurak baino. Zertarako arriskatu, daukadana ere gal badezaket.
“Ojos que no ven, corazón que no siente”, azken finean, inoiz ez badugu ikusi gizarte ideala, ez dugu gabetsi ere egiten, eta agian existitu ere ez da existitzen.
“A falta de pan, buenas son tortas”, hobe da daukagunaz konformatzea, ogia lortezina denean.
“Agua pasada no mueve molino”, joandako aukerak ez ditu aldatuko gauzak honezkero.
“De aquellos polvos, estos lodos”, ezer ez baita kasualitatea, eta aurretik oker jokatu badugu, espero izatekoa da orain ondorioak pairatzea.
“Sarna con gusto no pica” eta, beraz, ezin gara kexatu gertatzen zaigunaz, guk erabakitakoa da eta.
“Con un clavo se saca otro clavo” edo, bestera esanda, “mal mayor quita menor”, arazo handia izateak badu abantaila, beste arazo guzti-guztiak txiki agertzen dituela. Gaitz erdi.
“El que no se consuela es porque no quiere”, beti baitago txartoago egoterik.
“Bien vengas, mal, si vienes solo” edo, bertsio arruntagoan, “las desgracias no vienen solas”, zer inporta du kalamitate bat gehiagok, aurretik ditugunak kontuan hartuta.
Errefrauek agertzen digute gizarte etsia, pragmatikoa, fatalitatearen menpekoa, utzia: “mal de muchos consuelo de tontos”, “más vale pájaro en mano que ciento volando”, “no hay mal que por bien non venga”, “poco mal espanta y mucho amansa”, “procura lo mejor, espera lo peor y toma lo que viniere”. “Discrección es saber dismular lo que no se puede evitar”.
Eta halaxe gabiltza, denak diskreto-diskreto, inkestagileei botoa ezkutatzen, Rajoyri puntuazio baxuena ematen eta, segidan, alderdi ustelena eta agintari autoritarioarena berriz ere aupatzen Espainiako Gobernua berreskura dezan. Fatalitatea ezin baita ekidin. Hau da dagoena eta ez dago besterik. Ezin dena ezinezkoa da eta, gainera, inposiblea da. Amén Jesús. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
