Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Barnera haztea, haztea da

Azken txanpan sartu da Gasteizko azken birdentsifikazioaren plangintza ikaragarria. Iragan ekainaren 27an EAJk, PSEk eta PPk argi berdea eman zioten haren birpartzelazio proiektua zehazteko prozesuari, zeinak 11.000 etxebizitza berri gehiago eraikitzeko balioko duen. Hamaika mila. Zorabiatzeko moduko kopurua, egungo testuinguruan guztiz ulertezina. Zertarako hainbeste adreilu, dagoeneko erraldoiak diren (eta oraindik amaitu gabe dauden) Salburua eta Zabalgana auzo berrietan?

Barnera haztea ekologikoena omen delako, esandako alderdi politikoen arabera. Eta egia izango da, hazteko beharra egonez gero: lurzoru gehiago urbanizatu ordez, aukeran hobea dirudi jada urbanizatuta dagoena birdentsifikatzea. Baina ez da hori Gasteizko egoera urbanistikoa, inondik inora. Azken birdentsifikazioak gehituko dituen 11.000 etxebizitza berri horiek zenbatu gabe 22.000 etxe baitaude dagoeneko planifikatuta. Aski eta sobera hurrengo (hogei, hogei eta bost?) urtetarako, bilakaera demografikoari begiratuta.

Birdentsifikazioa egokia litzateke oraindik urbanizatu gabeko lurzoruen desklasifikazioekin batera planteatuko balitz. Toki batean etxe gehiago egin (Ibaialdeko eta Arkaiateko 11. eta 12. sektoreetan, adibidez), bestean eraikitzeari uko eginez (Aldaiako 5b sektorean eta Olarango 14. sektorean, kasu). Baina ez da horrela pentsatu. Betiko bi argudioengatik, bereziki: batetik, planaren aldaketarako beranduegi omen delako (ekintza burutuen politika), eta, bestetik, hirigintza-desklasifikazioen kontra epaitegietara jo omen dezaketelako jabe partikularrek.

Baina hirigintza beti alda daiteke. Areago uneotan, Gasteizko Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra berritzeko fasean murgilduta gaudela. Azken batean, Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren berrikuspena parada oso egokia da birdentsifikazioa zuzentzeko. Gainera, serioski planteatzen ari dira arestian aipatutako desklasifikazio/birdentsifikazio binomioa aplikatzea beste zenbait sektoretan (San Prudentzioko 17. sektorean eta Elorriaga-Arkautiko 18. sektorean), betiere 11.000 etxe berri horiek biltzen dituen planetik kanpo. Ez da ulertzen irizpide-ezberdintasun hori, tokiaren araberakoa, arazo berdin-berdin baten aurrean. Epaitegien mamua ere ez delako aitzakia sendorik, jabe partikularrek ez baitute Urbanizatzeko Jarduera Programak (PAU) ezarritako epea bete.

Harrigarria da, azkenik, Eusko Jaurlaritzak apenas ezer esatea afera honi buruz. Bazirudien urtarrilean onetsitako 4/2016 Dekretuan, non egoitza-kuantifikazio berria ezarri baitzen, Gasteizek ezin izango zituela 26.000 etxebizitza berri baino gehiago eraiki datozen hamasei urteetan (zifra hori ematen du kalkulu berriak). Baina, PPko hirigintza-zinegotzi ohiak publikoki aitortu bezala, Gasteizko Udalak propio eskatu zion Eusko Jaurlaritzari salbuespen bat ezartzea Dekretuan, eta, ondorioz, 7.b.1 artikuluan birdentsifikazio operazioak gehienezko kopuru-mugatik salbuetsi ziren. Barnera hazten jarraitu ahal izateko. Beharrezkoa izan ez arren. •