Bisitarien eta aisialdiaren marka
BBK Live jaialdiaren kartelari begira nago eta ez dut apenas talderik ezagutzen. Esku bateko atzamarrekin zenbatu ditzaket aurretik entzun izan ditudan taldeak, eta horietatik bat –C Tangana– ez dut urrunera ere ikusi nahi. Bai, ziur proposamen dotoreak galtzen ari naizela, baina denboraren, orduen eta bizitzaren bizi izatea honelakoa da: etengabe gabiltza aukeratzen, gauza bat edo beste egiten, hautatutakoaz gozatzen edo sufritzen eta alboratutakoa hartuz gero zer egin ahal izango genezakeen inoiz jakin gabe.
BBK Live, autobusez garraiatutako 100.000 pertsona mendixka batean ordu luzez edo egunez dezibelio eta jendarte artean preso edo gustukoen duzun giroan aske topera! Segun eta botila nola ikusi nahi duzun! Tira, botilak ez, ezin dira bertan erabili, eta are gutxiago tapoiekin. Euria egingo duen ere ez gaude ziur, baina aterkinik ez, mesedez. Izan ere, guardasolak zein botilak arma aski arriskutsuak izan daitezke gu baino gazteagoak diren artistentzat. Artistak? Artistak ote! Gizajoek nora etorri diren jakingo ote dute? Azalduko al diete antolatzaileek? Eta akaso axola al zaie Ingalaterra eta Frantziatik festibalera etorritako milaka musikazale eta parrandazaleei? Hotelak, jatetxeak eta tabernak beteko dituzte, hori da “Marca Euskadi” delakoaren helburu nagusia.
Marka honekin jarraituta, saskibaloiarekin erdiesten ez duena lortzen ahalegindu zen Ortuzar: Bilbao Arena delakora Scorpions talde dinosauro heavya ekarri eta lehen kantuan taldearen atzeko pantaila erraldoian Aberri Egunean ere inoiz ikusi ez den pareko ikurrina –euskal ikurrina– itzela. Pena, Andoni, hirugarren kantuaren ostean atseden hartu eta ikusleak agurtzerakoan Alemaniako taldearen abeslariak “Spain” behin eta berriro esan izana. Horien aurretik agertoki gainean modu askoz xumeagoan aritutako Suediako Sabaton taldeko abeslariaren “eskerrik asko”-ek txaloz bete zuten halako saskiratzerik aspaldi ikusi ez duen estadioa. Berriki Eskandinavian Euskal Herriari buruz argitaratutako gidak izango du zeresana.
Izan ere, mundua hainbeste globalizatu duten honetan askotan guk geuk ere zaila dugu non gauden jakitea, gure burua kokatzea. Horren adibide dira salbuespen gutxi batzuk izan ezik musika jaialdi erraldoiek eskaintzen dutena eta askok eta askok horietara jotzean aurkitu nahi dutena. Horietatik salbu daude Euskal Herria Zuzenean, inongo zalantzarik gabe, eta, beste arrazoi bategatik, Azkena Rock: gehienak Jurasic Park-eko taldeak eta ondorioz –hain kutsatuta ez gauden– ikusle tradizionalagoak izan ohi garelako. Baina gaur egungo jaialdi-erraldoi-zale askok musikaz harago dauden entretenimenduko beste elementu batzuk bilatzen dituzte, eta, gero eta parke tematiko kutsu handiagoa izan, hobeto! Halakoetan ikusi izan ditut telebista bidez iragarkietan bonbardatzen gaituzten marken standak –hori bai dela etxeraino sartzea, zure aisaldiraino!–, supermerkatuak, azalerako krema erakustaldiak, banku-kutxazainak, produktuen erakustaldiak, noriak eta tirolinak... Eta zinez diotsuet jende asko horien hutsuneagatik kezkatu eta kexatuko litzatekeela...
Jaialdi horiez gain, egunotan Euskal Herriko hiri eta herri asko kanpotarrez beteko zaizkigu. Hemingwayk eta Jarauta kaleko parranda itzelak sanferminetara erakarritako australiar, amerikar eta “anglo” aurrekaria duten hainbat eta hainbat egarri itsuz edozein iturriri heldu eta jauzi egiteko prest, alde batetik. Eta Donostiako Jazzaldiak eta parekaezineko ingurune horrek erakarrita frantziar jatorria dutenetako asko eta asko liluraren liluraz urez bustitako “Austrien Madrilen” baleude bezala.
Eta non gelditu dira orain hogei urtetik gora Donostiako “Salve”-ra espresuki poliziaren kontra harriak botatzera etortzen ziren italiar andana haiek? Eta Bilboko Aste Nagusian hiriko lorategiak hankaz gora jartzen zituzten Espainiako probintzietako pies negros eta asteburuko punk haiek? Eta Manteca herrena? Haiek bai marka, soinu banda eta parke tematikoak, ondo definitutakoak. •

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

«Pertsonalki, greba oso gogorra izan da, baina merezi izan du»
Sinetsarazi nahi digute, baina...
