Mikel Zubimendi

Etorkizun hobea argitzea da arima zartatuen sendabidea

Badira sendatu egiten diren zauriak. Hautsitako hezurrak, adibidez, osatu egiten dira. Arima zartatuak, ordea, ez. Zauriok bestelakoak dira. Bizitza ez ohi da berdina izaten jasan dituztenentzat. Ezta beren familia eta lagunentzat ere. Ezagutu duten infernutik bueltatu, sufritu zuten tormentua pasa, eta, gerora ere, beren gorputza eta burua desitxuratzen segitzen dute.

Bai, batzuetan zenbakiek ez ikusiarena egitea eragozten duten errealitate bat adierazten dute. Gezurrik esaten ez duten zenbakiak dira, pertsonaren duintasuna eta osotasuna errespetatzen duen edonor asaldatzen dutenak. Lakuak agindutako eta Paco Etxeberria mediku forentseak zuzendutako ikerketaren behin-behineko ondorioak jakin dira berriki. Soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 4.009 euskal herritar torturatu dituztela egiaztatu da, gehien-gehienak Guardia Zibil eta Polizia espainiarrak, baina, baita, 311, Ertzaintzak ere. Hiltzeraino torturatuak 11, ehunka ospitaleratuak. Eta, aldiz, zigortutako torturatzaile apurrak indultatu egin dituzte, are, biktimei irain eginez, gero kondekoratu dituztenak ere badira. Ikerketa horrek argi adierazi eta nolabait ofizial egin du ezkutuan mantendu nahi izan duten errealitatea, komunikabideek eta politikariek gutxietsi eta epaileek bermatu dutena.

Euskal Herrian tortura ez da soilik praktika krudel eta aberrantea izan. Jazarpen eta terrore sistema bat izan da, ezkerreko komunitate abertzalea umiliatu eta gizatasunez hustea izan duena helburu, bere indarren gaineko konfiantzaz hustu eta bere borondate kolektiboa akabatu nahian. Milaka euskal herritarren gorputzen leku intimoenetan eragindako mugagabeko botere erakustaldi siniestroa izan da, herri honen kontrako masazko biolentzia mekanizatua.

Gure testuinguru geografikoan ez da egongo, hamarkadetan zehar, bi erregimen ezberdin eta tartean trantsizio bat izan dituen Estatu batek hain modu sistematiko eta zigorgabean lurralde jakin batean kokaturiko populazio zehatz baten kontra tortura hain masiboki erabili duen beste kasurik. Muturreko sufrimendua eragin dieten milaka herritar horien gorputzek, eraso zital baten pean, salbuespen egoera anker batean instalatuta, elkarbizitza parametro arrunt edo arrazional orotik kanpo egon den gizarte bat gorpuztu dute. Legalizatua edo ez, tortura talismana izan da hemen, espainiarren botere praktika. Eta tabua ere izan da, denek zekiten egiaren zigorgabetasuna gordetzeko erabilia. Hemen, Donostian adibidez, San Martin kaleko Espainiako Justizia jauregitik bostehun metrora, La Cumbre jauregian, tortura gune klandestino bat martxan egon da urte luzez. Tortura erabiltzen zuten indar polizialak zuzentzen zituzten politikariak Gasteizko Gobernuan egon dira, EAJrekin ituna eginda, EAJ beste alde batera begiratzearen eta sudur-zuloak tapatzearen plantak eginez ibili bazen ere.

Bizi osorako zigorra justiziaren adierazpide goren egin dutenek, pasio baxuenak xaxatuz salbuespenezko egoera betikotu nahi duten horiek, minimoki irekia den mentalitate oro higuintzen duen populismo zigortzailea elikatzen dutenek, torturaren egia lurperatu nahi lukete. Errealitate bezala, gerra zikinak bezala, herri honetan azken bost hamarkadetan gertatu denaren inguruko errelato fidela baldintzatu eta aldatu egiten duelako. Haien bertsio faltsu, partzial eta konponbide justu baterako oztopatzailea agerian uzten duelako, beren ustezko nagusitasun morala, pulpitutik predikatua, bere pisuz erortzen delako. Horregatik ukatzen dituzte gertakariak eta gertakariokin duten konplizitatea.

Torturatuek, askotan bakarrik, borrokatu duten egia, nolabait, ofiziala da jada. Ez dute mendekurik nahi, egia jakitea, aitortzea eta beste inork haiek bizitakoa ez bizitzea nahi dute. Kategoria pertsonal handia erakutsi dute. Kategoria hori, gainditze ahalegin pertsonal hori, baina, maila komunitariora igo behar da. Segur aski orain artean erabili ez diren beste bide batzuk urratuz, beste hizkera bat landuz. Etorkizun hobeago baten mesedetan. •