Politikaren dantza erotikoa
Abenduko hauteskundeen ondotik hasitako dantzak ez ei zuen gobernu burutzarako erreginarik koroatu. Erlauntza lau hilabetez erromeria ero bilakatu zen, erle langileak eta zanganoak elkarri ziztadaka ezker-eskuin, goiti-behiti eta frentez. Ikusiak ikusita, eta lau taldeburuak harrak izaki, ez ote guztiak zangano…?
Ekaina ere joan da eta erreginaren aulkia hartzeko desio basatiena duen Marianok hasi berri du ernalketarako bigarren hegaldi saioa, sedukziorako politika dantza zanganoetan zanganoenek estal dezaten.
Hiru partida izango ditu ordea dantzak. Lehenik, parez pare ariko dira dantza soltean, heavy, rock-and-roll edo trikiti musikaz norberaren sedukzio-mehatxu armen alarde eginaz nola paumaren lumarik dotoreenekin nola oilarraren ezproi zorrotzenekin. Lumak eta ezproiak parlamentarien orgia erromatarrean begirada konplizeak, eta probokazio lizunak, papar-ahots kordeetatik jaurtitako hitz-lerdezko elkar gorte egite nardagarriak bata bestearen atzetik...
Hilabetera asko jota, Felipe VI.ak bikoteka ditu behartuko tangoen desafiozko dantzara, takoi kolpeek, gominaren likitsak, igurtzien kiratsak eta praka zein kortse itogarriek azkenik bals aspergarri batera eraman arte. Palazioko pasillo luzeetan biraka etengabe dantzatuko dute zein baino zein itsusiago eta gezurtiago.
Azkenik, hats ustel hartzituak bereizezinak bilakatuko ditu, denak bat, bikotea ala hirukotea izan. Dantza ez da izanen sekulako baina. Ez. Dantzak gosea eta gogoa arrimatu egingo ditu halabeharrez, eta gerri-sorbaldatik heldutako dantzara lotu, komenientziazko bikote maiteminduen baladara.
Zangano gehitxo ezer onik ateratzeko eta nago oraingoan bai Estatuak ezarri egingo duela dantzarako doinua.
Aitortzen dut inori ez diodala dantzari plantarik ikusten, baina hauxe da nire apustua: Raxoik eta Riverak dantzatuko dute balada, Sanchezen harrokeriak ustelak izaki abstenitu eginen da… PNV bezala. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
