Juantxo EGAÑA

1985eko udan, donostian, manifestazio bat zapaltzeko prest

Txema Ormazabal
Txema Ormazabal

1985. urteko uda da. Polizia espainola bere borra eta peloteroekin zain dago garai batean Gobernu Militarra zenaren parean, Donostian, manifestazio bat zapaltzeko prest. Argazkian 40 poliziatik gora konta daitezke, baina baziren inguruan beste dozenaka polizia gehiago, irudian agertzen ez direnak. Argazki ikusgarri horren egilea Txema Ormazabal donostiarra da. Prentsan bere lehen kolaborazioak 1978-1979 urteen bueltan egin zituen “Zeruko Argia” aldizkarian. Geroztik, kolaborazio asko egin izan ditu “Egin”, “Punto y Hora de Euskal Herria”, “Euskadi Sioux“, “ERE”, “La Voz de Euskadi” eta beste zenbait argitalpenetan. Donostiako Zinemaldian eta Musika Hamabostaldian ere lan egin izan du. Bere kamerarekin jaso zituen, era berean, euskal mugimendu kulturalaren eta ekologistaren zenbait manifestazio eta ekitaldi. Bere lana askotarikoa da eta konpromiso handikoa bizitzea egokitu zitzaion garai gatazkatsuekin. Gaur egun Txema Ormazabal irakaskuntzan aritzen da.