Gorritiren animaliak
Gorriti eta bere Animalien ikuskizuna debekatzeko eskatuz 60.000 sinadura bildu dituzte eta nik ez dut penarik hartzen, ikuskizun triste eta kutre samarra iruditu izan baitzait beti. Animalisten kausa interesgarria iruditzen zait, baina ideologia gehienek bezalaxe, paradoxa eta kontraesan ikusgarriak dituzte eta gauzak muturrera eramateko joera bat. Ezinbestekoa iruditzen zait tauromakiaren kontrako borroka. Toreatzaileak heriotza tentatu nahi badu, joan dadila zezenak dauden lekura, dehesa batera esate baterako, eta eman diezazkiola nahi dituen adina veronika, baina eskuetan ezpatarik gabe. Zezenketa okagarria iruditzen zait estetikoki ere eta ikuskizunaren espainiartasuna ere nabarmenduko nuke, zergatik ez?
Ondo iruditzen zait animaliekin lan egiten duten zirkuen eta zoologikoen kontrako borroka ere, ez baitago ikuskizun tristeagorik animalia bat leku horietan ikustea baino. Ehiztarien kontra ere egin dezatela gogor, nik inguruan ditudanek bederen txori txikiei tiro egiten ematen baitituzte igande goizak. Baina bakean utziko nituzke ahari-jokoak eta idi-demak eta baita soka-muturrak ere; berez desagertzen ari direlako, batetik, eta animaliek hor sufritzen dutenaz zalantza handiak ditudalako, bestetik. Zergatik Ascot-eko zaldi lasterketan, Berkshiren, 30.000 lagun –tartean Elizabeth II.a erregina– begira dituztela lasterka egiten duten zaldiek ez dute sufritzen? Edo beren gogoz egiten dituzte langa gaineko jauziak?
Benetako animalistak bagina, animalia guztiak errespetatu beharko genituzke, nola Darwinen eboluzioaren eskalan goian dauden tximuak hala behean dauden arratoiak. Zergatik ez dute protestatzen beren herriko udalak arratoi garbiketa masiboak egiten dituenean? Niri errespetu gehien ematen didaten animalistak beganoak dira, baina hauek ere milaka xomorro hiltzen dituzte mendi buelta bat ematera doazenean. Ala xomorroak ez dira animaliak?
Gure etxean aitonak behiak garbitu eta orrazten ematen zituen igande arratsaldeak. Hura zen benetako animalista. Baserri bi gorago demarako idiak zituzten eta Indiako behi sakratuak bezain lasai bizi ziren. Baserri bi beherago mutilzahar ahari zale bat genuen. Egunero dutxatu, lehortu eta laztantzen zuen gizonak animalia, manta batekin estalirik korrika saioa egin eta gero. Egun batean manta zuri-gorri-berdearekin zihoan nonbait eta auzoko batek adarra jotze aldera, «hori nazionalisten manta duk», deiadar egin omen zion eta ahari jabeak, formazio politiko izugarririk ez nonbait, eta «hau nirea duk, joan den igandean Tolosako txapelketan irabazitakoa», erantzun zion. •

2025eko telesailik onenak

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian
Noiz hasi ote zen dena?
Kontakizun feministaren botere eraldatzailea
