SF1978an askatasuna, SF2016an berdintasuna
Festa herrikoien garrantzia ez da gutxietsi behar, behintzat ez Euskal Herrian. Eta are gutxiago festa horiek Iruñeko sanferminak baldin badira, bederatzi egun eta zortzi gauez munduak euskal hiri ertain, arrunt eta xume batean gertatzen denari arreta eskaintzen baitio. Aurtengoak bukatu berriak direlarik, sumatzen da ez dela edizio arrunt bat izan, mendeetako ohituren eta betiko algararen azpitik politikoki eta sozialki oso esanguratsuak diren gauzak gertatu baitira hirian, ingurura zein nazioartera proiektatuta.
Jaiak alferrikako denbora-pasa eta parentesi hutsa direla uste dutenen aurrean, 1978ak utzi zuen aparra gogoratzea interesgarria da. Hain zuzen ere, aurtengo sanferminen bezperatan udaletxe atarian omendu dituzte urte hartan udal hautetsi ziren zenbait lagun, Poliziaren oldarraldi odoltsuaren ostean izan zuten jarrera dela-eta. Iruñean denon gogoan da oraindik, ia uztaileko jaiak bertan behera utzarazi zituen polizia sabotajearen maila berean, geroko iraileko San Fermin Txikito baliatuz Udalak eta peñetan antolaturiko herriak, batera eraginez, lortu zuten piztualdia, festen zein herriaren aldeko aldarri txundigarria osatuz. Agian hemendik urte batzuetara denon gogoan egongo da era berean 2016ko sanferminek beste piztualdi bat ekarri zutela, oraingoan ere erakunde eta herriaren ahalegin komunaren bidetik. Polizia errepresioaren aurrean askatasunari eustea zuen helburu duela 38 urteko iraultza txiki hark; berdintasuna eskuratzea aurtengoan gertatu denak.
Indarkeria matxistaren aurrean inpotentzia nagusitzen ari zen honetan, segur aski denbora beharko da aurtengo sanfermin hauek ekarri duten irauliaren tamaina neurtzeko. Hasteko, borondate politikoa behar zen, arazoa lehen planoan jarri eta hiritargoa mugiaraziko zuena. Aurtengo erantzuna ikusita, auzo lotsa baino gehiago ematen du duela zortzi urtetik hona Nagore Laffageren kasuan aurreko bi udalek azaldutako utzikeriak, nolabait gehiegikeria txikienetatik hasi eta basakeria handienera heldu arte den-dena jaiak bere baitan zekarren ondorio saihetsezina balitz bezala jokatu duelako. Baina auzia lehentasuntzat jartzeaz gain, era egokian egin behar zen eta horrexek zirudien zailena. Udalak eta protokoloan parte hartu duten guzti-guztiek lortu dute: ezkutukeria eta errazkeria (dena zaku berean sartzeko tentazio hori) baztertuz, beharrezko informazioa egoki eta garaiz eman du; ikuspuntu partikular eta murriztaileen gainetik, herri erantzun masiboak bultzatu ditu; alde bateko eta besteko demagogia zigortzaileen gainetik, guztiok ordaindutako segurtasun sistema publikoak prestutasunez eta eraginkortasunez erabili ditu... Azken honi erreparatuta, parentesi deigarri bat: paradoxa ikaragarria da UPNk Iruñea «legerik gabeko hiri» gisako eredua usteltzen utzi izana eta EH Bildu buru duen egungo Udal Gobernuak «zuzenbide estatuak funtzionatu» egiten duen erakustaldi txalogarria eman izana. Nola ulertu? Agian hau ez baita lege kontua, gizalege auzia baizik.
Komunikatzeko orduan ere Joseba Asiron Iruñeko alkateak ederki asmatu du. Hitz antzu gehiegi entzuten den esparru honetan, zinez dena sinple samarra dela nabarmendu du: populazioaren erdiak jaietan bere burua erasotuta, mehatxatuta edo mespretxatuta sentitzea ez da inorentzat onargarria. Eta fokua arazoaren puntu nabarmenean jarri bada ere (sexu erasoetan alegia), berdintasunaren aldeko ertz guztietara zabalduko da lurrikara honen eragina. 1978. urte hartan Iruñeko sanferminetan oraindik Dimasu izenekoa ospatzen zen (Dia del Marido Suelto alegia; izena ikusita, ez dut uste azalpen gehiagorik beharko denik) eta zezenketan neska bat sartu bezain laster burutik behera baso bat ardo botaz bataiatzea txantxa dibertigarria omen zen. Oraintsu arte, jaietan eginda ere erasoak eraso direla ulertarazteko ahalegina luzea izan da, baina aurtengoan marra gorri hori ondo margoturik ageri da azkenik. Euskal Herri osoak ez ezik, munduak ere ikusi duen marra, gainera. •


