«Surplace»


YouTuben sartu naiz eta «Munich 6 Day Hoy and Wolf 6 min track stand» izeneko bideoa aurkitu dut. Belodromo batean bi txirrindulari ageri dira, bizikleta gainean geldi, oina lurrean jarri gabe eta pistan metro bakar bat ere aurreratu gabe. Sei minutuko bideoa osorik ikustea erabaki dut, segundoz segundo. YouTubeko komentarioetan diote aspergarria dela.
Bideoari musika ozen anfetaminikoa eta argi koloretsu dantzariak kenduko bagenizkio, XIX. mendeko ikuskizun baten antza hartuko luke: orduak joan, orduak etorri, jendeak gertakari berezirik gabeko ikuskizunak jarraitzen zituen garaikoa. Ikusle mordoa joaten zen Europako eta Ipar Amerikako belodromoetara, Sei Egunetako lasterketetara: txirrindulariek itzuliak eta itzuliak eta itzuliak ematen zituzten pistan, egunean zortzi, hamar, hamabi orduz, eta oso noizean behin emozio une bat edo beste azaleratzen zen. Lasterketak sei egun irauten zituen, zazpigarrena Jaunaren eguna zelako eta lehiatzea debekatuta zegoelako.
Gutako gehienok ez daukagu itxaroteko gaitasun hori. Ez ditugu elaborazioak jasaten eta bideoetan aurrera joaten gara, une erabakigarriaren bila, amaieraren bila, interesatzen zaigun une labur bakarraren bila. Orain kirol guztiek emozio histeriko bat behar dute bi minutuero, pelikuletako planoak gero eta laburragoak dira ikusleak ez aspertzeko, bizitzaren narrazioa bideoklip bat da, eta niri gustatuko litzaidake nire egunetako batzuek Frantziako Tourreko etapa gatzgabe horietako baten antza izatea, helmugarako 140 kilometro falta direnean: lasaitasuna, paisaiak, pedalei motel eragitea. Ordu askotan ezer gertatzen ez den kirola da txirrindularitza, eta hori asko gustatzen zait. Eta izugarri gustatzen zait oraindik ere telebistak ezerez hori eskaintzen duenean, ezerez horretan beti dagoelako zerbait, begiratzen dakienarentzat.
Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak surplace egiteko aukera mugatu zuen 2012an (sur place: lekuan bertan; belodromoan bizikleta gainean geldi egotearen teknika, alegia). Lasterketa bakoitzean gehienez bi surplace egin daitezke, eta ezin dute hogeita hamar segundo baino luzeagoak izan. Ikusleak ez aspertzeko mugatu omen zuten. Haurtzaroan entzundako kondaira lausoak oroitzen ditut: bizikleta gainean geldi hiru edo lau ordu igaro zituzten antzinako txirrindularien kontuak…
Abiadura proben hasieran inork ez du lehenengo postua hartu nahi. Esprinta abiatzen denean, airearen erresistentziari kontra egin behar zaio eta bigarren doanak lehenengoaren babesa baliatzen du, indarrak gordetzeko eta azken unean aurrea hartzeko. Abantaila erabakigarria da. Horregatik, belodromoari soilik hiru itzuli eman behar zaizkion proba hau joko oso mantso batekin hasten da beti: etsaiaren atzetik joaten saiatzen da txirrindularia, edo peraltera igo eta ustekabean aldapa behera ziztu bizian abiatzen da. Markaketa zorrotz-zorrotzak egiten dizkiote elkarri, gero eta mantsoago, gero eta mantsoago, batzuetan bizikleta gainean erabat gelditu arte.
Azkarregi bizi naizela iruditzen zait, pazientzia gutxikoa naizela, hamaika gauza batera egiten ditudala. Mantsoago izan nahiko nuke. Ez zait berez ateratzen: propio saiatu behar dut. Bizikleta gainean orduak eta orduak eta egunak pasatzera joaten naiz, neure burua behartzen dut dena deskonektatzera, lasai eseri eta luze irakurtzera, eta lan konpromiso batengatik beste hiri batera joan behar badut, ordu batzuk lehenago iristen saiatzen naiz, ordu hutsak, alferreko orduak izateko.
Pazientzia, behatzeko gaitasuna eta burua aske uzteko ohitura landu nahi dut: «surplace» egiten ikasi nahi dut. •
www.anderiza.com


