Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

XUXURLATZEAREN EDERRA

Jon Urbe| Argazki Press
Jon Urbe| Argazki Press

Rebeca Limon –Tessi– mexikarra da, 15 urte ditu eta kantu inprobisatzailea da. Maddalen Arzallus euskal herritarra da, 25 urte ditu eta bertsolaria da. “Europa bat-batean” kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketetan elkartu dira, hizketarako, hausnarketarako, partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Eta, baita, elkarri xuxurlatzeko ere. Asteon Tabakaleran izandako saioan Maddalen Tessiren xuxurlatzailea izan da, parean zituen bertsolariek euskaraz abesten ziotena itzultzen baitzion, suabe-suabe, belarrira. Irudia ederra da, Tessiren begietan igartzen baita oso barrura daramala Maddalenen azalpena, segidan oso bere barrutik ateratzeko berak emango duen erantzuna. Eta hor magia berezia sortzen da, parean dagoen entzuleak gustura entzungo bailuke zer xuxurlatzen dion, baina berdin gustura dago xuxurlatzen diona imajinatzen.

Inprobisazioaren edertasunaren parte bat horixe baita, ahots goraz kantatzen duenetik harago, inprobisatzailearen baitan piztu diren xuxurlak eta murmurrak imajinatzea.