Mea culpa
Egia esan ez dakit egun lehen baino eraso sexista eta sexual gehiago ala gutxiago dagoen, edo lehen hainbeste salatzen ez zirenez, konturatzen ez ginen. Edonola ere uda honetan (eta aurrekoan, eta aurrekoan...) gertatzen ari dena jasangaitza da. Sanferminetan hasi eta hitz hauek idaztean Lezon jarraitu du amaituko ez den kontakizunak.
Erasook sentiarazten duten nazka eta atsekabetik, nolabaiteko ezinegonera pasatu naiz, eta hortik erantzukizuna lehenengo pertsonan sentitzera. Nazkak eta atsekabeak ez dute esplikazio gehiegirik behar. Ezinegona, ordea, erasoen inguruan eman diren zenbait azpiko arrazonamenduk sortua izan da. Nago, sanferminen lehenengo gauean gertatu zen eraso horren atzean Sevillako bost gazte egon izanak, eta are gehiago, horietatik bi guardia zibil eta militar izateak, nolabaiteko lasaitu orokortua eragin duela, nolabaiteko «ikusten, hauek kanpotarren gauzak dira, are gehiago, guardia zibil eta militarren gauzak dira, GUK ez dugu halakorik egiten, gu euskaldunak, jatorrak, ezkertiarrak eta feministak baikara». Ba ozen adierazi nahiko nuke, ni ere eraso horien atzean nagoela. Nire parte hartze aktiborik gabe, horrelakoak ezingo liratekeela gertatu. Eraso hura ez zen bost horien artean bakarrik egin. Eraso horren atzean, euskarri bezala, andamiaje teoriko-praktiko oso bat dago, neronek egunero sortzen dudana, eta bere ondorioak egunero izaten dira. Onuragarriak niretzako, kaltegarriak nire inguruko emakume guztientzako: Patriarkatua du izena eta gizon guztiak ditu protagonista. Zenbatetan izango ote nintzen ni akosatzaile? Zenbatetan begiratu ote dut beste alde batera komentario matxista eta iraingarrien aurrean? Mutil, gizon, utz dezagun Martxoak 8an gizon feminista izateari, edo erasoen aurrean ozenen oihukatzeari, eta has gaitezen eguneroko mikromatxismotik sortzen den makromatxismoa deseraikitzen. Bidean, ezinbestean, zure eta nire pribilegioak alde batera utziz. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
