Xabier Mikel Errekondo

Alprojak!

Bizkorrak dira politikari alprojak. Horien artean, kosta ahala kosta nagusien ondareak handitzeko agintzen duten politikari alprojak dira osasunerako kaltegarrienak, lotsa aspaldi galdua dutenak eta kontzientzian inolako urraturik sentitzen ez dutenak.

Badira adibide anitz aukeran, baina bada bat bereziki mintzen nauena, erraustegia! Nor ez dute asaldatzen erraustegiaren eragin kaltegarriek? Datu bi ematearren: 1.000 milioi euro! eta gaixotasun zein minbizi anitzen ugaritzea, kasu larrienean, %84 arterainokoa. Ezkutuan, gauez eta “alebosiaz” noren onerako aritu ote dira Orain Gipuzkoako agintariak? Ederki asko dakite zubietarrek, lasarte-oriarrek eta usurbildarrek.

Arduradun politikoen jardun tamalgarria argi ikusi dugu urte hauetan guztietan, baina erabaki horiek publikoki justifikatzeko darabilten harrokeriak dizkit bereziki barruak ozpintzen.

Nonbait Orain(go) Gipuzkoan hauteskundeetara eramandako programan erraustegia aipatzen omen zutelako herritarrei zuzenean galdetzea ez dela beharrezkoa dioten agintari berberei derrigorrezkoa iruditzen zaie, ordea, atez ateko hondakin bilketaz galdetzea, Bilduko alkateen programan sistema hori aipatu arren… irrigarria!

Alderdien arteko hozkadak albo batera utzita, ikuspegi demokratikotik begiratuta, nago burutzen ari diren frauderik larriena dela eta azken hamarkadetan herritarrei egin zaien irain eta isekarik miserableena… hienaren irri gogaikarriak datozkit gogora.

Hegoaldeko eguzki bortitzak begiak itsutzearekin batera bero lodiak gogoak eta giharrak nagitzen dizkigun bitartean eraiki nahi dute Orain(go) Gipuzkoa. Gipuzkoarrek ehunka alditan salatu dute proiektuaren larritasuna; azkenak, GuraSOS, Gipuzkoa Zutiken eskutik imajinazio eta arrakasta handiz, gainera. Bada, agintari alproja horiek jakin behar dute Gipuzkoa zaintzea beren ardura dela eta, gipuzkoarrak aintzat hartu gabe eraikitako erraustegiak eragindako kalteaz hemendik urte batzuetara damua agertuta ere, JEL gorenak ere ez dituela libratuko munstroaren garretan erraustetik…

Orain(go) Gipuzkoan, erabaki zuzena orain! •