Argiago ikusteko urratsak
Uda sasoirik egokiena omen da jaietarako. Eguraldiagatik, nonbait. Eta jaiez baino gehiago, eta eguraldiaz baino (ia) gehiago, sexu erasoez, edo eraso matxistez, hitz egiten dugu; dirudienez, eraso horietarako ere sasoi aproposena baita uda. Eta jaiak, une eta gune aproposenak. Horretaz idatzi zuten joan den astean orrialde honetako bi zutabegilek eta GAUR8ren ale bereko beste kolaboratzaileren batek, eta gai horixe dakart nik ere hizpide gaurko honetara.
Horretaz hitz egin beharra dago, bai, eta ez eguraldi kaskarra, galarrena edo bestelako natur fenomenoa balitz bezala, eguraldi kaskarra edo galarrenak saihetsezinak baitira. Auto istripuak ere etorri zaizkit burura, baina ez; horiek, gehienak, ez dira saihetsezinak. Denak dira deitoragarriak, eta euskal preso politikoen senide eta lagunek sufritzen dituztenak, gainera, salagarriak, zigor latz baten ondorio baitira.
Halaxe dira eraso matxistak ere. Horregatik hitz egin beharra dago, eta idatzi eta kalera atera eta jendea kalera atera dadin adoretu eta emakume baten aurkako erasoa denon aurkakoa dela ikusarazi.
«Bortxatzailea harrapatu eta akabatuko balute, hurrengoak bi aldiz pentsatuko luke», entzun dut orain dela pare bat egun taberna batean. Ez nator bat «konponbide» horrekin –besteak beste, guztiz faltsua delako–, eta ez ulertu, mesedez, bortxatzailea bake santuan uztearen aldekoa-edo naizela. Baina zigor hutsa ez da konponbidea. Kausari aurre egin gabe, nekez desagertuko da efektua.
Emakumeek erasoa salatzea ere ez da konponbidea, baina salaketa lehenengo pausoa da. Jendarteak, jendarte oso batek, salaketa hori babestea beste urrats bat da, urrats handia. Edozein eraso sumatuta denok, taldean zein bakarrean, erasoaren aurka egitea, beste bat, ez nolanahikoa. Eta eraso horietako bakoitza bere aurkako erasotzat hartzen duen gizarteak erasotzaileen bultzada elikatzen duen pentsamoldea, (gain)egitura zaharkitu eta baztertzaile hori, erauzte alderako urratsak egiten baditu, konponbidea argiago ikusiko dugu, hurbilago egongo baita. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
