Unai Fernandez de Betoño - @UnaiFdB
Arkitektoa

Arkitekto euskaldunon gabeziak

Aberasgarria suertatu zen Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak eta EHUko Euskara Errektoreordetzak uztailaren 5 eta 6an Bilbon antolatutako udako ikastaroa. Helburuetako bat hizkuntza politiketan unibertsitateak daukan paperaz hausnartzea izanik, arkitekto euskaldunon gorabeherez aritzea egokitu zitzaidan Estitxu Garaik gidatutako mahai-inguruan. Eraikinek (ahoz) hitz egiten ez duten arren, arkitektura proiektuak hizkuntza jakin batean idazten baitira, eta, ondorioz, euskararen egoera minorizatuak arkitekturaren alorrean ere badu ondoriorik eta islarik.

Terminologia tekniko estandarizatuaren falta daukagu oraindik, Euskal Herrian hain aberatsak izandako ohiko baserrigintzaz eta ontzigintzaz harago. Adibidetxo bat: EAEko lurralde antolakuntzako agiri nagusiaren erdarazko izena ez da aldatu azken 25 urteotan («directrices»), eta euskaldunok dagoeneko hiru itzulpen ezagutu ditugu: «zuzenbideak» 1992an, «artezbideak» 1997an, eta «gidalerroak» 2011tik. EHUko Igone Zabala irakasleak zuzentzen duen «Terminologia Sareak Ehunduz» proiektua gabezia terminologiko hori iraultzeko tresna izan liteke, arkitekturako irakasleen parte-hartzea aktibatuko balitz.

Estatu mailako araudi euskaratuaren falta ere badugu. Hego Euskal Herriko ikuspegitik, bereziki, Espainiako Eraikuntzaren Kode Teknikoa beharko genuke euskaraz. EHUk zati bat itzuli zuen duela lau urte, baina dagoeneko ez da erabilgarria, Espainiako Sustapen Ministerioa etengabe ari delako hura eguneratzen. Horrelako araudi eta legeen itzulpenak, gainera, Espainiak berak sustatu beharko lituzke (2/2008 Lurzoruaren Lege estatalaren galizierazko eta katalanezko itzulpen ofizialak badaude, esaterako, baina ez euskarazkorik).

Euskarazko bibliografia arkitektonikoaren gabezia ere nabarmena da oraindik. Zorionez, EHUren ekimenez klasikoen itzulpenak iristen ari zaizkigu; baina tantaka, nahi baino erritmo apalagoan. Eta, euskarazko jatorrizko sorkuntza nahiko gutxi sustatzen ari da, Udako Euskal Unibertsitatearen urteroko unibertsitate ikasmaterialerako diru poltsa eta “Aldiri” arkitektura aldizkaria kenduta.

Unibertsitate irakasleen akreditazio sistemak berak ez dio euskal liburugintzari batere laguntzen, baloratzen den gauza bakarra artikulugintza erdalduna delako, nazioarteko bi argitaletxek (Thomson Reuters kanadarrak eta Elsevier holandarrak) menderatzen duten duopolioagatik (haienak dira, hurrenez hurren, Web Of Science eta Scopus aipu akademikoen datu baseak). Euskal unibertsitate batek irakasleen euskarazko sorkuntza nolabait saritu beharko luke.

Erreferente arkitektoniko euskaldunak ere behar ditugu, azkenik. Izan ere, Euskal Herrian jaiotako sona handiko arkitekto dezente izan ditugun arren (Olagibel, Zuazo, Saenz de Oiza, Peña Gantxegi, Moneo…), oso gutxi nabarmendu dira euskarazko sorkuntzan. Hamabi bat urte daramatza EHUko Arkitektura Eskolak profesioa arkitekto euskaldunez hornitzen. Laster ikus ditzakegu emaitzak. •