Munduaren zatiketa


Bost urte igaro zituen Alexander von Humboldtek Amerika goitik behera esploratzen, 1799 eta 1804 bitartean. Eta, bueltakoan, turismo bulego kanariarrentzat urrezkoak diren esaldiak idatzi zituen: «Orinoko ibaiaren ertzak, Peruko mendikateak eta Mexikoko bailarak ezagutu ondoren, aitortu behar dut ez dudala inon ikusi La Orotavako bailara bezain koadro erakargarri, anitz eta harmoniatsurik».
Tenerifen, Santa Ursula eta La Orotava herrien artean, Humboldten Begiratokia dago orain. Handik «lorategi baten moduan landutako kosta» ikus daiteke, «Capua edo Valentziako inguruen antzekoa», idatzi zuen Humboldtek eraikuntza turistikoen hedapena baino lehen, «baina haiek baino askoz ere ederragoa, Teide sumendiaren gertutasunari esker, aldi oro ikuspegi desberdinak eskaintzen ditu eta».
La Orotavako bailara anfiteatro handi bat da, 2.000 metroko altueratik itsasoraino jaisten dena, 15 kilometroko zabalerakoa. Teideren magalean aspaldi izandako lur-jausi erraldoi batek sortu zuen. Humboldtek begi kolpe batez bailara osoa ikusi eta landaredia zerrendatan banatzen zela konturatu zen, altueraren arabera. Behetik gora, Puerto de la Cruzetik Teideko gailurreraino, bost eskualde deskribatu zituen: mahastiena, ereinotzena, pinuena, zuhaixkena eta gramineoena. Geroago, beste botaniko batzuek hobeto zehaztu zituzten landaredi-estai horiek, baina Humboldtek zientzia berri baten gakoa aurkitu zuen La Orotavan: geobotanika, landareek lurrazalean duten banaketa aztertzen duena.
Tenerifen hondartza eta sumendia besterik ez dagoela pentsatzea akatsa da. Zapatilak jantzi eta oinez abiatu naiz –goitik behera– paisaia anitzak zeharkatzera, bideo joko bateko pantailak zeharkatuko banitu bezala.
Humboldtek mando gainean igo zuen ia Teide osoa; beraz, erru handirik gabe autobusa hartu dut Puerto de la Cruzetik La Calderako kraterreraino, 1.200 metroko altueraraino. Ondo markatutako bide bat abiatzen da Pinolere eta La Orotava herrietako lurretan behera, eta nahikoak dira hiru ordu Humboldten ia maila guztiak pasatzeko: gaztainondo, gurbitz eta pinu kanariarren basoak; glaziazioen aurretik Europa osoa estaltzen zuten eta orain irla hauetan soilik mantentzen diren ereinotzak; Pinolereko artasoro, limoiondo, sagarrondoak; La Floridako mahastiak, ahuakateondoak eta barazkiak; eta La Orotavako tabernetako gazta errea, eztiarekin –Humboldtek aipatzen ez duen altxorra: bere lana oso zabala izan baitzen, baina ez perfektua–.
La Orotavak geldialditxoa merezi du. Hiru kontinentek elikatutako hiria da: hasieran Araotava izan zen, Ipar Afrikatik Kanaria uharteetara iritsitako guantxeen herrixka. 1496. urtean, gerra askoren ondoren, Alonso Fernandez de Lugo konkistatzaileak lurraldea zerrendatan zatitu zuen. Ez zen geobotanika nahasia, konkistaren zientzia oso zehatza baizik: lurrik emankorrenak, berarentzat eta bere familiarentzat; ondorengoak, bere armadako ofizialentzat; hurrengoak, La Lagunako hiritik etorritako familia aristokratiko gaztelarrentzat. Guantxeak irin eginda gelditu ziren, literalki: gofioak iraun du gaur arte, garagarra, garia, dilistak eta iratzeak ehoz eta txigortuz indigenek egiten zuten irina, eta orain, gariz eta Ameriketatik etorri zen artoaz, Tenerifeko menuetan jarraitzen duena. Guantxeen azken hautsa.
La Orotavan gofioa egiteko errota zaharrak daude, eta bat edo beste martxan dabil oraindik. Konkista gaztelarraren ondoren eraikitako palazioek eta komentuek ere zutik diraute. Eta Andre Mariaren Sorkunde elizak ere bai: Kuban rona, azukrea eta kafea ekoitziz aberastu ziren indiano tenerifetarrek eliza barroko amerikar bat altxatu zuten hemen, horma beltzek ematen dioten kutsu bolkaniko bitxiarekin.
Bideak itsasertzeraino jarraitzen du. Ederra bezain kezkagarria da oin nekatuak Atlantikoan bustitzea, hondar bolkanikoetan sartzea eta gora begiratzea, Teidera, behatzen artean dauzkadan hartxintxar beltz guztien jatorrira: jatorrizko leherketara. •
www.anderiza.com

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
