Ion Salgado
ETXEBIZITZA KOLABORATIBOAK

Zahartze prozesuari aurre egiteko aukera berri bat dator Itsaso Baltikotik

Irati Mogollonek eta Ana Fernandezek «Zaintzaren arkitekturak. Nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. EAEko eta Europako adibideak» izenburuko lana argitaratu dute Emakunderi esker. Zahartze prozesuaren erronkari etxebizitza kolaboratiboen bidez heldu nahi dieten errealitate europarrak aztertu dituzte ikertzaileek.

Non bizi? Nola bizi? Norekin bizi? Halako galderak egiten dizkio sarritan norberak bere buruari hirugarren adinera heltzerakoan. Adineko pertsona asko seme-alabekin bizi dira, etxeko txikienak zaintzen indarrak irauten duen bitartean; batzuk zahar etxera joaten dira, erizainen kontrolpean bizitzera; eta besteek bakarrik bizitzea erabakitzen dute, askotan beraientzat handiegia den etxean. Orain arte horiek izan dira gizon eta emakume edadetuek izan dituzten hiru aukera nagusiak; baina ez dira, ez, bakarrak. Euskal Herriko zenbait tokitan adinekoek etxebizitza kolaboratiboak martxan jartzeko interesa dute, duela hainbat urte Europako iparraldean sortutako ideia inportatu nahi dute, hain zuzen, iraganeko auzotegiekin antzekotasun ugari dituena.

Irati Mogollon eta Ana Fernandez ikertzaileek aztertu dituzte pertsona nagusientzako etxebizitza kolektiboen errealitatea. Emakunderi esker, “Zaintzaren arkitektura. Nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. EAEko eta Europako adibideak” izenburuko ikerketa aurkeztu zuten pasa den astean. Ikerketa honetan Hego Euskal Herriko proiektu hasiberri batzuk eta Europan ibilbide luzeagoa duten beste batzuk aztertu dituzte, hala nola Suedia, Danimarka eta Alemaniakoak. Zahartze prozesuaren erronkari etxebizitza kolaboratiboen bidez heldu nahi dieten errealitate europarrak izan dituzte aztergai, ereduok ezaugarrituz Euskal Herriko testuinguru sozial eta ekonomikotik begiratuta.

Zaintza, zahartzea eta geroa kontuan hartuta 19 etxebizitza kolaboratibo aztertu dituzte, era askotakoak: emakumeenak bakarrik, mistoak, 55 urtetik gorakoenak, belaunaldi ezberdinak nahasten dituztenak, urbanoak, hiritik kanpokoak…. Proiektu hauen ezaugarriak behatu dituzte, bai azpiegitura bigunak deitzen direnak –gobernantza ereduak eta zaintza ereduak adibidez–, bai azpiegitura gogorrak –espazio kontuak, eta gai finantzario eta legalak–. Eta ikuspuntu feminista erabili dute; izan ere, gaur egungo zaintza eredua neurri handi batean emakumeen eskuetan dago, eta etxebizitza kolaboratiboak izan daitezke bide bat bestelako eredu bat ezartzeko eta emakumeen ahalduntzea eta zahartze aktiboa bultzatzeko.

Lehenik eta behin, etxebizitza kolaboratiboak zer diren azaldu beharra dago. Mogollon eta Fernandezek proposatutako definizioak hala dio: «Etxebizitza pribatuak dira, eta han bizitzen diren pertsonek gune komunak eta zerbitzuak partekatzen dituzte, antolakuntza sistema horizontal bat sortzen, barne kolaborazioa sustatuz erabakiak hartzeko. Horretarako, taldeak izaera juridikoa izan behar du, auzo subiranotasuna erabiliz». Horrela funtzionatzen dute XX. mendean Suedian sortu ziren etxebizitza kolaboratiboek. Färdknäppen, Sjöfartten, Dunderbaxcken eta Sockenstungan dira adibide batzuk. Eraikin hauek mistoak dira eta gestio publiko-pribatua dute. Ikerketan azaltzen denez, Suediako etxebizitza kolaboratiboen apartamentuak txikiak dira, pertsona batentzat edo bikote batentzat eginak. Gune komunak zabalak dira. Sukalde industrial bat dago, jantoki bakar bat, gimnasioa eta eskulanak egiteko gune komunak. Etxebizitza hauetan bizi diren adinekoak taldeetan banatzen dira garbitzeko, janaria prestatzeko eta mantentze-lanak egiteko.

Alemanian dauden etxebizitza kolaboratibo askok kooperatiba bezala funtzionatzen dute. Bi motatakoak daude: errentarien sindikatuak eta adinekoen babes elkarteak –hauek sarean eratutako egitura dute–. Bestelako errealitate bat topatu dute Mogollonek eta Fernandezek Danimarkan. Han etxebizitza kolaboratiboak benetako aukera dira; izan ere, 55 urtetik gorakoen %1 halako tokietan bizi dira. Gobernuaren laguntza izan dute adinekoek etxebizitza kolaboratiboak sortzeko, Danimarkako politikariek sistema honek dituen onurak ikusi zituztelako. Alde batetik, etxebizitza kolaboratiboak Estatuaren gastua murrizteko baliagarriak zirela ikusi zuten; eta bestetik, zahartzearekin zerikusia duten gaixotasunei aurre egiteko balio dutela konturatu ziren. Horregatik sustatu zuten udalen eta elkarteen arteko lankidetza.

Euskal Herriko errealitatea

Europako adibideak erreferente bat dira Hego Euskal Herrian halako proiektuak martxan jarri nahi dituztenentzat. Ikerketan azaltzen denez, gaur egun ez dago etxebizitza kolaboratibotzat har dezakegun proiekturik, baina badaude interesa erakutsi duten taldeak. Ikertzaileek diotenaren arabera, orain arte egon diren saiakeren porrotak laguntza publikoak ez edukitzearekin zerikusia izan ahal du. «Ez dugu uste erakunde publikoek halako proiektuak sustatuko dituztenik, ez baitute egokierarik topatzen ez legedian, ez jarduketa markoetan, ez funtzionatzeko moduetan», nabarmentzen dute Mogollonek eta Fernandezek.

Horixe izan daiteke arazo handiena, baina ez bakarra. Euskal gizartean beste arazo batzuk ere badaude, besteak beste, jabetza pribatuaren garrantzia, eraikuntza enpresen boterea, zahartzaroaren arloko prebentzio neurrien gabezia, eta hortxe aipatuko genuke familiak duen garrantzia ere. Egoera honi aurre egiteko, kontuan hartu beharreko hainbat faktore agertzen dira ikerketan, eta proposamen zehatzak egin dituzte ikertzaileek: legedia erabiltzea etxebizitza kolaboratiboak eraikitzeko eredu publiko-pribatuaren bidez; halako ekimenak hiri antolamenduan barneratzea; genero ikuspuntua kontuan izatea martxan jar litezkeen proiektuetan; eta etxebizitzen permuta ahalbidetzea, Ermuko Udalak egiten duen bezala. Permutari esker, adinekoak hiri inguruan eraiki diren etxe berrietara joan ahalko lirateke salerosketa prozesu zail bat igaro behar izan gabe.

Eta Mogollon eta Fernandezen ustez, posible da etxebizitza kolaboratiboen sistema martxan jartzea Euskal Herrian. Izan ere, etxebizitza hauek txokoetan eta zenbait elkartetan erabiltzen den eskema berdina dute. Erakundeen inplikazioa falta da, ordea, Gasteizko Gobernuaren, aldundien eta udalen parte-hartzea.

IKERLARIEN ONDORIOAK IKUSPUNTU FEMINISTA BATETIK

“Zaintzaren arkitektura. Nagusientzako etxebizitza kolaboratiboak. EAEko eta Europako adibideak” izeneko ikerketa idatzi duten emakumeek, Irati Mogollonek eta Ana Fernandezek, zenbait ondorio atera dituzte ikuspuntu feministatik. Nabarmendu dutenez, emakumeak dira nagusi etxebizitza kolaboratiboetan, historikoki zaintza emakumeen eskuetan egon delako.

Haien ustez, etxebizitza kolaboratiboak tresna baliagarria izan ahal dira parekotasunean oinarritutako sistema bat sortzeko, baina, tamalez, gaur egun generoen arteko ezberdintasunek indarrean jarraitzen dute. «Ez dugu esaten aurrerapausoak ez direla egon, edo sistema hauek ez direla baliagarriak izan emakumeek egiten duten lana birbanatzeko. Baina arazo estrukturalak etxebizitza kolaboratiboetan ere agertzen dira».

Ikerketan proiektu mistoen egoera aztertu dute, eta horri esker ikusi dute nola gizonak ere ahaldundu egin diren eta etxeko lanak egiten dituzten. Janaria prestatu eta garbiketa eta zaintza lanak egiten dituzte. Proiektu misto batzuetan mesfidantzaz begiratzen diete gizon ezkongabeei. Bestalde, soilik emakumez osatutako etxebizitza kolaboratiboak ere ikertu dituzte. Hauek XX. mendean izan diren aldaketa demografikoen ondorioak dira. Bertan bizi diren emakumeek nahiago dute beste emakume batzuekin bizitzea. Ikertzaileen ustez, neurri defentsiboa izan daiteke.