Iñaki Soto

Crithcley ezagutu ahala, maiteago dut Azurmendi

Lanaren eta arduren ondorioz, filosofiatik zeharo aldenduta nago azken urteotan. Horregatik, udako irakurraldiak nire formakuntzan eta bizitzan hain garrantzitsua den diziplina horrekin kateak ez hausteko erabili ohi ditut. Edonola ere, irakurgai sakonekin batera arinagoak diren liburuak ere tartekatzen ditut.

Pablo Cabezaren kritika honek [http://goo.gl/TsCg8E] eraman ninduen “Bowie” liburura, eta liburuak niretzat ezezaguna zen Simon Crithcley autorera ekarri nau. Pabloren kritikak liburua erostera, irakurtzera bultzatzen zaitu. Kritika zuzena da: Bowie eta literatura maite badituzu honen idazkerak erraz harrapatuko zaitu. Baldin eta filosofia ikasi ez baduzu. Edo, gutxienez, ez filosofiaz ideia jakin bat baduzu [ikusi C. U. Moulinesen “Zer da filosofia?”]. Kasu horretan, orrialdeak pasa ahala, sutzen joango zara, haserretzen.

Ez da, inola ere ez, Crithleyk musikaz aritzeko eskubiderik ez duenik, ezta Bowie bezalako ikono baten irakurketa pertsonala egin ezin duenik ere. Adibidez, Nick Hornbyk eta Hanif Kureishik (Filosofia ikasitakoa, hau ere) ederki egin dute hori beren eleberrietan. Baina “High Fidelity” edo “The Buda of Suburbia” irakurtzen dituzunean, ez duzu zer irakurtzen ari zaren inguruko zalantzarik: literatura da. Niretzat, goi mailako literatura. “Bowie” irakurtzerakoan, ordea, behe mailako filosofia irakurtzen ari zaren ideia izan dezakezu. Eta gezurra da. Hau ez da filosofia. Gehienez ere, filosofo batek idatzitako (hil berri den) «musikari bati buruzko entsegu literarioa» da. Nire ustez, ordea, “Bowie” bere amaren heriotzagatik dolua egiteko Critchleyk bilatu duen ariketa literario-terapeutikoa da, batez ere. Eta ez legoke batere gaizki, baldin eta aldez aurretik horretaz irakurlea ohartaraziko balu, izenburutik bertatik hasita (zergatik ez “David, ama eta hirurok”?). Kasu horretan, sarri erakusten duen zorroztasun falta errazago barkatuko nioke nik. Adibidez, metaforei buruz egiten dituen interpretazio arbitrarioetan.

Gerora jakin dudanez, Critchley bada norbait gaur egungo filosofiaren sisteman. Adibidez, “New York Times”-ek filosofiari eskainitako The Stone sailaren arduraduna izan da [http://goo.gl/cDSmgW]. Pentsatuko zenutenez, berotuta joan nintzen Critchleyren testuak irakurtzera, elkarrizketak entzutera… eta hein batean harritu ninduela onartu behar dut. Bere filosofiari buruzko idazlanak irakurrita pentsalari jantzia dela ikusten da, alegia, ez dela meketrefe bat. Pentsa, AEBetan irakasten duen pentsalari ingeles hau ze garrantzitsua den, Zizekekin ere polemika bat izan duela! Hori da, gaur egun, filosofian norbait izatearen adierazgarririk argienetako bat. Eta, ziur asko, Chomsky eta Foucaulten arteko eztabaidarekin konparatuz gero, filosofiari buruzko eztabaida publikoaren bilakaera tristearen zeinuetako bat.

Zizekekin izandako eztabaidari buruzko kronika hau bereziki gustatu zait [http://goo.gl/nfkhEl]. Bere «neoanarkismoaren» ahuldadea ikusita (Giddensen «hirugarren bidearen» bertsio metafisikoa baino ezer gutxi gehiago dena, nire ustez), Critchley filosofiarekiko nerabezaroan karpetetako pegatinak anarkiarekiko direnaren berdina direla pentsatu dut.

“Bowie”-ren ondoren Joxe Azurmendiren “Gizabere kooperatiboaz” hartu dut. Liburu bikaina iruditu zait, filosofiaren beste puntan kokatzen dena. Dokumentatua, zorrotza eta iradokitzailea da. Hori bai, esfortzua exijitzen du, gero eta zailagoa egiten zaigun kontzentrazioa eskatzen du. Besteak beste, darwinismoaz ari da Azurmendi. Tamalez, filosofoak espezie bat badira, azurmenditarrak desagertze bidean ez ote dauden kezka daukat, baita critchleytarrak gailenduko diren beldurra ere. Bere metodoari jarraituz, edozeri norberak nahi duen esanahi eman ahal badio, Bowiek berak aurreikusi zuen: «Seeing more and feeling less/ Saying no but meaning yes/ This is all I ever meant/ That's the message that I sent». Alegia, «mis cojones 33». •