Dogma ekonomikoen malgutasuna
Azkenean, ArcelorMittal enpresak Sestaon duen altzairutegia (ACB) berriz martxan jartzea erabaki du. Proposatu zuen ekoizpen plana nahiko bitxia da, baina, tira, martxan izango da. Hori bai, planak langileen oniritzia jaso zuenez geroztik bi hilabete pasatu dira. Enpresak langileei planteatu zien dikotomia ohikoa izan zen: edo enpresaren egitasmoa onartu, edo ezer ez. Erreferendum baten bidez, langileek onartu egin zuten proposatutakoa. Hala ere, ArcelorMittal-ek agindutakoa gauzatzen hasteko bere denbora hartu du.
Tarte horretan esparru instituzionalean bestelako negoziazioak egon direla ematen du. Ika-mika batzuk zabaldu dira Lakuako Gobernuaren eta enpresaren artean. Aste honetan Sustapen Ekonomikoaren sailburuak, Arantza Tapiak, oso argi utzi nahi izan du enpresak ez duela laguntza berezirik jasoko, baina, era berean, enpresarekin elkarlanean aritu direla esan du. Orduan, zertan aritu dira bi hilabete hauetan elkarlanean?
Gobernuek debekatuta dute enpresei laguntza zuzenak ematea. Horretarako, ohiko dogma neoliberala erabiltzen da: enpresek lehiakorrak izan behar dute eta lehiakortasun gaitasun hori merkatuan erakutsi behar dute, kanpoko laguntzarik gabe. Eta horri eusten diote neoliberal dogmatiko guztiek. Kontua da enpresa denak ez direla berdinak: lurralde batean duten eragina eta bertako ekonomian duten arraste indarra zeharo desberdina da. Estatu baten ekonomiaren ikuspuntutik, trakzio-enpresak mantentzeak berebiziko garrantzia du, beren izaera sozialagatik ekonomia ehuntzen baitute. Baina neoliberalek ez dute halako ezberdintasunik kontuan izan nahi: dogma beste ebidentzien gainetik dago.
Dena den, araua egiten duenak tranpa ere egiten du. Horrela, ezin da enpresei diru-laguntzarik eman, baina ikerkuntza eta garapenerako bada, orduan bai. Horrela, Arcelorrek bere ikerkuntza egoitza Zamudiotik Sestaora eraman du eta ACBko planta «ikerkuntza gune» bilakatu da. Orain bai, jaso ditzake diru laguntzak. Beharbada, bi hilabete hauetan enpresako ordezkariak eta Gobernuko funtzionarioak horrelako zirrikituak lantzen ibili dira. Dogma baten preso daude, baina nahi denean edo behar denean, bideak topatzen dituzte dogmaren gainetik pasatzeko. Hori bai, bekatua beti ukatu behar da.
Beste hainbeste gertatzen da nazioarteko merkataritzarekin. Kasu honetan, Europar Batasuna da eragile nagusia. Estatuen arteko merkataritza askea sustatu behar da, guztiontzat ona omen delako. Horretarako, merkantziak lehiatzeko ezarri diren trabak ezabatu behar dira. Lehiak funtzionatu ahal izateko salgaiek ez dute sarrera oztoporik izan behar. Ideia hori ere oso ondo gelditzen da ekonomiako eskuliburuetan, baina praktika bestelakoa da. Europar Batasunak ukatu egiten dio «merkatu ekonomiaren» estatusa Txinari. Horretaz baliatzen da dumpingaren aitzakiapean ikerketa espedienteak zabaltzeko eta ondoren Txinatik datozen merkantzien gainean muga-zergak ezartzeko. Horrela, garestitu egiten dira eta lehiakortasuna galtzen dute. Hori izan da, hain zuzen ere, Europar Batasunak hartu zuen erabakia abuztuaren hasieran: Txinatik eta Errusiatik inportatzen den altzairuak muga-zerga ordaindu beharko du hurrengo bost urteetan. Noraino justifikatuak dauden muga-zerga horiek zaila da esatea. Kasu honetan ere dogma bere horretan mantentzen da: Europar instituzioek besteei egozten diete errua eta neurriak hartzen dira egoera orekatzeko.
Europako gobernuak dogma neoliberalen preso bizi dira. Dogma horiek ez diete politika industrialik egiten uzten, esku-hartze oro merkatu librearen aurkakoa baita. Horren ondorioz, industriak egoera tamalgarria bizi du. Dogmen hutsegitea nabarmena izanik, indarrak eta bi galtzen dituzte eraikitako dogmen gainetik pasatu ahal izateko. Beti asmatzen dute zerbait. Aurrerantzean horrela jarraitu nahiko dute, baina bide horretan etsaiak egin besterik ez dute lortzen eta etorkizunean jarrera lotsagarri horrek ondorioak izango ditu.•

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

1936ko abuztuan, atzerriko ehunka boluntario iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera
