Laura Mintegi

Hegemonia ditxosozkoa

Hegemonia da norbait, zerbait, ideiaren bat, besteen gainetik kokatzea. Gainontzekoen gainetik jartzen da, eta gainontzekoek onartzen diote nagusitasuna. Ontzat ematen dituzte bere ikuspuntua, balioak, sinesmenak eta usteak. Usteok ez dira jartzen kolokan.

Hegemonikoa izatea pagotxa ikaragarria da. Kontrola zureganatzen duzu orrazkera desegin gabe. Ez da behar oihurik, ezta indar handirik ere (behin hegemonia lortuta): hegemonikoa zarenez, beste guztiek hartuko dute aintzat zuk diozuna. Kuadrilletan gertatzen den bezala: eguneko plana liderrak proposatzen badu, bonbon; baina kuadrillako baboak esaten badu, hor konpon. Inork ez dio jaramonik egingo.

Politikaz ari bagara, noski, gakoa da jakitea nola eskuratzen den hegemonia. Zer egin norberaren diskurtsoa hegemonikoa izateko. Horretan zebiltzan Gramsci, Laclau, Mouffe eta enparauak, eta horretan dabiltza alderdietako arduradunak hauteskunde garaian bereziki. Hegemonikoa ez baita, halabeharrez, gehiengoa duena; gutxiengoa ere hegemonikoa izan daiteke eta bere jitea ezarri, izan ere, kopuruz handiagoak direnen gainetik.

Hegemonikoa izateko, beraz, ez da ezinbestekoa asko edo handiak izatea. Ez da ezinbestekoa indarra edo bortxa erabiltzea. Autoritate morala aitortzen zaio hegemonia duenari eta ez da eztabaidatzen bere ikuspuntua, onartua delako.

Pertsuasioa, xarma, sinesgarritasuna, konstantzia, naturaltasuna, segurtasuna. Tresna eraginkorrak dira hegemonia eskuratzeko. Bentzutu baino, konbentzitu.

Kontua da nola lortzen den hori guztia populazio plural, kontrajarri, muturtu eta lubakietan ibiltzen ohitua duzunean parean. Nola.

Helburua argitzea da lehena. Zein da hegemoniaren eremua, nori zuzenduko gatzaizkio, honezkero gure lubakian bidelagun izan ditugunei ala lurraldeko bizilagun guztiei. Egiatan helburua zein da, norberaren eremua egonkortzea ala eremua hedatzea. Etxea egonkortzea bada, kolektibo horrentzat identifikagarriak diren mezuak eta sinboloak erabiliko ditugu. Helburua eremua handitzea baldin bada, bezero berriei zuzendutako mezuak eta moduak garatu beharko dira. Partikularretik unibertsalera joko dugu, balio oinarrizkoak aldarrikatuko ditugu, aldarrikapen basikoak, lelo hurbilak, mezu zuzenak eta ulergarriak, edonorengana heltzeko modukoak.

EH Bilduren azken xedea da Euskal Herri independentea, sozialista, euskalduna eta feminista lortzea. Herri askea eta sozialki justua. Baina abiapuntua da dagoena: euskal herri ezberdinak, anitzak eta pluralak, ideologia kontrajarri ugari biltzen dutenak. Beren burua baskotzat jotzen dutenak, euskaradunak izanik espainol sentitzen direnak, joera matxista duten gizon eta emakumeak, poltsikoa bero badute edozein ideologia onartuko luketenak. Langai horrekin egin behar da lan. Hori da gaur egungo euskal herria, desiguala eta injustua. Urrun dago Euskal Herria. Pelloren egia ematen badu ere, hasi beharko dugu azaltzen zergatik den hobea, hobea denontzat, Euskal Herri buruaskia eta sozialki justua. Zer dugun irabazteko, denok irabazteko, herria elebiduna bada. Zergatik komeni zaigun guztiei, guzti-guztiei, emakumeen eskubideak errespetatzea.

Azaldu, argitu, esplikatu Euskal Herri horretan denok ateratzen garela onuradun, baita independentzia nahi ez dutenek ere, baita sozialista sentitzen ez direnak ere, baita joera matxista dutenek ere. Egun partikularra dena unibertsala bihurtu behar dugu. Norbanako bakoitzarentzat ona dena, denentzat da ona. Eta hori ikusarazi. Pedagogia egin.

Hau guztia ez da lortzen hilabetean. Baina azken helburua ez da hauteskundeak irabaztea, argi eduki dezagun. Azken helburua da Euskal Herri independentea, sozialista, euskalduna eta feminista lortzea. •