Irri eta herri
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen prestaketa lanek animatu dute aurtengo udara. Azken hilabeteotako zita elektoralen kate amaigabearen katebegi bat gehiago askorentzat, nekea eta asperdura sortzen duen dinamika elektorala. Espainian gertatzen denaren zain, 2016ak hauteskunde ziklo bat itxi eta hauteskunderik gabeko denbora tarte bat irekiko du.
Ikasturte amaierak zapore garratza utzi zuen. EH Bilduk ez zuen lortu beheranzko joera apurtzea, nahiz, asko errepikatu denez, beste giro bat sumatzen hasia zen. Aldaketak eta egokitzapenak behar besteko sakontasunez egiteko denbora falta izango zen faktoreetako bat. EAEko hauteskundeen aurrerapena ezagutu genuen gero, mesederik ez ezkerreko independentismoarentzat azken kolpetik behar bezala errekuperatu eta erronka berriari taxuz erantzuteko.
Uda sasoiak harrapatu gintuen segidan, eta esango nuke datorkigun udazken trumoitsuaren gaineko kezka nabarmena izan dela askoren buruetan opor egunotan. Alta, haize ufada freskoak iritsi dira uda beteko beroan, ilusio eta autokonfiantza printza batzuk nekea eta asperdura gainetik astintzeko. Pertsona desberdinek EH Bilduren hautagaitza osatzeko eman duten pausuak asko poztu nau ni bederen. Konpromiso politikoa merke kotizatzen den garaiotan motxila pisutsua bizkargaineratzeko herrikide fin ausartak ditugula adierazten duelako batetik. Prozesuak, etorkizun hurbilean, lider kualifikatu berriak irabazi dituelako bestetik. Pertsona anitzen inkorporazioak EH Bilduk behar-beharrezkoa duen eraldaketa azkartuko duelakoan nago gainera. Eta noski, hauteskundeei aurre egiteko hautagaitza sendoa osatu dela ere uste dut.
«Hauteskunde batzuk baino ez dira, lau urtean behin errepikatzen direnak», pentsa liteke nekea eta asperdura gailentzen direlarik. Bai, baina ez. Asko baitago jokoan. Ondo bidean prozesuaren katalizatzaile izan daitezkeelako, Euskal Herriaren zati honetan prozesu subiranistari forma eta abiada emateko ateak ireki ditzaketelako. Uste dut, orain 40 urte bezala, ezkerreko independentismoa diagnosian zorrotz asmatzen ari dela, eta azken hilabeteetako gertakariek bere posizio politikoa indartzen dutela, arerioenak ahultzen dituzten neurri berean. Egia da horrek ez duela zertan hauteskundeetako emaitzetan korrelazio zuzena izan, aldagai asko sartzen baitira jokoan eta hauteskunde makineria ondo engrasatu batek hutsune politiko funtsezkoak disimula ditzakeelako.
EAJk berriki iragarri duen estatus politikoa hurrengo legegintzaldian berrikusteko nahiak sinesgarritasun gutxi du azken lau urteotako paralisi intentzionatua ezagutu ondoren. Proposamen berritzailea omen dakar EAJk datorren legegintzaldirako. Ongi etorria izango da. Besteak beste agortu delako anbiguotasunerako tartea. Baldin eta herri honen etorkizunaz kezkatuta ez bageunde, Urkullu eta bere ideario alaia –XXI. mendeko independentismoaz esan berri duenaz ari naiz– sare sozialetan umorea eta sorkuntza sustatzeko artefaktu bikainak lirateke. Baina ez, ez du graziarik, herri honen pultsua geroz eta apalagoa baita hainbat aspektutan eta autogobernuaren erasana etengabea izan baita azken lau urteotan.
Espainia alda daitekeen esperantza puztu eta ondo saltzen jakin dutenak errealitatearen zama nozitzen hasiak dira. Espainia ez da demokratizatuko. Aitzitik, gehiago desdemokratizatuko da datozen urteetan, eta sistema politiko bipartidistak sendotasun nahikoa erakutsi du enbata berriei eusteko. Eta azkenik, nazionalismo espainiar ez-demokratikoak lehengo lepotik burua. Arnaldo Otegiren inhabilitazioa nork lehenago eskatuko, horixe herri honentzat duten eskaintza politiko bakarra.
Beste hauteskunde batzuk, bai. Eta herri burujabetza eta erabakitze eskubidea eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko aukera ere bai. Eta herri prozesu subiranista baten zimenduak jartzen hasteko, eta kanpaina herritar indartsu, koloretsu eta alaia egiteko; eta inhabilitazio saiakeren aurrean herri erantzun tinkoa antolatzeko, eta herritarrei gure proiektuaren bertuteak azaltzeko, eta lidertza berriak martxan jartzeko... eta irri egin eta herri izateko aukera, ere bai! •

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

1936ko abuztuan, atzerriko ehunka boluntario iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera
