Gaizka Amondarain
Irakaslea

Gertatzen ari da

Konturatu garenerako, espainiar erreinuko gobernu ezak eragin ditu bere lehen biktimak. Aramis Fuster dugu alde batetik, etxerik gabe kale-gorrian geratu den Telecincoko pitonisa mitikoa. Pantailetatik baztertu zutenetik maldan behera bueltaka hasi eta orain, bururik altxa ezinda omen dabil etorkizun-iragarlea. Gorka Maneiro da bestea, Riveraren alderdiak sortutako uriolek aurretik eraman duten etorkizun oparoko euskal politikaria. Azken zurrumurruen arabera, Alfonso Alonsoren saltxitxautoan gildak prestatzen ari dena. Jakinda, bagenekienez, gure Alonso maitea beti izan dela arrautzak jatearen aldekoagoa.

Ebroz beherakoak, izan ere, ez dauka izenik. Bestelako patxadan gaude pasiorik gabeko gure nazio foral honetan, egia esan. Aura jainkotiarreko monagilloaren gidaritzapean, haritz ezkurrez egindako ogi bat urik edan gabe digeritzea baino luzeagoa den amaiera zehatzik gabeko asperduran. Azken laurtekoa Urkullurekin horixe izan baita: egonkortasun erabatekoa. Eta hori, ezerezetik ogiak sortzeko gai den okinaren isileko lanari zor diogu. Eskuak irinez baino zikintzen ez dituen eta bere emozioak txistua joaz kontrolatzeko gai den lehendakari inplikatuari.

Gero dago sozialistei munduko hiritar izateko ohorea lapurtzeko lehian, arerio politikoz okertu den (edo ez) Pablo Iglesiasen Euskadiko kabinetea. Erkidegoko panorama politikoa iraultzera datorren haize berria, lasterketa hasi aurretik pintxatu duen maillot moredun txirrindulariaren itxura harturik. Han dena aldatzeko jaio eta hemen zerbait aldatzea konplikatuko diguna. Eta ez diot txarrera ere, baina Podemosek zerbait lortu badu momentuz, Kataluniako eta Euskal Herriko prozesu independentisten aurrean Madriletik zuzendutako galga bihurtzea izan da. Gauzak argi adieraztearren: Espainia desegin ez dadin Estatuari ezin hobeto datorkion dikea baino ez da, orain eta hemen.

Gure herri hau, azken batean, uste duguna baino sinpleagoa da. Geuk konplikatzen ditugu geure buruak sarritan. Futurologia ariketa erraz bat egingo bagenu, ematen du hurrengo hauteskundeetan ere, PNV ez dela gehiegi jaitsiko. Ikusteko dagoena da zenbat jaten duen alderdi unionistetatik. Anasagastik berak aitortu zuen aurreko astean egindako elkarrizketa batean: orain hemen baskoagoak direla lehenago espainol bakarrik sentitzen zirenak –gure telebista publikoak zeregin horretan izan duen eta duen garrantzia gehituko nioke baieztapenari akaso–. Ahaztu zitzaiona da, baskoagoak hemen denok garela orain, ez haiek bakarrik. Eta Madriletik guri buruz diseinatutako irudiaren neurrira egindako mozorroa jantzita eramatera ohitu garela, ia ohartzeko astirik gabe.

Baskoagoak gara denok orain, bai. Betiko astakilo zintzo, langile eta hitzeko izaten jarraitzen dugu finean. 78ko txiringitoari eusteko Madrilek ezinbesteko duen Ajuria Eneko lorazain leiala. Jeltzaleek ez dutelako inoiz hutsik egin horretan. Hor egon dira beti, eskuak irinetan zikintzeko prest, gauden tokira ekarri gaituen egonkortasunaren alde akordioetara iristeagatik. Asuntoa azken 40 urteotan nork bere txiringitoari eustea izan baita. Trukean, beti, negozioren bat ateratzea. Zer uste zenuten ba? Horregatik dauzkagu dauzkagun errepideak, museoak, trenak eta azpiegiturak. Horren kontura batzuk poltsak ondo bete dituztela? Ongizatearen izenean, onartzeko prest gauden bekatutxo txikiak baino ez dira horiek. Inora ez doazen gauzak, Jaunaren erreinuan.

Hauteskundeen ondorenean paradisurik edukiko ez dugula jakinda ere, hondoratzen ari den itsasontzian jarraitzearen edo, beste batzuen antzera, geure bidea egiten hastearen artean aukeratzeko ordua ailegatu zaigu. Ikasturte hasierarekin batera, ilusioa berreskuratzeko arrazoiren bat izan dezagun sikiera. Gero berandu izango baita damutzeko. •